Ostiralean, 11:00etan, eta larunbatean, 12:00etan, Iruñeko Udalak Udal Artxiborako bisita gidatu bana eskainiko ditu (Merkatuko kaleko 11n, San Joanen apaiztegi zaharraren eraikinean). Ana Hueso artxibozain arduradunak azalduko du ibilbidea. Bisitak doan dira, 60 minutu inguru iraungo dute, eta ez da beharrezkoa izena ematea. Ibilbidea hasteko topalekua ate nagusia izango da, eraikinetik kanpo.
Udal Artxiboko aretoak, funtsak, egitekoak eta sarbideak ezagutzeko aukera hau Artxiboen Nazioarteko Astearen barruan emango da, zeina Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak antolatzen baitu (ICA). Artxiboak diseinatu lelopean, jardueraren helburua da herritarrei ezagutaraztea artxiboak gizartearen memoria indibiduala eta kolektiboa gordetzeko bermea direla. Izan ere, XXI. mendean, teknologia-aurrerapenak, esparru digital eta elektronikoaren inguruko hausnarketa eta arautzea, agirien euskarrien zaharkitzea eta izaera pertsonaleko datuak babesteko arauak abiadura handian ari dira artxibo-zientzia egunerarazten.
Batetik, profesiorako sortzen diren erronkak, eta bestetik, aukerak izango dira hizketagai Ana Huesorekin; eta honek bi irakurketa-gelak nahiz ikertzaileari babesa emateko liburutegi osagarri eta berariazkoa erakutsiko dizkie bertaratuei. Hemeroteka ere –nagusiki digitalizatua– bisitatuko da; baita ere, Artxiboko fototeka, lehen agiria 1850ekoa delarik.
Hain zuzen fototeka (2018an, 44.271 agiri kontsultatuta) eta hemeroteka (urte berean, 4.594 kontsultaz) iaz Udal Artxiboak herritarrengandik jasotako 64.488 kontsulten % 75,7ren jomuga izan ziren. Garrantziaren arabera, ondoren datoz errolda, eraikitzeko zein eraisteko baimenak eta ordaintze-librantzen zein -manamenduen liburuak, kontsultak 4.002, 2.839 eta 1.655 direlarik, hurrenez hurren. Kopuru hauek bikoizten eta batzuetan hirukoizten dituzte 2016koak. Bestetik, 2018an 2.259 lagunek erabili zituzten instalazioak, bai informazioa eskuratzeko, bai agiriak erreproduzitzeko.
Historian zein orainean barnako ibilaldia
Iruñeko Udal Artxiboa agiri-ondarea antolatu eta gordetzeko zerbitzua ez ezik, eskuragarri jarri eta hedatzeko ere bada, eta Udalak erakunde juridiko, politiko eta administratiboa den aldetik sortzen eta jasotzen dituen agiriak ditu (aktak, espedienteak, etab.). Aztarna horiei jarraituz, Ziudadelara bertan erakusgai dauden kanoiak nola iritsi ziren eta Andre Maria Nahigabetuaren pausoak non duen jatorria jakin ahal da, adibidez. Gainera, beste erakunde eta partikular batzuek sortutako agiriekin ere zeregin berberak egiten ditu Artxiboak, bere funtsek barne hartzen dituztela.
Herritarrek Udal Artxiboaren lehen irudia horixe duten arren, Udalak eskuratutako liburuen eta arte higigarriaren ondarea eta are etnologikoa edo industriala ere badaude zerbitzuaren eskuduntzan. Batzuetan, adibidez, Batasunaren Pribilegioaren kutxa, Erdi Aroko burguen agiriak eta Udaletxeko fatxadarako egin diren ondoz ondoko diseinuak aspaldi-aspalditik daude gordeta. Iruñearen historiari lotutako beste agiri batzuk berariazko esparruetan eskuratzen dira. Horrez gain, Artxiboak dohaintzak ere jasotzen ditu, hala nola Independentzia gerran Arthur Wellesley ingelesaren aurrean –Wellingtongo Dukea goitizenaz ezagunagoa– hiriak amore eman zueneko oroitzapenezko domina (Andrés Armendáriz bildumagile eta numismatiko iruindarraren dohaintza), Jose Joaquín Arazuriren argazki-bilduma, Zubieta eta Reteguiren Funtsa eta testamentu-ondareak ere bai. Azken horien artean, Pablo Sarasate biolin-jotzaile eta musikagilearen partiturak, musika-tresnak eta gauza pertsonalak daude.
IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA
• Merkatuko kalea, 11
• Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
• Bulegoetako telefonoa: 948420189
• Helbide elektronikoa: archivomunicipal@pamplona.es