Iruñeko Udala 1,5 milioi euro baino gehiago inbertitzen ari da energia-eraginkortasuneko, irisgarritasuneko eta patioak hobetzeko lanetan ikastetxe publikoetan

Iruñeko Udala 1,5 milioi euro baino gehiago inbertitzen ari da energia-eraginkortasuneko, irisgarritasuneko eta patioak hobetzeko lanetan ikastetxe publikoetan
Hilabete honetan programatutako esku-hartzeak amaitzen ari dira zazpi ikastetxetan, zeinek irailetik aurrera 2.290 ikasle hartuko baitituzte

Iruñeko Udala egun hauetan amaitzen ari da aluminiozko 18 leiho eta pertsiana zahar –zubi termikoaren hausturarik gabekoak– aldagarriak diren beste batzuekin ordezteko lanak, horiek guztiak García Galdeano ikastetxe publikoko lehen solairuan. Esku-hartze hori hiriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako hobekuntza- eta egokitze-lanen parte da. Izan ere, uda aprobetxatzen da esku-hartzeak egiteko, lanek ikasturtean eraginik izan ez dezaten. 

García Galdeano eta Iturrama IP ikastetxeetan ia amaituta dauden lanei gehitzen zaizkie beste ikastetxe batzuetan gauzatzen ari diren lanak, hala nola San Juan de la Cadena IPko jantokikoak, San Frantzisko Eskolakoak eta Sanduzelai, Hegoalde eta Amaiur ikastetxe publikoetakoak; ikastetxe horiek 2.290 ikasle inguru hartuko dituzte irailaren hasieran. Guztira, zazpi ikastetxe horietan egindako hobekuntza-lanetan 936.000 euro inbertitu dira, komunak zaharberritzeko eta leihoak eta arotzeria aldatzeko, oro har, nahiz eta uda honetan ere guneak egokitzeko bi proiektu zehatz egin diren bi ikastetxetan, hezkuntza komunitateak hala eskatuta.

Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek ekitaldi honetarako lortutako aurrekontu-hitzarmenari esker, une hauetan proiektu horiek ikerketa- eta proiektu-fasean daude, eta datorren hilabeteetan lanak eginen dira bost ikastetxetako patioetan, non aurreko ikasturtean 821 ikasle matrikulatuta baitzeuden: Ermitagañan, El Lago-Mendigoitin, Rochapean eta Azpilagañan (dagoeneko gauzatzen ari da). Esku-hartze horiek 630.000 euroko inbertsioa behar dute eta eskola hasita dagoenean ere egiten ahalko dira, lanek ez baitute aldatuko 2021/2022ko ikasturtearen garapena, espazioen kokapena dela-eta.

1.566.000 euroko kopuruari gehitu beharko litzaizkioke uda honetan beste hiru ikastetxetan lan txiki gisa eginen diren jarduketak: Elorri IPko gimnasioko hustubideen eta zoruaren konponketa-lanak (15.500 euro), ikasgela baten intsonorizazioa Ermitagañan (7.200 euro) eta Rochapea IPko jantokiko berogailua konpontzea (6.250 euro). Iruñeko Udalak kudeatutako lan mota horiez gain, eta kasu honetan ere aurrekontu-hitzarmenari esker, Udalaren mende dauden ikastetxe bakoitzak ikasturtean zehar gehienez 6.000 euro ditu konponketa-lan txikietarako; une hauetan, 16 ikastetxe ari dira aukera hori aprobetxatzen.

Beste solairu bat, leiho berriekin
García Galdeano IPn Udalak birgaitu nahi ditu eraikinaren inguratzailearen elementu batzuk, baldintza termikoak eta bizigarritasunekoak hobetzeko. Uztailaren erdialdean abiatutako lan horiek 2019an ikastetxe horretako lehen solairuan hasitako prozesuaren jarraipena dira –kanpoko leihoen arotzeriak aldatzea–.

Aurreko esku-hartzearen jarraibideei men eginez, leihoak ardatz aldagarriak dituzten orri irekigarriak dira, aluminiozko profilez eginda, zuri kolorekoak barnetik eta zilar kolorekoak kanpotik. Leihoek kristal bikoitza eta zigilatze perimetral bikoitza dute. Leihoak kutxa duten pertsianaz hornituta daude, leihoan sartutako jasotzaileaz eta motordun sakagailuz, mekanikoki bil daitezen. Lana amaitzeak berekin dakar igeltsuz zuritze- eta margotze-lanak egitea, azken hori ia eraikin osoan.

García Galdeano IPk datorren ikasturtean 200 ikasle hartuko ditu A ereduan (gaztelania, euskara ikasgai gisa) eta G ereduan (gaztelania).

UDA HONETAN PROGRAMATUTAKO LANAK. 936.000 EURO
•    Gimnasioa San Frantzisko Eskolan. 186.095,05 euroko aurrekontua du, eta Erki Construcción Sostenible SL enpresak eginen du
Matrikula: 419 ikasle aurreko ikasturtean.
Gimnasio gisa egokitu eta erabilgarri uztea 2018an patioaren zati bat estaltzeko eraikitako espazioa.
•    Jantokia handitzea San Juan de la Cadenan. 186.327,90 euroko aurrekontua – Erki Construcción Sostenible SL 
Matrikula: 469 ikasle aurreko ikasturtean.
Beheko solairuan dagoen jantokia handitzea, fatxadan hutsune bat irekiz eta patio txiki bat zein ikasgela berri bat eta horretara sartzeko pasabidea sortuz lehen solairuan.
•    Komunak eraberritzea Hegoalden, Sanduzelain eta Amaiurren. Hasierako aurrekontua: 291.180 euro (Sanduzelai, 83.665,05 euro -Belate Servicios Integrales SL / Hegoalde eta Amaiur, 136.125 eta 71.390 euro, hurrenez hurren- Baluarte RYM SL)
Matrikula: 309, 189 eta 417 ikasle, hurrenez hurren, aurreko ikasturtean.
Hegoalde Ikastolan eraikin zaharreneko beheko eta lehen solairuan dauden komunen espazioak birbanatu dira. Amaiur Ikastolan, ikastetxeko komunen eraberritzearen bigarren faseari heldu zaio: eraikinaren iparreko aldean dauden komunei eragin die, beheko solairuan eta lehen solairuan, eta Sanduzelai IPn, esku-hartzea egin da lehen solairuko komunetan. Kasu guztietan aldaketak egin dira alikatatuetan, zoladuretan, komun-ontzietan eta argiztapenean, eta doikuntzak iturgintzan, saneamenduan eta arotzerietan.
•    Leiho berriak Iturrama eta García Galdeano ikastetxe publikoetan. 156.090 euroko hasierako aurrekontua - Baluarte RYM SL eta 116.093,45 eurokoa - Aguaser Sum y Servicios, hurrenez hurren.
Matrikula: 281 eta 200 ikasle aurreko ikasturtean.
Iturrama IPko ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetako leihoak aldatu dira, eta García Galdeano IPko lehen solairukoak.
OBRAK IKASTETXEETAKO PATIOETAN. 630.000 EURO
Matrikula: 425, 295, 331, 379 eta 391 ikasle, hurrenez hurren, aurreko ikasturtean.
Ermitagaña, El Lago-Mendigoiti, Rochapea eta Azpilagaña (dagoeneko gauzatzen ari da)
LAN TXIKIAK. 28.950 EURO
•    Elorri IP. Gimnasioko hustubideak eta zorua konpontzea (15.500 euro)
Matrikula: 238 ikasle.
•    Ermitagaña IP. Ikasgela bat intsonorizatzea (7.200)
•    Rochapea IP. Jantokiko berogailua konpontzea (6.250 euro).
KONPONKETA-LAN TXIKIAK
Une honetan lanak abian daude 16 ikastetxetan, eta gastuaren muga 6.000 eurokoa da ikastetxe bakoitzean.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?