Iruñeko Udala hiri osoa aparkatze mugatuko eremua bihurtzeko aukera aztertzen ari da

Iruñeko Udala hiri osoa aparkatze mugatuko eremua bihurtzeko aukera aztertzen ari da
Bide Segurtasuneko Planaren aurreikuspenekin bat, 400 oinezko-pasabidetan esku hartuko dute aurten, ikusgaitasuna hobetzeko, Arrotxapean, Iturraman eta II. Zabalgunean
ZONA AZUl

 

Iruñeko Udala eremu urdina izenez ezagutzen den aparkatze mugatuko eremua hiri osora zabaltzea aztertzen ari da. Neurriaren xedea da Iruñeko auzoetan muga-eragina saihestea. Horrela iragarri du Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, Patxi Fernández Alorreko zuzendariarekin eta Javier Goya Udaltzainburuarekin 2020-2022 aldirako Bide Segurtasuneko plana aurkezteko eman duen prentsaurrekoan.
 

Gaur egun, eta Arrotxapea eremuan sartu berri dela, hiriko 17 auzotik 9tan dago ezarrita aparkatze mugatuko eremua: Alde Zaharrean, I. eta II. Zabalguneetan, Azpilagañan, Milagrosan, Iturraman, Ermitagaña-Mendebaldean, Donibanen eta Arrotxapean. Horietan ez ezik, RENFEko geltoki inguruan, Ospitalegunean eta Ipar Etxabakoitzen ere bada aparkatze mugatuko eremua. Mugikortasun Batzordeari Arrotxapeko aparkatze araututako eremuko lehen hiru egunetako datuei buruzko informazioa eman ostean, jakinarazi dute Udala ikerketa bat egiten ari dela aparkatze arautua hiri osora hedatzeko aukera aztertzeko.
 

Neurri horrekin batera disuasio-aparkalekuak handitu eta egun martxan daudenetako segurtasun baldintzak hobetu beharko lirateke, Udalak datozen hiru urteetarako (2020-2022) onartu duen eta Mugikortasun Batzordeari gaur aurkeztu dion Bide Segurtasuneko Planean jasotzen den moduan. Zehazki, disuasio-aparkaleku berriak aurreikusi ditu hainbat aldetan, hala nola, Etxabakoitzen, Milagrosa-Azpilagañan, Mendillorri-Lezkairun, Iruñera PA-33tik datozenentzat eta Buztintxuri-Arrotxapea aldean A-15etik datozenentzat.
 

Dagoeneko badauden disuasio-aparkalekuetan –Mendebaldekoan, Azpilagañakoan, Milagrosakoan eta Trinitariosekoan–, argiteria publikoa eta kamerak ezartzea aurreikusten du planak, leku horietako segurtasuna hobetzeko. Gainera aparkaleku horien erabilera kontrolatzea proposatzen da eremu horietan modu jarraituan aparkatuta dauden ibilgailuentzat ordainketa sistema bat ezartzeko. Ildo horretan, doakoak izaten jarraituko dute egunez disuasio-aparkaleku gisa erabiltzen dituzten erabiltzaileentzat, baina gaua bertan ematen duten ibilgailuek kuota bat ordaindu beharko dute. Kuota hori euro batekoa izan liteke bigarren egunean eta handitzen joan egunek aurrera egin ahala.
 

Oinezkoendako pasabideak, oztoporik gabekoak eta argiztatuak

Proposamen horiez gain, Bide Segurtasuneko plan berriak ehun bat neurri jasotzen ditu Iruñeko kaleetan istripuak murriztera bideraturik. Heziketarako, informazioa emateko, antolakuntzako eta zirkulazioa kontrolatzeko jarduketak dira. Baina, horrez gainera, arreta berezia ematen die bide-azpiegiturei loturiko hainbat jarduketari. Horien artean garrantzi berezia hartzen dute oinezkoendako pasabideak eta espaloiak hobetzeko jarduketek. Ez alferrik, plan berriak datozen hiru urteetan mila pasabide berritzea aurreikusten du, horiek mugikortasuneko ordenantza berrira egokitzeko eta haien ikuspen-baldintzak hobetzeko. 2020an oinezkoendako 400 pasabide eraberritzea aurreikusten da Iturraman, Zabalgunean eta Arrotxapean, pasabideetan oztoporik gabeko 5 metroko segurtasun-tarte bat sortzeko, gidariek oinezkoak trabarik gabe ikus ditzaten. Neurri horrek 400.000 euroko kostua izanen luke lehen urte honetan. Baina, ez da bakarra izanen.
 

Planak 50 km/h-ko abiadurako bideetako oinezkoendako pasabide guztiak argiztatuko ditu eta semaforoak jarriko ditu harrapaketa-arriskua ahalik eta gehien murrizteko xedez. Udaltzaingoak eginiko txosten batean argiztatu gabeko 65 pasabide identifikatu dituzte 50 km/h-ko abiadurako bideetan. Horregatik, horietara bideratuko da lehen ahalegina. 2020an 35 pasabide argiztatzea aurreikusi da eta semaforoak 9 pasabidetan jartzea. Baina behar besteko argiztapena eduki ez eta 30km/h-ko abiadurako kaleetan dauden pasabideetan ere hobetuko da argiztapena. Semaforoak instalatzerakoan honako toki hauei emanen zaie lehentasuna: Sanduzelaiko etorbidea eta Orkoiengo errepidearen elkargunea; Sáenz de Oiza kalearen eta Artikako zalduaren eta María Viscareten arteko elkargunea; Santa Luzia kalea, Martínez de Ubago ondoan; Eguesibar kalean futbol-zelaiaren ondoan; Adela Bazo kalea; Katalunia, Pablo Antoñana eta Joan Paulo II.aren etorbideak eta Taxoare kalea, Jesulagunen parean.
 

Oinezkoendako segurtasuna bermatzeko beste jarduketa batzuen xedea lehendik dauden oinezkoendako pasabide batzuk hobetzea da, babeslekuak sortuz edo espaloiak aparkatzeko lekura arte aurreratuz adibidez, edota pasabide berriak eginez. Oraingoz, 2020. urtean lau egiteko beharra ikusi da: Sarrigurengo errepidean Arnalt Larrasoañakoaren parean; Sanduzelaiko etorbidean institutuaren ondoan; Antso Azkarraren etorbidean, Erregistro Zibilaren parean eta Urdazubiko Monasterioaren eta La Olivako Monasterioaren kaleen elkargunean. Guztiak oinezkoen ohiko ibilbideak kontuan hartuta eta hiriko irizpide orokorrarekin bat eginen dira, hots, elkarren segidako oinezkoendako bi pasabideren arteko gehieneko distantzia 100 metro baino gehiagokoa ez dela ziurtatuta.
 

Udalak oinezkoendako pasabide ‘adimentsuak’ sortzeko proba pilotu bat ere abiarazi nahi du, automatikoki argizta daitezen oinezko bat bidea gurutzatzen hasten den une berean. Kasu honetan argiztapena bikoitza izanen da. Alde batetik argi-sorta konbentzional bat piztuko da, eta bestetik, lurrean led argizko lerro bat aktibatuko da autoak gelditzeko marrarekin paraleloan, gidaria oinezkoaren presentziaz ohartarazteko.
 

Radar gehiago eta abiadura adierazteko gailuak

Planak, oinezkoen segurtasuna bermatzeaz gain, xede du gidariak hirian kontuz eta modu seguruan gidatzeko beharraz kontzientziatzea. Oinezkoengandik hurbil dauden eremuetan abiadura moteltzea bermatzeko, hainbat konkor instalatuko dira hiri osoan barna. Zehazki, aurreikuspenen arabera, 192 kuxin berlindar instalatuko dituzte hurrengo hiru urteetan (64 urte bakoitzean), abiadura moteltzeko 90 barra (30, 2020an), eta oinezkoen 42 pasabide moldatuko dituzte “mando-bizkar” erako abiadura-murriztaileen bidez (goraguneak asfaltoan) babesteko.
 

Halaber, hurrengo hiru urteetan zehar Udalak aurreikusita dauka hiru radar-kabina erostea, hiriko kaleetan instalatu eta ibilgailuen abiadura kontrolatze aldera. Aurreikuspenen arabera, 2020an honako leku hauetan instalatuko dituzte ekipamendu berriak: Sarrigurengo errepidean; Aróstegui etorbidean –Urdánoz multzoaren parean– trenbidearen gaineko zubia baino lehen; Nafarroako etorbidean, Eneko Aritzaren biribilgunearen eta Abejeraskoaren artean, eta Sanduzelaiko etorbidean, Landabengo industrialderako sarbidean. Horrez gain, gune horietan abiadura neurtzeko gailu digitalak instalatuko dituzte, gidariek benetan zenbateko abiaduran zirkulatzen duten jakin eta abiadura egokitu dezaten zati horretan araututako abiadura-mugara.
 

Halaber, seinaleztapen horizontala eta bertikala hobetu eta egokituko dituzte hiri osoan, eta zaharkituta dagoena kenduko, eta semaforo-multzoetan mantentze-lanak eginen dira etengabe. Gainera, Herritarren Segurtasuneko Alorrak bide-tarte eta bidegurutze arriskutsuenak zein istripu gehien dituztenak zaharberritzeko proiektuak eginen ditu, baita jarduketa zehatz bat behar duten eremuetarako proiektuak ere, horietan berariazko diseinuak eginen direlarik, konponketen zailtasun teknikoak direla-eta. Honako hauek dira, besteak beste, lehentasunezko jarduketa-eremuak: Irunlarrea kalearen eta Barañaingo etorbidearen arteko bidegurutzeko biribilgunea; Nafarroa etorbidea eta Barañaingo etorbidearen arteko bidegurutzea; Antso Azkarraren etorbidearen eta Barañaingo etorbidearen arteko bidegurutzeko biribilgunea, eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen eta Gaztelugibel kalearen arteko bidegurutzeko biribilgunea.
 

Ikastetxe segurua zigilua

Planak hamabost hezkuntza-jarduera barne hartzen ditu, xede dutenak herritarrak trebatzea zirkulazio-arauen inguruan. Jarduera gehienak ikastetxeetako eta unibertsitateetako ikasleei zuzenduta daude batez ere, baina ikastaroak emanen zaizkie, baita ere, bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik kondenatuta dauden pertsonei eta desgaitasunen bat dutenei,esate baterako.
 

Ildo horretan, Udaltzaingoak “Ikastetxe segurua” zigilua ezarriko du, ikastetxeak saritzeko asmoz, baldin eta Iruñeko Udalak bultzatutako bide-heziketako prestakuntza-programetan eta bide-segurtasuneko lehiaketetan parte hartzen badute, edo eskolarako bide seguruak eta joan-etorriak egiteko modu jasangarriak ezartzen badituzte, edo inguruan seinaleztapen egokia badute eta guraso-elkarteak engaiatzen badituzte. Era berean, “Enpresa segurua” zigilua sortuko dute, enpresak aintzat hartze aldera, baldin eta enpresako mugikortasun-plan bat badute, edo “in itinere” istripuak edukitzeko arriskuak murrizteko neurriak ezartzen badituzte, edo enpresaren jarduerak eragindako joan-etorriei aurre egiteko neurriak hartzen badituzte.
 

Eginen diren ekintzak dagokienean jakinaraziko dituzte Udaltzaingoak eta Herritarren Segurtasuneko Alorrak, horrela jarduketa horiek izan ditzaketen ondorioen berri emateko herritar guztiei. Ildo horretan, abiaduraren, alkoholaren eta drogen kontrol-kanpainak egiten jarraituko dute, bai eta gidatu bitartean arreta galtzea ekiditeko kanpainak eta agirien ingurukoak ere, automobil-gidariei ez ezik, txirrindulariei eta patinete elektrikoen gidariei ere zuzenduak.

Videos

¿Te ha sido útil esta página?