Iruñeko saltokiak ostiral eta larunbat honetan berriz ere aterako dira kalera beren produktuekin erosketa seguruak kale biziagoetan sustatzeko

Iruñeko saltokiak ostiral eta larunbat honetan berriz ere aterako dira kalera beren produktuekin erosketa seguruak kale biziagoetan sustatzeko
Udalak baimenak eman ditu saltokiek asteburu bat hilean beren produktuak establezimenduen ateetara atera ditzaten

 

 

Iruñeko Udalak asteburu honetan berriz ere hiriko establezimenduen merkataritza-jarduera sustatuko du, erakusleihoetako produktuak ostiralean eta larunbat goizean ere kalera ateratzea ahalbidetuz. Jeneroa atean jarrita, erosketa seguruen alde egiten da, saltokien barruan bezero-pilaketak gutxitzeko eta kale biziagoen alde egiteko.

‘Iruñeko Merkatariak, plazara!’ ekimenean, Iruñeko Udalak baimenak eman dizkie negozioei saltokien barruan saltzen dituzten salgaiak kalean erakusteko, arreta deitzeko modu gisa eta haien eskaintza hobe ikusarazteko. Merkatarien elkarteekin batera antolatutako ekimena joan den maiatzean jarri zen martxan eta hilean behingo asteburu batez izanen da, urrira arte. Xedea tokiko merkataritza laguntzea da, pandemia eragiten ari den ondorio ekonomikoengatik zailak diren uneotan.

Saltokiak, Iruñeko auzo guztietan barna banatuak

Ekimena auzo guztietan eginen da, baina merkataritza-elkarteak dituzten auzoetan establezimendu gehiago egonen direla aurreikusten da, hala nola Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman, Martin Azpilcueta Donibane Merkataritza-gunean, Ermitagañan eta Mendebaldean, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean eta Mendillorrin. Udaltzaingoak egiaztatuko du kalean dauden establezimendu guztiak ekimenaren parte direla.

Parte hartu nahi duten saltokiek bere elkartearen bidez eman dezakete izena, eta ezein elkartekoak ez direnak Merkataritza eta Turismoko Alorrarekin harremanetan jarri beharko dira izena emateko, mezu elektroniko bat bidalita comercioyturismo@pamplona.es helbidera. Eman beharreko datuak honako hauek dira: saltokiaren izena, kokatuta dagoen kalea eta zenbakia, posta-kodea, merkataritza-eremua eta azpisektorea. Ekimen honetan izena ematen duten elikadura-establezimenduek Osasun Ikuskaritzak kasu bakoitzean egoki jotzen dituen jarraibide osagarriak bete beharko dituzte.

Gehienez ere establezimenduetako fatxadak okupatzea

Jardueran parte hartu nahi duten negozioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: lokalaren fatxadak dituen metro linealak baino gehiago ez okupatzea eta bi metroko sakonera ez gainditzea. Eguraldi onean antolatzen denez, ezin da karparik, megafoniarik eta giro-soinurik instalatu. Gomendatzen da altzari arinak ateratzea, hala nola esekitokiak, mahaitxoak eta erakustoki txikiak, atariko zein beste lokaletarako sarbidea oztopatzen ez dutenak. Merkataritza-jardunaldia amaitzean kendu behar dira.

Oinezkoek gutxienez 2 metro zabal izanen dute espaloitik pasatzeko; beraz, ezinen dira 2 metro baino gutxiago dituzten espaloiak erabili. Erosleen arteko tarteak 1,5 metrokoa izan behar du. Azkenik, ezinen dira bide publikoan erakutsi ezta saldu ere hotzean gorde behar diren elikagai freskoak.

¿Te ha sido útil esta página?