Iruñeko Udalak 100.000 euroko dirulaguntza eman dio ANFAS Desgaitasun Intelektuala edo Garapenekoa duten Pertsonen eta Horien Senideen aldeko Nafarroako elkarteari, pertsona horiei zuzendutako eta egokitutako hainbat jarduera eta programa eskaintzeko. Enrique Maya alkateak eta Javier Goldáraz gizarte-entitateko lehendakariak gaur goizean hitzarmena berretsi dute Udaletxeko Harrera Aretoan.
Lankidetza-hitzarmen hori sinatzeari esker, Iruñeko Udalak 2021ean ANFASek hiriko hainbat lokal eta egoitzatan egiten dituen programak finantzatzen lagundu du, eta horrela, herritarrei zerbitzu horiek baldintza egokietan eta etxetik gertu eskuratzeko aukera ematen zaie. Lehen partida gehienez 70.000 eurokoa izan da, eta Udalak gizarte-entitateak dituen lokaletako funtzionamendu-gastu arruntetan laguntzen du, alokairuak, argi- eta ur-kontsumoak, garbiketa eta mantentze-lanak ordaintzeko. Lankidetza horren bidez, entitatearen zama ekonomikoa arintzen da, haren defizita murrizten laguntzeko, eta horrela Udalak Iruñeko herritarrei zerbitzuak ematen jarraitzea bermatzen da.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak ere bere gain hartzen ditu ANFASek gizarte egoera zaurgarrian dauden Iruñeko herritar eta familiei ezartzen zaizkion kuoten murrizpena eta/edo salbuespena. Gehienez ere 30.000 eurorekin, lankidetza honen bidez gizarte-entitatearen zama ekonomikoa arintzen da, haren defizita murrizten lagunduz. Lankidetza honek osatzen ditu Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorretik zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak laguntzeko egiten diren ekintzak.
Iruñeko ia 500 erabiltzailek urtero parte hartzen duten jarduerak
Iruñeak ANFAS Nafarroarendako duen garrantzia haren bazkide kopuruan islatzen da; horietatik, ia % 30 hiriburuan bizi dira. Urtean zehar, desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten Iruñeko ia bostehun bizilagunek, eta haien familiek, gizarte-entitateak antolatutako jardueren batean parte hartzen dute. Adibidez, aisialdiaren eta kulturaren, informatikaren eta igeriketaren inguruko ikastaroetan; zahartze aktiboari eta gaitasun akademikoari, sozialari eta komunikaziokoari buruzko lantegietan. Halaber, hainbat saio ematen dira, non autokudeaketari, eguneroko bizitzarako gaitasunei, bizitza independenterako laguntzari edo psikomotrizitateari buruzko jarraibide zehatzak ematen baitituzte. Horri guztiari gehitu behar zaizkio udan egiten diren beste jarduera batzuk eta zeharkako programak, hala nola ‘familien arnasaldia’, ‘oporrak’ eta ‘3-6 laguntza goiztiarra’.
ANFAS desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonen aldeko Nafarroako elkartea da, eta populazioaren sektore horren kalitatea hobetzen lan egiten du, horien eskubideak ere defendatuz. 1961ean eratu zen, eta Onura Publikokoa deklaratu zuten 1970eko abenduaren 31n. 1999an Nafarroako Gobernuak Nafarroako Urrezko Domina eman zion bere ibilbideagatik. Gizarte-entitate hau bultzatzen duen xedea da ”konpromiso etikotik abiatuta, beharrezkoak diren laguntzak eta zerbitzuak bermatzen laguntzea, eskubideak gauzatzearen eta gizarteratzearen testuinguruan, desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duen pertsona bakoitzak eta horien familiek beren bizitza-proiektu pertsonalak garatu ditzaten eta bizi-kalitatea hobetu dezaten herritar gisa bidezkoagoa eta solidarioagoa den Nafarroan”.