
Iruñeak lehen udal errugbi-zelaia izanen du 2025ean. Biritxitu inguruan eraikiko da, Sanduzelaiko kirol-hiriaren atzealdean. Obren lehen faseak 1,4 milioi euroko aurrekontua du; horietatik 500.000 euro Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu, dirulaguntza baten bidez. Dagoeneko egin da proiektuaren memoria baloratua, kirol-instalazio berriaren ezaugarriekin, eta urte amaierarako onetsi nahi da. Zelaia eraikitzeko obrek zazpi hilabeteko epea dute.
Nafarroako Gobernuaren Azpiegituren Plan Zuzentzailean Iruñean errugbi-zelai bat eraikitzea aurreikusten da. Plan horrek 2,5 milioi euroan baloratzen du zuzkidura oso baterako obra, joko-zelaia bera ez ezik, beste instalazio batzuk ere barne hartuko lituzkeena, hala nola aldagelak eta harmaila estali batzuk. Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera obra hori bi fasetan eginen da. Lehenengo fasean, errugbi-zelaia eginen da, belar artifizialekoa eta 1b kategoriakoa, goi-mailako partidak jokatu ahal izateko.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eta Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatuko dute Nafarroako Gobernuak errugbi-zelaiaren lehen fasea egiteko jarriko duen 500.000 euroko dirulaguntzari legezko babesa emateko. Bigarren faserako geratuko litzateke aldagelen behin betiko eremua eraikitzea, sei aldagela kirol-taldeentzat eta bi arbitro-taldeentzat, 500 edo 1.000 lagunendaako harmaila estali batzuk egitea, eta baita erabilera pribatuko zenbait espazio ere, Nafarroako Errugbi Federazioarendako eta hirian dauden klubendako.
Homologatutako neurriak eta futbol 8rako ere egokitua
1b kategoriako errugbi-zelai bat planteatzen da, Sanduzelaiko Kirol Hiriko igerilekuetako lorategi-zerrendari hego-ekialderantz jarraipena emanez; 94 x 68 metrokoa izanen da gutxienez, eta 10 metroko markako bi eremu eta 5 metroko segurtasun-zerrenda perimetral homologatu bat izanen ditu. Zelaiaren erabileraren amortizazioa errazteko, erabilera hori futbol8 deiturikoarekin bateratu nahi da. Futbol-zelaiak errugbi-zelaiaren zabaleran antolatuko dira, eta, horrela, bi zelai sortuko dira.
Obren lehen fasean, zelaiaz gain, plataforma bat ere eraikiko da ondoan, harmailak eta aldagela eramangarriak jartzeko. Hala ere, ez da baztertzen etorkizunean, bigarren fasean, behin betiko instalazioak egiteko aukera. Harmaila horiek udal-hilerritik hurbilen dagoen eremuan kokatuko dira. San Jose hilerriko bide perimetraletik eta aldameneko beste udal-lurzati batetik hurbil egoteak oinezkoendako eta ibilgailuendako beste sarbide bat egiteko aukera emanen du. Gainera, Sanduzelaiko kirol-hiritik beste sarbide bat egitea aurreikusi da.
Azpiegitura berria osotara 40.030,80 m2-ko azalera duen lurzatian eraikiko da. Errugbi-zelaiak mugatuko duen gunea eta fase desberdinetan eraikiko diren espazio osagarriek lurzatiaren 16.100 m2 azalera inguru hartuko dute. Kontuan hartu behar da 600 m2 inguruko zerrenda bat lautu beharko dela Sanduzelaiko kirol-hiriko lurzatiaren hegoaldeko ezpondan; hori horrela, jarduketaren azalera osoa 17.000 m2 ingurukoa izanen da. Errugbi-zelaia eraikiko den lurzatiaren zatirik handiena Diputazioaren haztegiak ziren lehen.