Iruñeko Udala udaberri-udako parterreak landatzen hasi da

Iruñeko Udala udaberri-udako parterreak landatzen hasi da
Izurriteen aurka konposatu naturalak erabiltzeko sisteman burdin-fosfatoa erabiltzen ari da barraskilo eta bareei aurre egiteko
Parterres

 

Aste honetan hasi dira landatzen Iruñean parterreetarako udaberri-uda sasoiko 36.900 lore-landare ale. Berdeguneen Zerbitzua lanean hasi da espazio publikoan landare loredunak eta lorerik gabeak dituzten 70 bat parterretan. Urtaro horretatik aurrera ez da landatuko San Nikolas portalearekin bat egin eta 200 bat landare behar izaten dituen parterrean, Basotxo kaletik Taconerarako sarbidean (obrengatik kendu da), eta Sabicasen omenezko eskultura monumentalak ordezkatu du Zaragozako etorbideko Iruñeko sarrerako biribilgunean zegoen parterrea, biribilgunearen barrualdeko konfigurazioa aldatu egin baita.

Udazken-neguan 48.000 ale landatu ohi dira, baina udan beti ale kopurua murrizten da; izan ere, sasoi horretako landareak gehiago hazten dira eta, beraz, haien artean tarte handiagoa utzi behar da. Ohikoa denez, espazio publikoan dauden parterreen 2.500 m2-etan konposizio koloretsuak sustatu dira, hiritarren egunerokotasuneko elementu apaingarriak baitira, "irla berde" txiki gisa eta hiri-espazioaren antolamendu-elementu gisa funtzionatzeaz gain. Azken horrek, hain zuzen, garrantzi handia dauka haien konfigurazioan, serie laburrak edo luzeak aukeratzen direlako parterrea oinezkoendako den edo ibilgailuendako eremuan dagoen kontuan hartuta.

Landare kopuruari dagokionez, sasoi honetan nabarmentzen dira begonia klasikoak, sunpatiensak (eguzkia jasaten duten alegriak), petuniak, daliak eta tageteak. Ohikoa denez, landaketa berrian lore-landareak, sukaldaritzakoak, usaintsuak eta bizikorrak uztartzen dira, eta, aurten, sistematikoki parterreetara konpost berria bota ordez Bactériosol izeneko produktu ekologiko batekin esperimentatuko da, konprimitu itxurako (pellet) kontzentrazio organiko batez osatua, lurzoruaren gordailu naturala aberasten duena, bere ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak hobetuz, efektu kutsatzaileak murrizteaz gain. Hiriko parke historikoetan, hala nola Taconeran eta Media Lunan, parterreetako lorezaintza-diseinuak sinplifikatu egiten dira, lerro serioagoekin eta oso ertz definituekin, egitura zurruna dela-eta.

Udalak, biodibertsitate- eta jasangarritasun-irizpideak bultzatuz, elementu horiek mantentzeko ura ahalik eta gutxien erabiltzea bilatzen du, eta aspertsoreen edo difusoreen bidez ureztatzen da, parterreak berdeguneekiko sektorizatuz, ahal den guztietan. Berdeguneen Zerbitzuak sintesi kimikoko produktu fitosanitarioak (‘Fito 0’) ez erabiltzeko duen politikaren barruan, une honetan ziurtagiri ekologikoa duen burdin-fosfatoaren aldeko apustua egin da bareei eta barraskiloei aurre egiteko, horiek baitira sasoi honetan hiriko loreak gehien higatzen dituzten animaliak. Konposatu horrek animaliak gosea izatea galarazten du eta, ondorioz, beren elikadura-beharrek landareei eragiten dieten kaltea minimizatzen du.

Aurten landareen horniduraz (bi landaketa) arduratzen den enpresa Adaxka SL da, eta 2022an 53.173 euroan egin du. Berdegune Zerbitzuak, normalean, Miluzeko mintegian aurreko sasoiko landareetako batzuk berreskuratu eta mantentzen ditu hurrengo kanpainetan erabiltzeko eta berriz ere erosi behar ez izateko, parterre berriak sortzeko edo landareak ugaltzen saiatzeko, baldin eta hori eragozten duen legezko erregistrorik ez badute eta merkatuan lortzea zaila bada, eta kasu batzuetan, garestiak direlako eta/edo garapen motela dutelako.

¿Te ha sido útil esta página?