‘Iruñeko merkatariak, plazara!, asteburu honetan Udalak tokiko merkataritza laguntzeko martxan jarriko duen ekimen berria

‘Iruñeko merkatariak, plazara!, asteburu honetan Udalak tokiko merkataritza laguntzeko martxan jarriko duen ekimen berria
Urrira arte, asteburu bat hilean, izena ematen duten Iruñeko merkatariek beren produktuak establezimenduen ateetara ateratzen ahalko dituzte
Cartel

 

Iruñeko Udalak maiatzean abiatuko du tokiko merkataritza laguntzeko ekimen berria: ‘Iruñeko merkatariak, plazara!’. Asteburu honetan emanen zaio hasiera programari, eta aurreikusita dago hilean behin egitea, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean, hiriko merkatarien elkarteekin elkarlanean. Horrela, maiatzaren 7an eta 8an, izena ematen duten Iruñeko saltokiek beren produktuak kalera ateratzen ahalko dituzte, establezimenduen atean, bere merkataritza-eskaintza ezagutzera emateko, Udalaren baimena baitute hori egiteko.

‘Iruñeko merkatariak, plazara!’ ekimena, osasun krisia baino lehen, 16 urtez ‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ programa egin zen hilabete berean eginen da. Adin guztietarako jarduerak eskaintzen zituen erdiguneko eta Iruñeko auzoetako hainbat merkataritza-gunetako kaleetan. Iaz, pandemia eta konfinamendua zirela-eta, ezinezkoa izan zen kalean ekitaldiak antolatzea. Egungo osasun-egoerak ere ez du aukerarik ematen kaleetan eta plazetan jende-pilaketak sortuko dituen ekintzak diseinatzeko; beraz, merkataritza sustatu eta osasuna babesten dituen ideia honen alde egin da.

Parte hartu nahi duten saltokiek bere elkartearen bidez eman dezakete izena, eta ezein elkartekoak ez direnak Merkataritza eta Turismoko Alorrarekin harremanetan jarri beharko dira izena emateko, mezu elektroniko bat bidalita comercioyturismo@pamplona.es helbidera. Eman beharreko datuak honako hauek dira: saltokiaren izena, kokatuta dagoen kalea eta zenbakia, posta-kodea, merkataritza-eremua eta azpisektorea.

Establezimenduen barruan jende-pilaketarik gabeko erosketak sustatzea

‘Iruñeko merkatariak, plazara!’ ekimena establezimenduaren ateetan produktua erakustean datza, arreta deitzeko eta hurbileko saltokien eskaintza herritarrei gerturatzeko. Horrela, gune irekietan erosketak sustatu eta establezimenduen barruan bezero-pilaketak murriztuko dira.

Jardueran parte hartu nahi duten negozioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: lokalaren fatxadak dituen metro linealak baino gehiago ez okupatzea eta bi metroko sakonera ez gainditzea. Eguraldi onean antolatzen denez, ezinen da karparik, megafoniarik eta giro-soinurik instalatu. Gomendatzen da altzari arinak ateratzea, hala nola esekitokiak, mahaitxoak eta erakustoki txikiak, atariko zein beste lokaletarako sarbidea oztopatzen ez dutenak. Merkataritza-jardunaldia amaitzean kendu beharko dira.

Oinezkoek gutxienez 2 metro zabal izanen dute espaloitik pasatzeko; beraz, ezinen dira 2 metro baino gutxiago dituzten espaloiak erabili. Erosleen arteko tarteak 1,5 metrokoa izan behar du. Azkenik, ezinen dira bide publikoan erakutsi ezta saldu ere hotzean gorde behar diren elikagai freskoak. Ekimen honetan izena ematen duten elikadura-establezimenduek Osasun Ikuskaritzak kasu bakoitzean egoki jotzen dituen jarraibide osagarriak bete beharko dituzte.

Udaltzaingoak egiaztatuko du kalean dauden establezimendu guztiak ekimenaren parte direla. Jarduera auzo guztietan eginen da, baina merkataritza elkarteak dituzten auzoetan establezimendu gehiago egonen direla aurreikusten da, hala nola Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman, Martin Azpilcueta Donibane Merkataritza-gunean, Ermitagañan eta Mendebaldean, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean eta Mendillorrin.

¿Te ha sido útil esta página?