Ekainaren 11an Iruñean Nafarroako Minbiziaren Aurkako eta Ikerketaren aldeko IX. Martxa eginen da. Lasterketa horren bidez 2011az geroztik 104 milioi euro bildu dira 500 ikerketa-proiektutik gora finantzatzeko. Nafarroan zehazki, Espainiako Minbiziaren Aurkako elkartea aurten 10 milioi euro jotzen duten ikerketak finantzatzen ari da biziraute-tasa % 50 etik % 70era igotzea helburu hartuta.
Gaur goizean Enrique Maya Iruñeko Alkateak eta Juan Franco Pueyo Nafarroako Espainiako Minbiziaren Aurkako elkarteko presidenteak gaixotasun horri buruzko ikerketetan aurrera egiteko funtsak biltzeko martxa solidario horren bederatzigarren edizioaren ezaugarri eta eduki guztiak aurkeztu dituzte. Martxa ekainaren 11an, igandea, goizeko 11:00etan hasiko da eta 5 kilometro eginen ditu Ziudadelatik abiatu eta Alde Zaharreko kaleetan barna, Gazteluko plazan amaitzeko. Ibilbidea oinez edo lasterka egiten ahalko da.
Ikerketa medikorako finantzaketa lortzeko elkartasunerako deia egiteaz gain, Espainiako Minbiziaren Aurkako elkarteak bizi-ohitura osasungarriak prebentzio-modu gisa hartzeko beharraz sentsibilizatzeko lan egiten du, eta baita kaltetutako pertsonekiko eta haien familiekiko gizarte-elkartasuna bilatzeko eta haien eguneroko bizitza eta premiak ezagutarazteko ere.
Izen-emateak eta dortsalak
Nafarroako Minbiziaren Aurkako eta Ikerketaren aldeko IX. Martxarako izen-ematea online egiten ahal da maiatzaren 15ean hasi etat lasterketaren aurreko egunera arte www.rockthesport.com webgunearen bitartez. Izen-ematearen prezioa 8 euro da eta barne hartzen du lasterketaren aurtengo edizioko kamiseta ofiziala. Webgunean dortsal solidarioak erosteko aukera ere badago. Dortsala online erosten dutenek elkartearen egoitzan (Altzania Errekaren kalea 31, 1.F) jasotzen ahalko dute,maiatzaren 22tik aurrera edo El Corte Ingleseko kirolen solairuan, maiatzaren 26tik aurrera, bietan izen-ematearen ziurtagiria aurkeztuta.
Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahalko da, lasterketaren aurreko egunera arte, ‘Farplus’ farmazietan edo ‘Altafit’ gimnasioetan (maiatzaren 22tik aurrera) edo Corte Inglésen (maiatzaren 26tik aurrera), eta kasu horietan dortsala erosterakoan jasoko da.
Atzean geratu direnek, dortsalak bezperan, ekainaren 10ean, erosi eta jasotzeko aukera izanen dute Gazteluko plazan instalatuko den postu batean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Zazpi hamarkada minbiziaren aurka lan egiten
Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartea irabazi-asmorik gabeko eta laguntzako entitate bat da eta 70 urte daramatza Espainian gaixotasun horren aurkako borrokan erreferentziazko entitatea izaten. 2.000 herri baino gehiagotan dago eta 30.000 boluntarioeta milioi erdi kide baino gehiago ditu guztira. Elkartea pazienteek, senideek, boluntarioek eta profesionalek osatzen dute.
Duela zazpi hamarkadatik Espainiako Minbiziaren Aurkako elkarteak informazioa eman eta kontzientzi sortzea du xede, Espainiako minbiziaren errealitatea erakustea, eta baita hobetu beharreko arloak detektatu eta gizartea eraldatzeko prozesu bat abian jartzea ere, arlo horiek zuzentzeko eta minbiziari ikuspegi integral eta diziplina anitzekotik heldu ahal izateko. Zientziaren esparruan minbizia ikertzeko funts gehien bideratzen dituen gizarte entitate pribatua da. Bere proiektuetan 1.000 ikertzaile baino gehiagok parte hartzen dute. Gainera, gaixotasun hori dutenei eta haien senideei babesa ematea eta laguntzea du xede elkarteak. Dagoeneko 136.434 pertsona lagundu ditu.
Nafarroan: “minbiziaren aurkako borrokan erreferentea eta liderra”
Nafarroako Probintziako Batzarrak Iruñean du egoitza nagusia eta duela 34 urte sortu zen. 300 boluntario eta 10.000 kide baino gehiago ditu eta 2021ean Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso zuen “Foru Komunitatearen garapenari, etorkizunari eta ospeari ekarpen nabarmena egiteagatik (...) minbiziaren aurkako borrokan erreferente eta lider bihurtzeagatik. Halaber, Osasun Administrazioarekin koordinatuta egiten duen lan osagarriak babes eta aintzatespen zabala du Nafarroako gizartean”.
Elkarte horrek iaz, Nafarroan, e 336 pertsonari eman zien gizarte laguntza, 767 gizarte esku-hartze egin zituen eta material ortopedikoaren 134 mailegu, eta 80 pertsonari ostatu eman zien erakundeak dituen etxebizitzetan. Gainera, arreta psikologikorako programan, 2022an soilik, 1.400 pertsona baino gehiago artatu dituzte ia 5.500 terapia-saiotan.