Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentua elkarlanean ariko dira etxerik gabeko pertsonentzako programa eta jarduketetan

Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentua elkarlanean ariko dira etxerik gabeko pertsonentzako programa eta jarduketetan
Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroan hartutako pertsonentzako ekintzak arautzeko
centro


Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroan garatu beharreko zenbait jarduera arautzeko. Esku-hartze programari eta zerbitzuaren kudeaketari lotutako alderdiak arautu dira, zentroak hartzen dituen pertsonen interesa ardatz harturik betiere. Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak sinatu dute hitzarmena, eta 2021eko abenduaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitarte gauzatutako jarduketetan izanen du eragina.

Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa Udalaren mendekoa da eta Trinitariosen dago. Urteko egun guztietan irekitzen da, eta gizarte-larrialdiko eta zaurgarritasun handiko egoeran dauden pertsona ibiltariei eta erroldatutako pertsonei honako hauek eskaintzen dizkie: mantenu-zerbitzuak (afaria eta gosaria), gaueko ostatua zentroan edo hotelean gau bat igarotzeko txartela, higiene pertsonala eta gizarte-arreta. Iruña, Tutera eta Altsasu dira horrelako zerbitzuak kudeatzen dituzten Nafarroako hiru toki-erakunde bakarrak.

Hitzarmen honen bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuak konpromisoa hartzen du Iruñeko Udaleko teknikariekin elkarlanean gauzatzeko zentroan hartzen diren pertsonentzako Esku-hartze Programaren diseinua eta garapena. Gainera, 73,91 euro emanen ditu 2021eko abendutik 2022ko azarora bitartean zerbitzua ematen zaion pertsona bakoitzeko, gehieneko muga 1.339 pertsona izanik. 

Iruñeko Udalak, bestalde, bere gain hartzen du zerbitzuaren alderdi guztien antolaketa eta kudeaketa, eta onuradunen interesaren arabera planteatuko ditu, behar diren antolaketa- eta metodologia-aukera guztiak baliatuz. Horiez gain, jarduera hori garatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jarriko ditu.

Era berean, Iruñeko Udalak, bere ordenantza arautzailearen esparruan, eskubideen bermea zabaldu die pertsona horiei, aterpetxean Nafarroako Gobernuak bere zerbitzu-zorroan arautzen dituenak baino gau gehiago igarotzeko aukera emanez, bai ibiltariei, bai erroldatutakoei. Era berean, bero-bolada eta hotz-boladako estaldurak zabaltzeko aukera aipatzen du espresuki, hain zaurgarria den kolektibo horri estaldura nahikoa emateko. 

Urte hauetan, % 80tik gora udalaren aurrekontutik finantzatu da baliabidea, eta gainerakoa erkidegoaren aurrekontutik. 

¿Te ha sido útil esta página?