
Ostegunetik aitzina, sanferminen sare sozialetako kontu ofizialetan hiriko jende entzutetsuaren laguntzaz eginen dute txupinazorako azken atzera-kontaketa. Iruñeko hiri-markaren enbaxadore batzuk, jaietan funtsezkoak diren erakundeetako ordezkariak (hala nola Konpartsa, La Pamplonesa eta udal-dantzariak), kartelaren egilea eta txupinazoa jaurtiko dutenak arduratuko dira azken hamar egunetan uztailaren 6rako zenbat falta den gogorarazteaz.
Instagramen, Facebooken eta X aplikazioan dago @SanferminesPamplona jaien kontu bana. Sare sozialetan jaien esentzia eta festaz gozatzeko gakoak zabaltzea da helburua, eta Udalak sanferminen inguruan antolatzen dituen kanpaina guztien bozgorailu izatea, baina aurten, beste funtzio batzuk ere izanen dituzte kontu horiek: bisitariei ongietorria egitea, plastikozko edalontzi berrerabilgarria sustatzea eta egun horietan garbiketa-zerbitzuak egiten duen lanari balioa ematea, besteak beste.
Mai Garde Osasunako emakumeen ataleko kirol-zuzendariak abiatuko du atzera-kontaketa bihar, ostegunarekin: gogoraraziko digu hamar egun baino ez direla falta txupinazorako. Ibon Laspeñas Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako lehendakaria izanen da hurrengoa (9 egun); gero, Aurora Beltrán abeslariaren txanda izanen da (8 egun); Sandra Nadal 2025eko sanferminetako kartel ofizialaren egileak gogoraraziko digu 7 egun falta direla; César Oroz marrazkilari eta umorista grafikoak hartuko dio lekukoa (6 egun); Aritz Ibáñez Duguna-Iruñeko Dantzariak taldearen zuzendariak oroitaraziko digu 5 egun falta direla; Joanna Artieda chef gozogilearen (4 egun), Juan Martinez de Irujo pilotari ohiaren (3 egun) eta Nekane Solana La Pamplonesa Udalaren musika-bandako lehendakariaren (2 egun) txanda izanen da, eta, azkenik, Lidón Soriano Yala Nafarroa con Palestina elkartearen ordezkariak gogoraraziko du egun bat baino ez dela falta atzera-kontaketa amaitzeko, eta berorrek jaurtiko du txupinazoa biharamunean.
Bakoitzak sanferminei eta jaien esentziari buruzko ideiaren bat adieraziko du uztailaren 6rako zenbat egun falta diren oroitaraztearekin batera. Sanferminak denondako dira ordea, eta haurrei ere gogoraraziko zaie zenbat falta den kilikiengandik ihesi korrika ibiltzeko, eta peñei ere eginen zaie aipamena, uztailaren 6tik 14ra haien pankartek argitzen baitigute bidea. “Arropaz aldatu eta apustuak zuriaren eta gorriaren alde” egiteko zenbat egun geratzen zaizkigun ere abisatuko digute Udalaren egitasmo horretan parte hartzen dutenek; oroitaraziko digute gero eta gutxiago falta dela “musikak Iruñeko txoko guztiak har ditzan” eta “zaporez beteriko jaiez gozatzeko”.
Jaien sare sozialetako kontu ofizialetan ez ezik, Udalaren beste kontu batzuetan ere ikusten ahalko da atzera-kontaketa hori, hala nola Iruñeko Udalaren kontu ofizialetan, Turismoko Alorraren kontuetan (@VisitPamplona), Kulturakoetan (@IruñaKulturaDa), eta Gazteriako kontuetan (@IruñaGaztea). Halaber, hiriaren erdigunean barrena eta auzo guztietan banatuta dauden gailu digitaletan ere jarriko dute, eta Iruñeko Udalaren Turismo Bulegoaren kanpoko pantailetan ere bai, Udaletxe plazan.
Funtsezko sei ideia edonork festaz gozatzen ahal dezan
Iruñeko Udalak sei kanpaina jarri ditu martxan aurten sanferminen inguruan, eta sare sozialetako atzera-kontaketa horietako bat da. Beste kanpaina baten helburua da garbiketa-zerbitzuarenganako gizalegezko eta errespetuzko jokabidea sustatzea. Horretarako, mezu hau jarriko dute funtsezkoak diren tokietan, garbiketarako kamioietan: “Eskerrik asko gure lana errespetatzeagatik”. Udalaren Gizarte Enpleguko lantaldeak arduratu dira material grafiko hori sortu eta jartzeaz.
Iruñeko Udalak beste mezu bat ere helarazi nahi die iruindarrei, bisitariei eta ostalaritzako sektore osoari: jaietan plastikozko edalontziak berrerabiltzea funtsezkoa dela. Datuen arabera, plastikozko edalontziak jasangarriak dira baldin eta gutxienez zazpi aldiz erabiltzen badira. Gogoan izan behar da ostalaritzako establezimenduek euro bat kobratzen dutela edariak edalontzi horietan ateratzeagatik, eta atzera bueltan eramanez gero, euro hori bueltan eman behar dutela.
‘Ongi etorri munduko festarik onenetara’
Jaien berri emateko akreditazioa duten komunikabideetako langileei hirira iristean bidea errazteko, Udalak prentsako kit bat prestatu du, eta, besteak beste, txosten bat sartu dute jaien inguruko informazioa xehe-xehe, eta logistikarekin eta turismoarekin lotutako kontu praktikoak jakinarazteko. Aurten, ordea, jasangarritasunaren aldeko apustua betez, dokumentu horiek USB memoria batean emanen zaizkie, eta ez paperean. Iruñeko Udalaren Azaleztatzeko eta Serigrafiako lantaldeak lagundu du material hori guztia prestatzen.
Azkenik, Iruñeko Udalak ongietorria egin nahi die egun horietan hirira etortzen diren bisitariei, eta horretarako, mezu hau jarri dute bai geltokietan eta bai kalean: “Ongi etorri munduko festarik onenetara”. Gainera, sanferminetako dekalogo bat banatuko dute festez gozatu eta gainerakoei ere gozatzen uzteko informazio erabilgarria eta aholkuak emateko. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez argitaratu dute dokumentu hori. 15.000 ale banatuko dituzte Iruñeko Udalaren Turismo Bulegoan (Udaletxe plaza), tren- eta autobus-geltokietan, aireportuan eta babes zibileko laguntzaileak, ‘naranjitoak’ deitzen zaien horiek, herritarrei informazioa eta laguntza ematen dieten tokietan. Kanpaina hori Iruñeko Udalak eta RENFEk duten elkarlanerako hitzarmenak biltzen dituen komunikazioarekin lotutako ekintzetako bat da, eta beraz, goiburuak, bideoak eta sanferminen irudia duten txartelak jarriko dituzte Iruñera trenez etortzen direnei ongietorria egiteko.