Iruñeko Mendillorri auzoak garbiketa automatikoko komun bat izanen du kirol-pisten ondoan

Iruñeko Mendillorri auzoak garbiketa automatikoko komun bat izanen du kirol-pisten ondoan
Udalak 60.000 euro bideratuko ditu komuna erosi eta Ramón Aguinaga kalearen eta Badostaingo errepidearen elkargunean instalatzeko

Aseo

 

Mendillorriko kirol-pistetan, Ramón Aguinaga kalearen eta Badostaingo errepidearen arteko elkargunean, garbiketa automatikoko komun bat jarriko dute. Horrela erabaki du Iruñeko Udalak kirolgune horiek intentsiboki erabiltzen direla, aisialdirako gune horretan bizilagun asko biltzen direla eta inguruan komun publikorik ez dagoela egiaztatu ondoren.

Tokiko Gobernu Batzarrak komuna hornitu eta instalatzeko kontratuaren lizitazioa onetsi du, 60.000 euroko hasierako zenbatekoarekin. Kontratuak ez ditu barne hartzen obra zibila (zimendatzea), ez eta komunarekin lotzen diren hartuneak ere, bi elementu horiek udal-zerbitzuek instalatuko baitituzte enpresa hornitzaileak agindutakoari jarraituz.

Interesa duten enpresek eskaintzak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratutako pleguan adierazitako epean. Puntuazio-irizpideak: 100 puntu jasotzen ahalko dituzte guztira, 50 puntura bitarte Udalarendako eskaintza ekonomiko onuragarrienarendako; 30 puntu bitarte eskaintza teknikoarendako; 10 puntu bitarte irizpide sozialei lotuta, eta beste 10 puntu bitarte komunaren berme-epearen hedapenen (2 puntu bitarte) eta azpiegituraren mantentze-lanen eskaintzaren (8 puntu bitarte) artean banatuta. Obra zibila amaitutakoan, enpresa adjudikaziodunak gehienez ere 30 egun balioduneko epea izanen du komuna martxan jartzeko.

Kabina bat eta kanpoan bi komun itxituraz estaliak
Komun-modulua hormigoi armatuzko unitate bat izanen da, eta kabina bat, zerbitzuaren funtzionamendua kontrolatzeko eremu teknikoa eta kanpoko pixatokiak barne hartuko ditu. Sartzeko atea eta kabinaren barneko aldea erabilera mistorako eta desgaitasuna duten pertsonendako egokia izan beharko da. Moduluaren kanpoko aldeak eta barruko lurzoru, horma eta sabaietako estaldurek erraz garbitzeko modukoak eta erresistenteak izan beharko dute, bai eta bandalismoaren aurkako akaberak eduki ere. Barruko aldeak, gainera, garbitu eta desinfektatzeko erraza izan beharko du, eta irristagaitza, baita azalera bustita dagoenean ere. Komun-moduluaren barrualdean, presentzia-detektagailuak dituzten argiak jarriko dira sabaian.

Kabinak honako hauek edukiko ditu: altzairu herdoilgaitzezko eserleku zintzilikaria, eskuak garbitzeko konketa, esku-lehorgailua, bermatzeko barrak, paperaren euskarria, zakarrontzia eta abar; eta honako hauez hornituta egonen da: argi artifizialez eta larrialdi-argiez, termostatoz erregulatzen ahal den berogailuaz, aireztapen artifizialeko sistemaz eta egoeraren seinalearen argiz (libre dago, norbait dago, zerbitzuz kanpo). Atea, arkitektura-oztoporik gabekoa, altzairu herdoilgaitzezkoa izanen da, kanpotik zein barrutik, eta espaloirantz zabalduko da; halaber, presentzia detektatzen duen itxiera automatikoa eta blokeatzeko eta desblokeatzeko segurtasun-sistemak izanen ditu.

Kanpoan altzairu herdoilgaitzezko bi pixatoki egonen dira: tartean banatzaile bertikala izanen dute, eta sartuta egonen dira komunaren paretek eta estalkiak inguruko eraikinen ikuspegitik babes ditzaten. Halaber, kanpoan ere argia izanen du, sentsore krepuskularrarekin edo ordu-programagailu astronomikoarekin.

¿Te ha sido útil esta página?