Iruñeko merkatariek autodiagnostiko bat egin dezakete bere heldutasun digitalaren inguruan CORE POCTEFA mugaz gaindiko proiektuaren tresna bati esker

Iruñeko merkatariek autodiagnostiko bat egin dezakete bere heldutasun digitalaren inguruan CORE POCTEFA mugaz gaindiko proiektuaren tresna bati esker
Eginen dutenen artean, berrogeita hamar negozio hautatuko dira, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute beren digitalizazio-maila hobetzeko

Irudia
Irudia
Irudia

Logos Core

 

Iruñeko Udalak parte hartzen duen CORE (‘Competitive Retail/Merkataritza Lehiakorra’) POCTEFA mugaz gaindiko proiektuari esker, hiriburuko saltokiek, onlineko tresna baten bidez, beren heldutasun digitalaren inguruko autodiagnostiko bat egiten ahalko dute. Lan hori dagoeneko hainbat negoziotan egin da proba pilotu gisa, eta orain, testa egiteko aukera egin nahi duen orori zabalduko zaio. Galdetegi pertsonalizatu bat eginen da, eta behin hori beteta, txosten bat eskainiko da, iradokizunekin, saltokiaren digitalizazioa sustatzeko. Parte hartzen duten negozioen artean, berrogeita hamar hautatuko dira, ondorengo fase batean, aholkularitza pertsonalizatua jaso dezaten beren negozioan tresna digitalen erabilera hobetzeko eta optimizatzeko.

CORE POCTEFAk ematen duten tresnak, dagoeneko Iruñeko saltoki guztietarako mugaz gaindiko proiektuaren webgunean eskuragarri dagoenak, kontuan hartzen du saltokien egoera lau esparru handi hauetan: komunikazioa eta onlineko salmenta;, bezeroekiko harremana eta fidelizazio-maila, enpresaren eraldaketa digitala eta datuak babestea eta marka. Lehen atalari dagokionez, merkataritza-establezimenduei galdetzen zaie sare sozialetan duten presentzia balora dezaten. Baita beren ezagutza web-analitikaren (SEO posizionamendua), onlineko publizitate-kanpainen eta ordaintzeko plataformen inguruan. Bitartean, bezeroei eta fidelizazio-mailari dagokienez, parte-hartzaileek erantzun beharko dute fitxategi eta datu-base bat duten ala ez. Era berean, honako gai hauen inguruan galdetuko zaie: bere lanaren abantailak eta aukerak bezeroekiko harremanen kudeaketan, alerta-sistema (erabiltzaileen gomendioak eta komentarioak) eta fidelizazio-prozesuak.

Tresnak proposatzen duen analisia beste bi atalek osatzen dute. Lehenengoa, enpresaren eraldaketa digitalarekin berarekin lotutakoa. Zehazki, merkatariei galdetuko zaie kutxarako softwarea duten edo beren saltokia digitalizatuta duten. Halaber, erantzun beharko dute biltegia kudeatzeko aplikazioekin, giza-baliabideekin, finantzekin eta kontabilitatearekin lan egiten duten. Azkenik, datuen babesa eta marka atalean, parte-hartzaileekin aztertuko da beren saltokiko zibersegurtasun-maila, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren betetze-maila eta bere markarekin baliozkotuta duten erregistroa.

Tresna horren bidez egiten den lana guztiz egokituta dago Iruñeko saltokien errealitateari eta beharrei, tokiko hainbat negoziotan proba pilotu gisa egindako aurreko fase bati esker. Prozesu horretan partaidetza-saioak ere egin dira, eta bertan Iruñeko merkatarien elkarteek beren ikuspegia eman ahal izan dute autodiagnostikorako tresnak eskaintzen dituen funtzionalitateak hobetzeko eta erkatzeko.

Bigarren fasean 50 saltokiri banakako aholkularitza emanen zaie

Galdetegitik lortutako emaitzak ikusirik, Iruñeko berrogeita hamar establezimenduk ikerlanaren ondorioak garatzen ahalko dituzte, haien beharretara egokitutako coaching-prozesu pertsonalizatu baten bidez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren teknikari espezializatuek egina. Zehazki, fase horrek argi bereizitako bi parte izanen ditu. Lehenengoa, laguntzakoa; honetan, merkatariari lagunduko zaio bere negozioaren eraldaketa digitalerako eman behar dituen hurrengo pausoei buruzko erabaki egokiak hartzen. Era berean, merkatuan dauden eta erabilgarrienak izan daitezkeen konponbideetan trebakuntza emanen zaio. Behin lehen fasea gaindituta eta ekintza-plana erabakita, merkatariak banakako saioak baliatzen ahalko ditu, adituen laguntzarekin bere saltokiaren beharretara hobe egokitzen diren konponbide horiek ezartzeko.

Laguntza eta pilotaje fasean parte hartuko duten Iruñeko berrogeita hamar saltokiak hautatzeko, heldutasun digitalaren inguruko autodiagnostikoa egin duten CORE POCTEFA proiektuaren albiste-buletinean izena eman duten saltokien datu-basea hartuko da oinarri. Albiste-buletinean izena ematea eta heldutasun digitalari buruzko autodiagnostikoa egiteko tresnaren erabilera doan dira, eta eskuragarri daude Iruñeko saltoki guztiendako COREren webgunearen bidez. Azken hautaketan, laginaren proportzionaltasuna errespetatuko da, tipologia sektorialari, saltokiaren tamainari, kokapenari edo heldutasun digitalari dagokienez. Horretarako saltokien autodiagnostikorako txostenak aztertuko dira CORE POCTEFA albiste-buletinean izena emandako hurrenkerarekin bat, eta hautatuko dira lehen aipatutako proportzionaltasuna bete arte.

Merkataritzaren digitalizazioa hobetzearen bila

Iruñeko Udaleko Merkataritza Zerbitzuak hiriburuan dauden 2.500 saltoki ingururi laguntza ematea eta horiek sustatzea eta garatzea du xede, eta CORE POCTEFA proiektuan parte hartzen du, hirian lan egiten duten txikizkako merkataritza-ETEen eta udalerriko saltokiak biltzen dituzten erakundeen eraldaketa digitalaren arloko gaitasun profesionala hobetzeko. Halaber, proiektu horrek sentsibilizatu nahi du txikizkako merkataritza-sektoreak proiektuan parte hartzen duten hirietako enpleguaren eta aberastasunaren eragile gisa duen garrantziaren inguruan.

CORE POCTEFA proiektuak 2022. urtea du jomuga, eta saltoki txikien lehiakortasuna hobetu nahi du digitalizazio-tresnak txertatzearen bidez. 1,25 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65ean finantzatu du Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programa Eragilearen INTERREG V A programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren bitartez diruz lagundutako proiektu guztien helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Iruñeaz gain, proiektuko erakunde kide eta laguntzaileak Pirinio Atlantikoak eta Garona Garaia eskualdekoak dira (Frantzian), eta Gipuzkoa, Araba, Teruel eta Bartzelona.

¿Te ha sido útil esta página?