Udalak Iruñeko musika-talde gazteak laguntzen ditu entsegu-bonuen deialdiaren bidez. Deialdiak, urtean zehar, entsegu-lokalak erabiltzea errazten die profesionalak ez diren musika-taldeei, hilean 60 euro arte diruz lagunduta. Talde bakoitzak, gehienez ere, urtean 720 euro jasotzeko aukera izanen du.
Une honetan, Udalaren baliabide hori River Newt, MGS El Caprichoso, Nakama Planet, Synopsys eta K Lowf taldeek erabiltzen dute. Talde horietako bi heren, gutxienez, 14 eta 30 urte bitarteko gazteak dira, eta osatzen dituzten musikarien erdiak Iruñean erroldaturik egon behar dute edo errentamendu-kontratuaren bidez bertan bizi direla egiaztatu. Une honetan Udalak dagoeneko beste hiru eskaera ditu.
Eskaerak egiteko epea urriaren 10era arte egonen da zabalik, baina ekainaren 30a (ostirala) baino lehen eskaera egiten duten taldeek edo bakarlariek atzeraeraginez eskuratzen ahalko dute dirulaguntza, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako entseguetarako. Eskaerak Udal-erregistroan sartzen diren hurrenkeraren arabera izapidetzen dira. Uztailaren 1etik aurrera urteko bigarren seihilekoko entseguak diruz lagunduko dira. Zenbatekoak, betiere, fakturekin eta ordainagiriekin justifikatu beharko dira.
Programaren xedea da musika-talde gazteak, bandak eta bakarlariak laguntzea, ezaugarri profesionalak dituzten entsegu-lokaletara sartzea erraztuz. Lokal horiek baldintza akustikoak eta ekipamendu teknikoa dituzte, eta hilabeteka edo orduka alokatzen ahal dira. Taldeak entsegu-aretoari zenbat ordaindu eta hori diruz lagunduko da bakarrik; hilean 60 euro gehienez. Bonua aplikatzen den entsegu-lokala libreki aukeratuko dute musika-talde onuradunek, dagozkion legezko baldintzak bete beharko ditu eta Iruñerrian egon beharko da.
Uztailaren 1etik urriaren 10era bitarte aurkezten diren eskaerak bigarren justifikazio-epearen barruan egonen dira, eta atzeraeragina izanen dute uztailaren 1era arte; hau da, hileko dirulaguntza jasotzen ahalko dute uztailetik aurrera 2023ko abendura arte (hilabete hori barne). Dirulaguntza hori aukeratutako entsegu-lokalaren alokairuaren zenbatekoa murriztera bideratuko da, gehienez ere hilean 60 euro jasota, betiere alokairuaren zenbatekoa kopuru horren berdina edo handiagoa bada.
2022ko deialdian Udalak 18 talde lagundu zituen diruz, eta dirulaguntzak guztira 11.040 euro jo zuen. 18 talde horietako kide ziren 67 pertsonetatik, 54 Iruñean erroldatuta zeuden eta 58k 14 eta 30 urte bitarte zituzten.
2023KO ENTSEGU-BONUAK
• Programaren zenbatekoa, guztira: 12.000 euro
• Erabilgarri dagoen zenbatekoa lehen ebazpenaren ondoren: 8.400 euro (% 70)
• Hileko 60 euroko laguntzak entsegu-lokalak alokatzeko (720 euro, gehienez ere)
• Iruñean erroldatuta dauden edo helbidea Iruñean duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteendako
• Eskaerak aurkezteko epea: urriaren 10era arte
• Alokairuak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra