Iruñeko PampSaporte Sanus estrategiak pertsona nagusiendako erronkak proposatzen ditu kirola egitera animatzeko eta euren egoera fisikoa hobetzeko

Iruñeko PampSaporte Sanus estrategiak pertsona nagusiendako erronkak proposatzen ditu kirola egitera animatzeko eta euren egoera fisikoa hobetzeko
Hileko ekintza txikien bidez, sariengatik trukatzen ahalko dituzten puntuak eskuratzen dituzte

Pasaporte deportivo

 

Kirola egiteak saria du. Osasuna eta harreman sozialak hobetzeaz gain, Iruñeko Udalaren eskutik jarduera fisikoak egiteak sariak eskuratzeko aukera ematen du, inplikazioa, ikastaroetara joatea, jardueretan eta tailerretan parte hartzea eta erronkak gainditzearen ordain gisa. Hori da pamPSaporte Sanus Ariketa Fisiko Kuantifikatu eta Sarituaren estrategiaren oinarria, Udalak 50 urtetik gorakoendako Yoga eta Gimnastika Aerobiko Modernoaren jardueren eskutik eskaintzen duen atxikimendu eta motibazio programa.


Azken batean, hainbat ekintzaren bidez, kirol-jarduera sustatzea da xedea, eskoletara modu iraunkorrean joan eta pentsamoldea alda dezaten eta kirol-jarduera pertsona horien egunerokotasunaren parte izan dadin. PampSaporte Sanus estrategiaren bidez, izena eman duten pertsonek dagoeneko ikastaroek duten efektu terapeutikoa indartzen dute, eta gainera, ikastaroek erabat betetzen laguntzen dute Jarduera fisikoari eta ohitura sedentarioei buruzko OMEren jarraibideak (2020), bai jarduerek beraiek ematen dituzten edukiengatik, bai jardueretatik kanpo dagoen ohitura osasungarriagatik. 
Eskoletatik kanpo proposatutako jardueren erronkak askotarikoak dira: egun batean 20.000 urrats egitea, igogailuaren ordez eskailerak erabiltzea edo, besterik gabe, egunero paseatzera irtetea edo erosketak egitera autoz joan ordez oinez joatea. Lorpen horietako bakoitzak, norberarendako gogobetegarri izateaz gain, pasaporte osasungarri horretan puntuak metatzea dakar, eta horiek trukatuz hainbat motatako sariak eskuratzen ahal dira.

Pizgarrien programa puntuak metatzeko aldiaren arabera aldatzen da. Horrela, hilero, hidratazio-botilatxoak, motxilak eta berreskurapen-masajeko saioak lortzen ahal dira, hurrenez hurren 300, 400 eta 500 puntu lortuz gero. Lau hilean behingo metatze-aldian, Sadarreko partida baterako 2 sarrera (1.000 puntu) edo Baluarterako 2 sarrera bikoitz (1.200 puntu) dira sariak. Azkenik, ikasturte osoan metatutakoagatik lortzen ahal dira saririk handienak: 2 bazkari bikoitz (1.400 puntu), 10 kamiseta tekniko (1.600 puntu), 2024-2025eko denboraldiko ikastaroetarako 4 izen-emate berri (1.800 puntu), Navarra Arenan kontzertu baterako 2 sarrera bikoitz (2.000 puntu), 100 €-ko 3 kupoi InterSport Irabian (2.100 puntu), eta 10 saioko 2 bonu Iturramako Civivoxeko bainuetxean (2.300 puntu). 

Mugikorrerako aplikazioa eta kirola egitea
Kuantifikazio- eta saritze-programa honetan parte hartu ahal izateko, aski da proposatutako bi jardueretako batean izena ematea, 50 urtetik gorakoendako Yogan edo Gimnastika Aerobiko Modernoan, eta doan deskargatzea PampSaporte Sanus aplikazioa, Androiderako Google Playn (https://play.google.com/store/apps/details?id=com.xcolme.pamPSaporteSanus) eta IOSerako App Store-n (https://apps.apple.com/us/app/pampsaporte-sanus/id6471833274) eskuragarri dagoena.

Aplikazioa edozein unetan deskargatu eta aktibatzen ahal dute Yoga eta Gimnastika eskoletan izena eman dutenek. Izan ere, izena emateko unean erabiltzaile eta pasahitz indibiduala ematen zaie, aplikazioan sartu ahal izateko. Behin barruan, puntuak lortzeko bideak eta hilabete bakoitzerako proposatutako erronkak zehazten dira. Ekintzak jarduera bakoitzerako eskola-ikasturtean zehar banatzen dira. Begiraleek eta ikastaroen kudeatzaileek aplikazioa aktibatzen laguntzen ahal diete behar duten pertsonei. 

Hemendik ekainera, hau da, ikastaroak amaitzen diren arte, hainbat erronka daude martxan, besteak beste, asteroko urratsetan eta ‘lorpenetan’ oinarrituta. Bertan, parte-hartzaileek ibilbide jakin bat egin beharko dute, aurrez finkatutako gehienezko denbora batetik behera. Martxoan, urratsen erronka hilean 60.000 eta 240.000 ingurukoa izaten ari da, eta horiekin batera Yamaguchi parkea 20 minutu baino gutxiagoan eta Antoniutti parkea 15 minutu baino gutxiagoan egiteko ‘lorpenak’ daude. Apirilean, egunean 10.000 urratsekoa izanen da urratsen erronka eta, Media Luna parkea 15 minutu baino gutxiagoan eta Ziudadela parkea 20 minutu baino gutxiagoan egitea. Maiatzerako eta ekainerako, erronka eta ‘lorpenen’ berri aplikazioaren bidez emanen da, eta baita https://pamplonadeporte.sedena.es/ webgunearen bidez ere: 

1.800 pertsona aktibo baino gehiago PampSaporte Sanusen
Orain arte, Yoga eta Gimnastika ikastaroetan, 1.800 pertsona inguruk deskargatu dute aplikazioa, eta puntuak metatzen hasi dira, neurri handiagoan edo txikiagoan, PampSaporte Sanusen duten inplikazioaren arabera. Era berean, 800 pertsona inguruk egin dituzte haien egoera fisikoari buruzko borondatezko testak, eta horiei esker, puntuak lortzeaz gain, aurrerapenak ebaluatu ahal izanen zaizkie izena eman dutenei. Erronketako hileko parte-hartzearen batez besteko zifra berrogei pertsona ingurukoa da gaur egun. 

Beste izen eta ekintza batzuen bidez bada ere, Ariketa Fisiko Kuantifikatu eta Sarituaren estrategia Sanduzelaiko (“Donibane Aktibo” estrategia) eta Arantzadiko (“Sport Challenge” estrategia) kirolguneetan ere ezarrita dago. Argibide gehiago, hemen: https://www.pamplona.es/temas/deporte/complejos-deportivos-municipales 

 

PAMPSAPORTE SANUS
•    Zer da?
Helduek eta 50 urtetik gorakoek kirola egiteko eta bizimodu osasuntsua izateko Iruñeko Udalak bultzatzen duen atxikimendu- eta motibazio-programa.

•    Zertan datza? Sariengatik trukatzen ahal diren puntuak lortzeko jarduerak eta erronkak egitean.

•    Nola lortu puntuak? Programa Iruñeko Udalaren Yoga eta Gimnastika Aerobiko Modernoko ikastaroetan izena eman duten 50 urtetik gorako pertsonendako pentsatuta dago. Programan sartzeko, PampSaporte Sanus aplikazioa deskargatu behar da, Google Play eta App Play aplikazioetan, eta erabiltzaile eta pasahitz batekin erregistratu behar da. Pasahitza banaka ematen da, jardueretan izena ematean. Hor puntuak sortzen dituzten erronkak eta ekintzak ikusten ahal dira.

•    Zeintzuk dira sariak? Kirol ekipamenduko eta aisialdiko sariak daude, Yoga eta Gimnastika Aerobiko Modernoko jardueretako doako izen-emateak, eta baita Iturramako Civivoxeko bainuetxerako hamar saioko bonuak ere, adibidez. 

 

¿Te ha sido útil esta página?