Iruñeko lau ikastetxek parte hartzen dute Udalak sustatutako eskola-ibilbide osasungarri eta seguruak bultzatzeko programan

Iruñeko lau ikastetxek parte hartzen dute Udalak sustatutako eskola-ibilbide osasungarri eta seguruak bultzatzeko programan
Bernart Etxepare eta Buztintxuri eskola publikoek eta Sagrado Corazón (FESB) ikastetxeak bat egin dute programarekin, Amaiur Ikastolarekin batera
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Logo caminos escolares

Dagoeneko lau ikastetxe daude Iruñeko Udalaren eskola-ibilbide osasungarri eta seguruak bultzatzeko programaren barruan. Honako hauek dira: Amaiur Ikastola, programaren aitzindaria izan zena; Sagrado Corazón ikastetxea (FESB) Colecaminos proiektuari berriro ekin diona, eta Buztintxuri eta Bernart Etxepare ikastetxe publikoak, beren proiektu pilotua hasi berri dutenak. Xedea da ikastetxerako joan-etorrietan segurtasuna hobetzeaz eta mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, ikasleen eta hiriaren osasuna zaintzea.

Eskola-ibilbide osasungarri eta seguruen sareak baditu jada dagozkion irudia eta seinaleztapena. Mugikortasun zerbitzuak  haien proiektu pilotuak maiatzean abiatu dituzten hiru ikastetxeetako eta Amaiur ikastolako ibilbideak, aurreko urtean proiektu pilotua abiatu zenetik finkatuta zeudenak, seinaleztatu ditu. Seinaleztapen bertikala ere fase pilotuan dago,eta beraz, behin behinean, hainbat euskarritan eta Lehen Hezkuntzako ikasleek irakurtzeko moduko altueran jarri da ibilbide desberdinetan zehar. Seinale horiek jarraitu beharreko noranzkoak, ibilbideen abiapuntuak eta topaguneak adierazten dituzte eta udalaren webgunera bideratzen duen esteka duen QR bat dute proiektuari buruzko informazioa nahi dutenendako.

Eskola-ibilbide osasungarri eta seguruak martxan jartzeko, Udalak ikastetxeen inguruak aztertu eta balizko ibilbideak definitu ditu, ikastetxeetako arduradunekin eta guraso elkarteekin elkarlanean. Udaleko teknikariek aholkularitza eskaintzen diete behar duten zuzendaritza taldeei eta kontzientziazio-lana sustatzen dute guraso elkarteetan, haien mobilizazioa bultzatzeko. Parte hartzen duten eragile guztien iritzia kontua hartzen da eskola-inguruneetan segurtasuna arian-arian hobetzeko. 

Proiektuaren barruan dauden guraso elkarteak eta familiak arduratzen dira haurren laguntza antolatzeaz. Boluntarioen taldea whatsappeko talde baten bidez antolatzen da eta arau batzuk ezartzen ditu. Arau horien artean, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: aukeratutako egunean taldeari laguntzeko konpromisoa betetzea, puntualtasuna eta aldi baterako baja gertatzen bada aldez aurretik abisatzeko betebeharra; inplikatutako familien konfiantzan eta erantzunkidetasunean oinarritutako proiektua baita. Boluntario helduek txaleko islatzaileak daramatzate identifikatzeko.

Ikastetxe parte-hartzaileak 
Amaiur ikastolak ikasturte honetan aurreko ikasturtean proiektu pilotu gisa abiatu zituen bi ibilbideak finkatu ditu, astearte eta ostegunetan funtzionatzen dutenak. Batek Iturrama auzoa zeharkatzen du, San Joan Bosco kaletik hasita (Rinaldi Multzoaren ondoan) eta Ezkirotz, Iturrama, Iñigo Arista eta Fuente del Hierro kaleetan barna iristen da ikastolara. Bestea Donibane auzoan hasten da, Azueloko Monasterioaren plazan, eta Baiona etorbidea eta Barañaingo etorbidea igaro ondoren Antso Azkarraren eta Pio XII.aren etorbideak gurutzatzen ditu Errioxa kaletik, Iturrama kalean barna ikastetxera heltzeko. 

Sagrado Corazón (FESB) ikastetxeko proiektua ikastetxe horrek 2018-2019ko ikasturtean martxan jarri zuen Colecaminos proiektuan oinarrituta dago. Proiektu horrek lehen saria jaso zuen Iruñeko Udalak ematen dituen Ikaskuntza-zerbitzuko proiektuen sarietan eta pandemian zehar bertan behera gelditu zen. Orduan irakasleak buru zituen zentroko proiektu gisa hasi zen, eta orain, guraso elkartearen eta familien inplikazioarekin eta talde eragilearen dinamizazioarekin ekin zaio berriro. Ikasturte hartan ezarri ziren bi ibilbideetatik (Zabalgunekoa, Askatasun plazan hasten dena, eta Lezkairukoa, Aitzindarien parkean hasten dena), Lezkairukoa jarri da abian, astearte eta ostegunetan. Lehen Hezkuntzako hainbat mailatako 12 familiak, guraso boluntarioek nola ikasleek parte-hartzen dute ekimenean.

Bernart Etxepare ikastetxe publikoari dagokionez,  diseinatutako lau ibilbidetatik birekin jarri da abianproiektua, eta Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 4. mailara bitarteko 20 haurrek eta lau guraso boluntariok parte hartzen dute horietan. Astelehen eta ostiraletan egiten dira. Ibilbideetako bat Kanalea kalean hasten da (Iñigo Moratín kalearen ondoan) eta ikastetxera heldu aurretik Orvinako aldea eta Atarrabiako etorbidea gurutzatzen ditu eta Txantreako iparraldea zeharkatzen du Ororbia eta Andre Maria Laguntzakoaren kaleetan barna heltzeko ikastetxera. Bestea Gares plazan hasten da (Txantreako hegoaldetik hurbil) eta Huarte-Arakil, Magdalena eta Berriozar kaleetan barna heltzen da ikastetxera. Proiektua astelehen eta ostiral guztietan egiten da. 

Buztintxuri ikastetxe publikoak aurreikusitako hiru ibilbideak baieztatu ditu, astelehen eta ostegunetan. Hasiera batean Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 5. mailara bitarteko 32 haurrek eta 10 guraso boluntariok parte hartuko dute. Ibilbideetako bat Artikatik (Berriobeiti) abiatzen da, María Domínguez kalearen hasieratik, eta Iruñean barna jarraitzen du, Santos A. Ochandategui kaletik; beste bat Santa Luzia kaletik abiatzen da, Santa Luzia etorbidea gurutzatuz iparralderantz jarraitzeko eta eraikin artean doazen oinezkoendako hainbat kaletan barna segitzen du Ventura Rodríguez eta Santos A. Ochandategi kaleak zeharkatuta ikastetxera heltzeko; hirugarren ibilbidea, berriz,Santa Engrazia inguruan hasten da eta Gipuzkoako etorbidetik igotzen da Santos A. Ochandategi kalera iritsi arte, han Gipuzkoako etorbidea gurutzatu baino lehen Artikatik heldu den ibilbidearekin bat egiteko. Azken bidegurutze hori hobetu du Udalak, eta oinezkoen pasabideak margotu ditu etorbidearen bi aldeetan dauden bidegorriak eta ibilbidea gurutzatzen diren lekuetan, haurren eta haiekin doazen helduen segurtasuna hobetzeko.

Hazten ari den proiektua
Hurrengo ikasturteari begira, ikastetxeetan proiektuak sendotzeko aukera dago, familia berriak inplikatzen badira eta ikasgeletan hiriko osasuna eta ingurumen-kalitatea lantzen dituzten ikasgaietan eskola-ibilbideen proiektuarekin lotutako hezkuntza-jarduerak garatzen badira. Horrela, hiritartasuneko gaitasunak eskuratzea eta hezkuntza-komunitate osoak hiri-ingurumena zaintzeko erantzunkidetasuna hartzea sustatuko da. 

Udalaren Mugikortasun zerbitzuak ibilbideak birplanteatuko ditu beste inkesta bat egin eta Lehen Hezkuntzako ikasle berriak mapan txertatu ondoren. Seinaleztapenaren funtzionamendua ebaluatuko da, halaber, eta behar berrien arabera birpentsatuko da. Guraso elkarteek eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek, beren aldetik, proiektua sustatzen jarraituko dute gero eta familia gehiago engaiatzeko eta ikastetxeetara kotxez doazen haurren kopurua murrizteko.


Eskola-ibilbide osasungarri eta seguruen sarea

•    Amaiur Ikastola 

  • Astearte eta ostegunetan

•    Sagrado Corazón ikastetxea

  • Astearte eta ostegunetan

•    Bernart Etxepare ikastetxe publikoa 

  • Astelehen eta ostiraletan

•    Buztintxuri ikastetxe publikoa

  •  Astelehen eta ostiraletan
¿Te ha sido útil esta página?