
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatu dute Intro proiektua abian jartzeko, horren bidez zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileei lan-aurreko prestakuntza eta trebakuntza eskaintzeko. Hitzarmen horren bidez, Foru Gobernuak konpromisoa hartzen du 50.000 eurorekin finantzatzeko Udalak 2024an eginen dituen ekintzak, besteak beste, gaztelaniaren ezagutza hobetzekoak eta oinarrizko trebetasunak eskuratzekoak. Txema Mauleón Echeverria Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak sinatu du hitzarmena, Begoña Alfaro García Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariarekin batera.
Helburua da Iruñeko Udalaren ohiko prestakuntza eta enplegu baliabideetatik kanpo dauden atzerriko 50 pertsona inguru artatu ahal izatea, (urte-amaieran kopuru hori handiagoa izan baliteke ere). Proiektua lan-aurrekoa da, eta pertsona horiek bizi dituzten zaurgarritasun-egoerak eta gizarte-bazterketako egoerak gainditzea du helburu, kroniko bihur ez daitezen. Horretarako, gaitasun sozialak eta oinarrizko trebetasunak landuko dituzte. Hala, Udalak aurreikusitako ekintzen artean, gaztelera klaseak eta mintzapraktika taldeak, konpetentzia digitalak eta konpetentzia pertsonalak daude, baina baita oinarrizko ezagutzak eskuratuta eskaera handiko lanpostuetan enplegatzera bideratuago dauden beste lanpostu batzuk ere, hala nola, garbiketa edo sukaldaritza.
Horrekin guztiarekin, oinarriak ezarri nahi dira onuradunek gizarteratzeari gutxieneko arrakasta-bermeekin aurre egin ahal izan diezaioten. Hori dela eta, hartzaileen profilen arabera planteatzen diren beharretara egokituko dira ekintzak. Udaleko gizarte zerbitzuak arduratuko dira horiek hautatzeaz, zaurgarritasun edo gizarte-bazterketa egoeran egon, Iruñean bizi en eta gizarte zerbitzuen programen erabiltzaile diren 18 eta 64 urte bitarteko migratzaileen artean. Proiektu horretan parte hartu ahal izateko, erreferentziako profesionalaren egokitasun-agiria beharko dute, eta ibilbide pertsonalizatua egiteko konpromisoa. Lehentasuna emanen zaie arlo pertsonalean, osasunean edo prestakuntzan eta lan-esperientzian gabeziak dituztenei.
Orain sinatutako hitzarmenak, besteak beste, Ametsak kozinatzen programa finantzatzeko balioko du. Udalak apirilean jarri zuen martxan programa hori, eta 18 eta 35 urte bitarteko 20 gazte migratzailek parte hartu zuten. Bi hilabete eta erdiz garatu zen ekimen pilotu horri esker, profil espezifiko horretako ikasleek ostalaritzako eta garbiketa-lanetako prestakuntza-edukiak eskuratu ahal izan zituzten, bai eta lan-aurreko gaitasunak garatzeko beste eduki osagarri batzuk ere.
Intro proiektuaren aterki horren azpian egituratzen da, halaber, EISOLek urteko azken hiruhilekorako pertsona migratzaileendako antolatu duen prestakuntza-ikastaro berria. ‘Eraikin eta lokaletako oinarrizko garbiketa-lanak’ izeneko ikastaroa da, eta hautagaiak aurkezteko epea ireki da dagoeneko.
Prestakuntza-ekintza hori prestakuntza ez-formalaren bitartez eskuratzen den gaitasun profesionalen aitorpena egiaztatzen duen agiria lortzera bideratzen da. Hala, behin prestakuntza amaituta, eraikinetako eta lokaletako gainazalen eta altzarien garbiketan 1. mailako Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko prozesua hasiko dute. Ikastaroak 190,5 ordu teoriko eta 40 praktika-ordu ditu, eta emakume migratzaileak lehenetsiko ditu. Prestakuntza irailaren 23an hasiko da eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da, goizeko ordutegian, 09:30etik 14:15era.
Hitzarmen horren barruan planteatzen diren ekintzak udal baliabide eta lokaletan gauzatuko dira.
Intro proiektua
Orain sinatutako hitzarmenak Intro proiektuaren lehen fasea finantzatuko du. Proiektu hori Lan Aurreko Prestakuntzako eta Aktibazioko Udal Zerbitzuaren asmo handiagoko proposamen baten parte da, bigarren fase batean, lan-aurreko zentro bat martxan jartzea aurreikusten duena.
Oraingoz hainbat ekintza abian jarriz eman zaio hasiera lehen faseari, migratzaileek baliabide soziolaboral normalizatuetara iristeko dituzten zailtasunak arintze aldera. Hain zuzen ere, ohiko baliabideetara hurbil daitezen, Udalak oinarrizko gaitasun pertsonal eta gizarte-gaitasunen inguruko prestakuntza eta gaikuntza eskaintzen du, besteak beste hizkuntza, teknologiak eta ohiko lanak.