Iruñeko Udalak abian jarri du ‘Komunitate-polizia zure Civivoxean’ proiektua martxoan. Hari esker, herritarrek hurbilago izanen dituzte agenteak, eskaerak eta iradokizunak modu zuzen eta eraginkorragoan helarazi ahal izateko. Auzo bakoitzean arreta egun bat finkatuko da, eta egun horretarako hitzordua Civivox zentroan bertan eskatzen ahalko da. Lehenengo fasean, zerbitzua pilotu gisa eskainiko da Sanduzelain, Iturraman eta Mendillorrin, eta emaitzen arabera hiriko gainontzeko auzoetan martxan jartzea aztertuko da.
Proiektu horren helburu nagusia da komunitate-poliziaren eta bere auzoaren arteko informazio-elkartrukerako gune bat sortzea, auzoetako Civivoxetan agertuz, bizilagunek aldez aurretik ezagutuko dituzten egun eta ordu jakin batzuetan.
Hasieran hiru auzotan garatuko da. Auzo horiek aukeratu dira arrazoi demografikoengatik, Komunitate-poliziak eremuan duen ezarpen-mailagatik eta gai teknikoengatik, hala nola udal-zuzkiduran bertan espazio fisiko egokia izateko aukera izateagatik. Iturramako zentroan zerbitzua hilabete bakoitzeko lehen astelehenetan emanen da 3. ikasgelan. Hitzordu-eskaerak zentroan bertan edo bertako telefonora (948.36.66.55) deituta egin daitezke jada. Mendillorri-Erripagaina-Santa María la Real eremuko komunitate-poliziak Mendillorriko zentroko 3. aretoan arituko dira hilabete bakoitzeko lehen astearteetan, 10:00etatik 11:00etara. Hitzordua zentroan bertan edo 948.16.41.14 telefonoan eska daiteke. Azkenik, Sanduzelai-Buztintxuriko eremuko agente taldea Sanduzelaiko Civivoxean arituko da hilabete bakoitzeko lehen asteazkenetan, eta hitzordua zentroan bertan edo 948.13.64.00 telefonoan eska daiteke.
Helburua: polizia herritarrei hurbiltzea
‘Komunitate polizia zure Civivoxean’ proiektua auzoetako agente titularrek garatuko dute, beste komunitate-poliziako agente batzuek lagunduta, sinergia horrek gero hiriko gainontzeko auzoetan ezartzen lagun dezan. Funtsezko ideia zera da: hala eskatu duten herritar edo herritarrekin elkarrizketa bat izatea, hasiera batean, herri segurtasunarekin lotutako arazoei heltzeko, baina beste gai batzuetara ere heda daitekeena, eta agenteek interesdunak zerbitzu edo erakunde arduradunera bideratuko dituzte.
Iruñeko Udaltzaingoak xede du bere komunitate-poliziako agenteen bidez bizilagunekin komunikazio zuzen eta pertsonala sortzea, beraiengan konfiantza sortzeko funtsezko elementu gisa. Eremu bakoitzeko auzo-elkarteek, erakunde publikoek, ikastetxeek eta gizarte langileek auzoko komunitate-poliziako agentearekin harreman zuzena dute. Zuzeneko harremanak eta bere izena, telefono eta posta elektronikoa ezagutzeak errazagoa egiten du herritarrek beren arazoen berri eman ahal izatea, agenteek konponbidea eman ahal izateko.
Zehazki, Iruñeko Komunitate-poliziaren funtzioak dira, esaterako, Iruñeko Udaleko Auzo Unitateek ematen duten gizarte zerbitzuari laguntza ematea, etxebizitzetara edo pertsona gatazkatsuengana bisitak eginez, besteak beste. Auzo-gatazketan bitartekari lanak ere egiten dituzte eta arlo sozialeko, hezkuntzako eta segurtasun-indarretako funtzionario eta langileekin sarean lan egiten dute. Iruñeko Komunitate-poliziak herritarren hurbiltasuna eta parte-hartzea bilatzen duten foro eta proiektuetan parte hartzen du, hala nola, Adinekoen aldeko Itunean, Haurtzaroko sarean eta CLARA Arrazismo, Xenofobia eta Gorroto-diskurtsoen kontrako proiektu europarrean.