‘Festa adimentsua’ leloa duen Munduko San Fermín onlineko kultur Jaialdiak Iruñeko kultura eta gastronomia sustatuko ditu mundu osoan zehar Sanferminen eskutik, gehien bat online izanen den programa baten bitartez, non tokia izanen baitute nazioarteko xake txapelketa aparta batek eta aire zabaleko hainbat jarduerak, betiere une bakoitzean indarrean dauden osasun-murrizketak kontuan hartuta.
Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak aurkeztu ditu Magnus Carlsen munduko xake-txapelduna hirira ekarriko duen ekimen horren xehetasun guztiak Mikel Urmeneta Sanferfooden fundatzaile eta arte-zuzendariarekin, Pepe Cuenca xakeko maisu handi eta Chess24ren aurkezle-izarrarekin eta Iñaki Andradas Sanferfooden fundatzaile eta sukaldariarekin batera.
Chess24 plataformaren datuekin bat, bi hilabete horietan 35 milioi bistaratze pilatuko dira, guztira, 13 milioi ordu, eta haien erreferentzia-puntua San Fermín eta Iruña izanen dira. Aurreikuspenen arabera, 17 milioi pertsonarengana helduko da, eta horiei harpidetu eta erregistratu gabeko beste 11 milioi gehitzen ahalko zaizkie.
Jaialdia Udalak antolatutako kultura eta aisialdi seguruko ‘Biba Iruña bizirik! Programa zabalaren barruan dago, eta 400 jarduera baino gehiago izanen ditu. Sanferminak bigarren urtez jarraian bertan behera uzteak eta osasun egoerak behartu dute Iruñeko Udala kultur programa berri bat martxan jartzera, hiriko kaleei bizitza emate aldera.. Udan osoan zehar eginen da, atari zabaleko jarduerak bultzatuz.
Lekuak, tradizioak eta gune gastronomikoak ezagutaraziko dituzten elkarrizketak
Jaialdia berehala hasiko da, modu informalean hasi ere, xakean sailkatzeko txapelketekin, eta programa-izaera hartuko du ekainaren 26tik uztailaren 15era bitarte; egunero eta ia arratsalde osoan zehar, 16:00etatik 21:00etara gauzatu beharreko emanaldien bidez. Chess24 nazioarteko xake plataformaren bidez eginen da, doako eta sarbide librekoa den gune birtualaren bidez. Interesa duten guztiak sartzen ahalko dira, eta xake partidez gain, egun osoan zehar une bakoitzean posible diren aire zabaleko jarduerak antolatuko dira, zeinak grabatu eta streaming-en edo geroago emanen baitira.
Hainbat atal izanen dira, nagusiki kultura eta gastronomiara bideratuta. “El Divis” eta Pepe Cuenca xake-esatariak, sailkapen-partidak eta Munduko San Fermín txapelketa zuzenean emateaz gain, Iruñean zehar ibiliko dira hiriko pertsona interesgarri batzuek lagunduta, haien bidez jasotzeko, adibidez, leku enblematikoen, tradizioen eta ostalaritza-establezimenduen berri. Horrela, ikusgai jarriko dira, besteak beste, elkarrizketak, hitzaldiak unibertsitatean, Iñaki Andradasen lehiaketa gastro-humoristikoak eta beste jarduera batzuk, plataformara sartzen direnei programazio erakargarri bat eskaintzeko xedez.
Horrela, hiria, festa, kultura, tradizioak eta gastronomia erakusten ahalko zaizkio xakerako zaletasuna partekatzen duen ikuslego ezberdin bati. Udala elkarlanean ari da, ekimen hau abian jartzeko Mikel Urmenetak eta Iñaki Andradasek osatutako Sanferfood nekazaritza-elikagaien ekoiztetxearekin eta Chess24 nazioarteko xake-plataformarekin, non David Martinez –“El Divis”– eta Pepe Cuenca partaide diren.
Marcus Carlsenen eta xakearen eliteko beste pertsona batzuen parte hartzea
Txapelketa lau sailkapen-fasetan antolatuta dago, batzuk irekiak eta beste batzuk nazioarteko maisu handiekin. Uztailaren 6tik 11ra finalak eginen dira, eta fase bakoitzean irabazle bat izanen da. Sailkatutako 4 pertsonak uztailaren 13 eta 14an munduko eliteko 4 gonbidatuen aurka arituko dira. Horien artean izanen da Magnus Carlsen, egun munduko txapelduna eta garai guztietako xake-jokalaririk onena jotakoa, zeinak Iruñetik zuzenean jokatuko baitu.
Gastronomian, Iñaki Andradasek egunero eta modu originalean erakutsiko ditu tabernak, jatetxeak, pintxoak, eta bertako platerak eta produktuak, “El Divis”, Pepe Cuenca eta gonbidatuekin interakzioan arituta. Iruñetik eta Nafarroako beste puntu batzuetatik eginen du. Bere parte hartzeak alderdi serioago bat izanen du –sukaldean plater bat prestatzea– eta alde informalagoa –lehiaketa gastronomiko bat xake partida baten erdian–. Horrela, ostalaritza ere babestu nahi da, gaur egungo osasun krisiak larriki eragin baitio.
Kanpaina grafikoa, Iruñeko alderdi estrategiak balioesteko
Jaialdiaren irudiak, Mikel Urmenetaren zuzendaritzaren pean, deigarria izan nahi izan du, eta hainbat esparrutan ezagunak diren pertsonek parte hartu dute hori egiteko, hala nola Fernando Rapa arte-zuzendariak eta Javier Colina eta Manuel Blanco musikariek. Jaialdiaren alderdi guztiak definitzen dituen logotipoa du oinarri: peoi adardun bat, aldi berean pintxo bat dena, eta kultura, San Fermín, gastronomia eta xakea gogora ekartzen dituena.
Logotipo hori kanpaina grafiko baten hainbat iruditan agertuko da, eta Iruña lotuko du San Ferminekin, entzierroarekin, gastronomiarekin, Donejakue bidearekin, harresiekin, Hemingwayrekin eta osasun-turismoarekin, hiriko alderdi estrategikoak haren nazioarteko kokapenean balioesteko. Karteletan irudia, argazkia edo marrazkia izanen dira nagusi, itzulpenik behar ez duten hizkuntzak. Nolanahi ere, karteletako testuak 8 hizkuntzatara itzuliko dira.
Kanpainak irudiak ere txertatuko ditu, eta horietan ikusiko da xakea dela pentsamendua, zientzia eta artea berekin dakartzan kultur eramaile bat, belaunaldien artekoa, kulturartekoa eta eskuragarria izateaz gain. Ez da azpiegiturarik ezta dirutza garrantzitsurik behar. Ia edozein lekutan jolas daiteke, eta gainera, orain modan dago, ‘Gambito de Dama’ telesailaren arrakastari esker, besteak beste.