Iruñeko Udaleko ingurumen-hezkuntzako lantaldeak, ikasturtean zehar, jarduera batzuk egitea proposatzen die Iruñeko ikastetxeei, gazteak jasangarritasunaren inguruko balioetan hezteko. Horretarako, lantegiak eta aire zabaleko jarduerak antolatzen dituzte Ingurumen Hezkuntzako Museoan bertan, edo materialak uzten dizkiete ikastetxeei, edukiak ikasgelan bertan gara ditzaten. Pandemiaren eraginez, ikasturte honetan jarduera batzuk berriz diseinatu behar izan dira, eta horri esker, are gehiago balioetsi ahal izan dira hirian bertan, ikastetxeetatik oso gertu, dauden naturguneak eta berdeguneak.
Ingurumen-hezkuntzako lantaldeak ikastetxeei eskaintzen dizkien jardueren helburu nagusia ikasleek beren ingurunearekin izan ohi duten harreman estuaz jabetzea da, ez besterik. Eta hori agerian geratzen da bai planeta osoan gero eta eragin handiagoa duten ingurumen-arazoetan, bai egunez egunekoan bizitzeko funtsezko premiak (airea, ura edo elikagaiak) asetzeko orduan. Esperientzia eta hausnarketa batzuen bidez, betiere praktikan oinarrituta, parte-hartzaile bakoitzaren espiritu kritikoa sustatu nahi da txiki-txikitatik, erabakiak hartzeko orduan oinarri sendoagoa eduki dezaten.
Aurten ere, pandemiaren ondoriozko murrizketak gorabehera, prestakuntza-proposamenok harrera ezin hobea izan dute hiriko ikastetxeetan, eta eskainitako plaza guztiak bete izan dira. Jarduerak Nafarroako edozein ikastetxetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako etapetara zuzenduta daude, eta urritik maiatzera bitartean egiten dira. Programa eta jarduera bakoitzaren xehetasunak eta ingurumen-hezkuntzako lantaldearekin harremanetan jartzeko bideak educacionambiental.pamplona.es webgunean topa daitezke. Ikastetxeek irailetik aurrera eman dezakete izena ikasturte bakoitzerako antolatutako jardueretan, ikasturtea hastearekin batera.
Ikastetxeekin jarduera horiek abian jartzeak Iruñeko Udalaren 'Go Green Iruñea' helburuei erantzuten die. Estrategia horrek hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduera guztiak biltzen ditu, eta datozen urteetarako jarduera-ildo berriak zehazten ditu, horiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz.
Era askotako proposamenak, ikastetxe bakoitzak gehien komeni zaion formatua hauta dezan
"Jasangarritasuna lantzen elkarrekin" jarduera-programarekin, Udaleko ingurumen-hezkuntzako lantaldeak inguruko errealitatera hurbildu nahi ditu ikasleak, ahalik eta bizipen handieneko esperientziak erabiliz. Horrek haien gozamena, ezagutza, balioespena eta begirune zein arreta handiagoko harremana sustatuko ditu. Programak, alde batetik, gidatutako jarduerak eskaintzen ditu, Ingurumen Hezkuntzako Museoan eta haren kanpoaldean egin beharrekoak. Prestakuntza-proposamenean parte hartuko duten ikasleak goiz batean bertara joan eta ingurumen-hezkuntzako teknikari baten gidaritzapean zenbait jarduera eta erronka egin eta beteko dituzte. Bestalde, 'Natura sentitzea' programak jarduerak egiteko aukera ematen die ikastetxeei, gertuen dagoen parke edo berdegunetik harago joan beharrik gabe. Bertan jasoko dute prestakuntza praktikoa, hautatutako inguruneari egokitutako jardunaldi batean.
Iruñeko Udaleko ingurumen-hezkuntzako lantaldeak beste zenbait aukera eskaintzen dizkie ikastetxeei, hala nola etxetik edo ikastetxetik egin beharreko onlineko jarduerak eta "maleta ibiltariak", non zenbait material didaktiko maileguan uzten zaizkien ikasgelan bertan lantzeko. Era berean, abian jarri da Ecozine zinema-jaialdiaren gazteen atalari lotutako proposamen bat, izan ere, Iruñeak aktiboki hartzen du parte jaialdian.
Prestakuntza-etapa bakoitzerako, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara, berariaz diseinatutako jarduerak
Jarduerak diseinatzerakoan, Iruñeko Udaleko ingurumen-hezkuntzako lantaldeak badaki errealitatea lehen eskutik ezagutzea eta bizitzea dela ikasleen artean kontzientzia sortzeko modurik onena, haien parte-hartzea eta ekinbidea errazteko. Horregatik, jarduera bakoitzean lantzen diren gaiak askotarikoak dira, gizarte- eta ingurumen-errealitatearen isla.
Etapa goiztiarrenean, hau da, haur-hezkuntzan, naturaren pertzepzioa zentzumenen bidez lantzen da haurrekin; horretarako hurbil ditugun kontaktuak eta erreferentziak erabiltzen dira, hiriko ibaiak eta parkeak kasu. Haurrekin lantzen den beste errealitate bat, funtsezkoa haurtzarotik ohitura jasangarriak sortzeko, hondakinen inguruko egungo problematika da. Lehen Hezkuntzan, natura-baliabideetan eta horiek ekosistemaren zerbitzu gisa duten garrantzian sakontzen da, horretarako zenbait elementu erabiliz, hala nola biodibertsitatea edo uraren zikloa. Horrez gain, haien bidez arazo globalak, klima-aldaketa edo kutsadura, esaterako, didaktikoki landu eta aztertzen dira. Prestakuntza horren osagarri dira ingurumenari eta jasangarritasunari eragiten dioten eguneroko gaiak, hala nola elikadura osasungarria, zarata, energia edo hondakinen murrizketa. Azkenik, Bigarren Hezkuntzan, klima-aldaketan eta horrek pertsona bakoitzaren egunerokotasunarekin duen kausazko harremanean sakontzen jarraitzen da, kontzeptu batzuk erabiliz, esaterako, aztarna ekologikoa eta alternatibak gehiegizko kontsumoari, eta hori guztia adibide zehatzak jarrita egiten da, hala nola elikadura edo arropa.