Iruñeko monumentu nagusiak zapi gorria lepoan lotuta esnatu dira sanferminetako eskaileraren azken egunean

Iruñeko monumentu nagusiak zapi gorria lepoan lotuta esnatu dira sanferminetako eskaileraren azken egunean
Iruñeko Udalak bideo bat argitaratu du, non jaiaren emozioa eta esentzia errepasatzen baitira, ospatzeko “aurten bai, biziko ditugula”
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Gaur goizean sanferminetako zapia lepoan lotuta esnatu dira Entzierroaren monumentua, Hemingwayren estatua, Foruen estatua, Iruñeko Udaletxeko fatxadan nagusitzen diren Justiziaren eta Zuhurtziaren irudiak eta hiriko erdialdeko beste zenbait eskultura. Urtero ekainaren 6an egiten den bezala, gaur sanferminetako eskaileraren azken koska ospatzen da, aurten are bereziagoa dena, bi urtez jairik gabe egon baikara. Horregatik, Udalak ikus-entzunezko bat argitaratu du, non uztailaren 6tik 14ra bitarte Iruñean bizi diren esentziari eta emozioari heltzen zaien “aurten bai, biziko ditugula” ospatzeko.

Gaur, sanferminetako eskaileraren azken koskaren egunean, Iruñeko monumentu nagusiak jaietako zapi gorri tradizionala jantzita esnatu dira. Keinu horrekin, pandemiak eragindako murrizketengatik bi urtez zapia jantzi ezinik egon ondoren, hiriak erakusten du prest dagoela txupinazoa berriro jaurtitzeko, erraldoiak eta buruhandiak kalera ateratzeko, txarangekin eta peñekin gozatzeko, eta, azken finean, bederatzi egun zuri-gorrian bizitzeko, Iruñeak munduko jai onenetakoak dituela erakutsiz.

Iruñeko entzierroaren monumentuko korrikalariak dira gaur goizean zapia lotuta esnatu direnetako batzuk. Baina ez horiek bakarrik, baita Foruen estatua ere, izan ere, Sarasate pasealekuan lurretik 23,40 metrora dagoen bost metroko irudiak metro eta erdiko zapia du; halaber, hirian zehar banaturik dauden pertsonaia historikoen irudiek ere badute zapia, hala nola Hemingwayrena zezen-plazaren ondoan, Julian Gayarrerena Taconeran, Karlos III.arena Gazteluko plazan eta José Joaquín Arazurirena Aduanako zokoan. Era berean, zapia jantzita agertu dira Mariblancaren estatua, Sarasate pasealekuan zehar dauden sei irudiak eta ‘Justizia’ eta ‘Zuhurtzia’, Iruñeko Udaletxeko fatxadaren parte diren bi ikurrak.

Lepoan lotutako zapi gorria da hiria jaiak bizitzen ari dela erakusten duen adibide grafikorik argiena. Tradizioaren arabera, zapia uztailaren 6an, eguerdiko hamabietan puntuan, jarri behar da, txupinazoaren suziriak eztanda egiten duenean, eta bederatzi egun ondoren, uztailaren 14ko gauerdian, zapia kendu behar da, ‘Gaixoa ni’ tradizionalak adierazten duen unean. Baina oraingoan, Iruñean festak itzultzeko gogo handia dagoela erakutsiz, hiriko monumentu nagusiak hilabete aurreratu dira eta zapia jantzi dute urtarrilaren 1ean hasi, otsailaren 2an jarraitu eta hilero iruindar guztiei uztailaren 7rako gutxiago falta dela gogorarazten dien atzerako kontaketaren azken urratsaren egunean.

“Aurten bai, azkenik, biziko ditugu!”

‘Biziko ditugu’ da orain dela bi urte baino gehiago, 2020ko sanferminak bertan behera utziko zirela iragarri zenean, iruindar guztiek egin zuten promesa, jakinda osasun-murrizketek ez zutela jai hauek berekin dakarten emozioa amaituko. Eta agindutakoa betetzen denez, kontua zen egoerak hobera egin arte itxarotea “aurten bai, azkenik, biziko ditugu” esan ahal izateko. Ideia horri buruz ari da Iruñeko Udalak editatu eta ekainaren 6an, eskailera egunean, argitaratu duen ikus-entzunezkoa, hirian uztailaren 6tik 14ra bizi diren emozioak eta sentimenduak gogorarazteko.

“Aurten oroitu behar dugu nor garen, zer dugun gogoko, zenbat batzen gaituen”, horrela hasten da minutu bat irauten duen ekoizpen hori; gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da, eta sanferminetako kontu ofizialetako profilen bidez ikus daiteke sare sozialetan (@SanferminesPamplona) eta pamplona.es webgunean.

Ikus-entzunezkoaren mezuak gogora ekartzen ditu jada ez daudenak, eta aipamen berezi bat egiten die lehen aldiz horiek biziko dituztenei. Aurten hirukoiztuta bizi behar ditugu eta pertsona oro gogoan. Jada ez daudenak oroitzeko... Oraindik egon ez direnen ilusioarekin bat. Izan ere, zerbait ikasi dugu: oraina da garrantzitsua, azalean laztura, bat egiten duten ahotsak. Segundoak aurrera jo ahala, bideoak oraina bizitzera gonbit egiten du, izan ere, “aurten, hunkituko gara, elkar estutu, gozatu eta besarkatuko gara. Gaur balitz bezala. Inoiz ez balitz bezala. Zentzumenak oro zartaraziz bihotzen erritmora”. Eta hori guztia hura ikusten ari direnak jaiaren muinera eramaten dituzten irudiekin: txupinazoa, entzierroa, su artifizialak eta santuari eskaintza.

Egun berezia Iruñean, hilabete bat barru txupinazoak eztanda eginen duela ospatzeko

Lau musika taldek Iruñeko erdiguneko kaleak girotuko dituzte gaur arratsaldean sanferminetako eskaileraren azken koska ospatzeko. Gaiteroek, txaranga batek, New Orleanseko soinuak ekarriko dituen talde batek eta swing talde batek bat eginen dute 19:00etan Udaletxe plazan hasierako ikuskizun komun bat egiteko, eta ondoren hiriko kaleetan barnako hainbat ibilbide eginen dituzte. Ordu eta erdi geroago, 20:30ean, berriz ere elkartuko dira Gazteluko plazan amaierako performancea egiteko.

Lau taldeek Udaletxe plazan elkarrekin eginen duten lehen saioaren ondoren, bi taldetan banatuko dira erdiguneko kaleetan barna bi ibilbide egiteko. Ibilbideetako bat, Txaranga NB eta Txantreako gaiteroek osatua, Burgoen plazatik abiatuko da; ondoren, Jarauta kalera joan eta San Lorentzo, San Frantzisko Plaza, San Migel, San Nikolas eta Pozoblanco kaleak zeharkatuko ditu, eta ibilbidea Gazteluko Plazan amaituko da. Beste taldean, ‘No More Jazz Brass’ banda Pamplona Swing elkartearekin batera egonen da. Udaletxe plazatik irtengo dira, Mercaderes kalerantz, eta gero Navarrería, Calderería, Telleria, Estafeta eta Xabier kaleetan barna jarraituko dute, eta hura ere Gazteluko plazan amaituko da. 20:30ean, taldeak berriz ere puntu horretan elkartuko dira hiriko erdialdean egindako musika-girotze arratsaldeari buru emateko ikuskizun baten bidez.

 

¿Te ha sido útil esta página?