Iruñeko Udala lanean ari da hainbat urtetarako laguntza-deialdi batean hiriko uholde-eremuetako eraikinak uholde berrien aurrean egokitzeko, modu horretan urak eragindako kalteak ekidin edo arindu ahal izateko. Aurrekontua, guztira, oraindik zehaztu gabe dago eta bizilagunen komunitateetan hautemandako beharren eta dagokion aurrekontu-akordioaren araberakoa izanen da, baina aurreko deialdien aurrekontua gaindituko luke. Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur, Udala etorkizuneko uholdeen aurrean lantzen ari den jarduketen berri emateko.
Laguntza-deialdi horri dagokionez, aste hauetan, Herri Segurtasuneko eta Proiektu Estrategikoetako Alorretako teknikariak bilerak egiten ari dira abenduaren 10eko uholdeek kaltetutako eremuetako finka administratzaileekin. Helburua da aztertzea zein ondorio arintzen ahalko ziren hainbat ekintzaren bidez, hala nola, motoponpak jartzea, sotoak iragazgaiztea eta instalazio elektrikoak eta igogailu-zuloak babestea, eraikinen sotoetan dauden beste hainbat elementuren artean. Behar horien arabera, deialdia idatziko da eta aurreikusten da 2009an eta 2014an deitu zirenen antzekoa izatea, 200.000 eta 100.000 euroz hornituta egon zirenak, hurrenez hurren.
Dirulaguntza horiek Iruñeko ibai-inguruneak hobetzea helburu duen asmo handiagoko lan-plan baren barruan kokatuko dira. Horretarako, lantalde bat eratu da, Alkatetza Kabineteak eta Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuno, Proiektu Estrategikoo, Mugikortasun, Jasangarritasun eta Hiri Kontserbazioko Alorrek osatua, lau jarduketa-ildo ezberdin aztertzeko, denak Arga ibaiaren ertzeko uholdeen eraginak arintzera bideratuak. Zentzu horretan, uholdeetako jarduketa-protokoloa berrikusiko da, behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko hala prebenitzeko eta kaltetutako bizilagunei abisatzeko lanetan nola sarbide kontrolari eta uren zaintzari dagokionean.
Bi proiektu, 8 milioi
Halaber, Iruñeko Udalak bi proposamen sustatu nahi ditu ibaiaren ibilguetan eta ertzeetan eragin zuzena izanen dutenak eta zortzi milioi eurotik gorako inbertsioa beharko luketenak.
Horietako batek, Iruñeko Mankomunitatearekin elkarlanean garatutakoa, Argako ibilguan eta eremuko kolektoreetan eginen den esku-hartzera lau milioi euro bideratzea aurreikusten du. Une hauetan, dagoeneko topografia-lanak enkargatu dira, abenduko uholdeak nola jokatu zuen sakon aztertzeko. Halaber, Arantzadiko, Arrotxapeko eta Sanduzelaiko meandroetan Arga ibaiaren inguruan dauden kolektoreen egoera eta haien erregistroen ikuskapena eta berrikusketa abiatu da.
Kolektoreak indartzeko neurri horiek eta uholde handien egoeretarako beste neurri batzuk Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak irekitako laguntza-deialdira aurkeztuko dira, aparteko finantzaketa lortzeko xedez.
RUNA 2025
Plan horren laugarren jarduketa-ildoak barne hartzen du ibai-inguruneak hobetzea 2025eko Iruñeko Hiri-Birnaturalizatze proiektuaren (RUNA 2025) bidez, zeina Udalak datozen lau urteetan garatu nahi baitu, 4.209.963 euroan. RUNA 2025 proiektuaren xedea Europako finantzazioa lortzea da Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak plazaratutako Biodiversidad Fundazioaren 2021eko hirien birnaturalizatze eta erresilientziarako laguntzen bidez. Udalak urtarrilaren 3an aurkeztu zuen hautagaitza eta azkenean hautatutako proiektuetako bat izan den jakin arte itxaron beharko da.
Proiektuaren helburua da hiriko azpiegitura berde eta urdinen sarea osatzea ibaiak (ez bakarrik Arga ibaia, baita Sadar eta Elortz ibaiak ere) egitura-ardatz orokor gisa hartuta. Estrategia Bulegoak azpimarratzen duen bezala, ibai-inguruneak eta parke berdeak hiriaren barruan integratzea da helburua, haien balio naturala indartuz, dauden inpaktuak zuzenduz eta haien funtzionamendu hidraulikoa hobetuz. Horrek guztiak ingurune naturalarekin konprometitutako hiri erresiliente baten oinarriak finkatzeko balioko du, Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategiaren helburua dena.
RUNA 2025 proiektuak hainbat jarduketa barne hartzen ditu, adibidez, ibai-igarobidea handitzea Belosobeitin eta Landabengo indrustrialdean urpean gera daitekeen eremu bat berreskuratzea, gune industrial horren zaugarritasuna murrizte aldera. Gainera, honako hauek barne hartzen ditu: Caparrosoren errotako presa txikietan arrainen eskala errazteko neurriak, San Pedroko presa txikiaren eta Santa Engraziako presa txikiaren arteko ezkerreko ertzaren ezegonkortasuna eta higadura kontrolatzeko neurriak eta Arga ibaiaren uholdeen aurrean Arrotxapearen erresilientzia handiagoa lortzeko korridore naturala handitzeko azterlan bat.
Proiektuak, halaber, barne hartzen ditu Sanduzelaiko etorbidean uholdeen kontrola hobetzeko ekintzak, landare inbaditzaileak errotik desagertzekoak, ura garbitzeko eta haren kalitatea hobetzeko neurriak eta lurraren iragazkortasuna hobetzeko hiri-drainatze jasangarriko estrategia bat zehaztea.
Jarduketak Sadar ibaiaren inguruetara ere hedatuko dira. Bertan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoretzako berdegunea sartzea aurreikusten da, oinezkoentzako bide bat sortuz eta Nafarroako Unibertsitateko campusa ardatz egituratzaile handi batean integratuz. Elortz ibaiari dagokionez, Sadar ibaiak urak Elortzen isurtzen dituen lekuan uholde-eremuko ibai-erreserba bat egitea planteatzen da, eta ibilguan dauden presa txikiak eta egituren hondakinak kentzea.
RUNA 2025 proiektua Espainiako beste hainbat hirik aurkeztutako beste 98 proposamenekin lehiatuko da Ministerioaren birnaturalizatze eta erresilientziarako laguntza-deialdian. Jarduketa horietarako gaitutako aurrekontua 75 milioi eurokoa da eta nahiz eta aurkeztutako 99 ekimenek 346 milioi euro jotzen duten Ministerioak kalkulatzen du proiektuen % 20 baino ezinen dituela lagundu. Aurreikusita dago ekainean izanen dela laguntzen ebazpena eta orduan jakinen da zeintzuk diren aukeratutako proiektuak.