Iruñeko kaleak neguko koloreak eskaintzen hasi dira, parterreetarako 48.100 erraboil eta lore-landare ale baino gehiago landatuta

Iruñeko kaleak neguko koloreak eskaintzen hasi dira, parterreetarako 48.100 erraboil eta lore-landare ale baino gehiago landatuta
Udalak hautaketan erabilitako irizpideen artean, biodibertsitatea eta jasangarritasuna sustatzea dago, uraren erabilera minimizatuz

 

Lorategietako Zerbitzuak udazken eta negu honetarako egin dituen diseinuak hiriko hainbat parterretan ikus ditzakegu, sasoi honetako kanpainaren lorea landatzen ari baita egunotan. Osotara, hilabete hasieratik 48.180 erraboil eta lore-landare ale landatzen ari dira, eta eguraldi egokia mantentzekotan datorren hiru asteetan amaituko dute lan hori. Hiri-parterreak bide publikoko elementu apaingarriak dira, eta hiri kalitatea hobetzen laguntzen dute. Eginkizun generiko horretatik haratago, antolamenduak oinezkoen zirkulazioa erregulatzen laguntzen du, oinezkoentzako igarobideak sortuz eta orientatuz, eta ibilgailuen zirkulazioan eragina du ere, biribilguneetako eta bide-sareko bestelako puntu batzuetako ikusgaitasunean eragina duelako.

70 parterre inguru dago Iruñean, guztira 2.500 m2 landare, loredunak eta lorerik gabeak, hiriko gune ezberdinetan banatuta. Gainera, bere tamaina eta kokapena aldian-aldian berrikusten da hirigunea hobetzen laguntzeko. Sasoi honetan Udaleko Lorategietako Zerbitzuko diseinuek biodibertsitatea eta jasangarritasuna sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, mantentze-lanetan uraren erabilera minimizatuz. Ohikoa denez, landaketan lore-landareak, sukaldaritzakoak, usaintsuak eta bizikorrak konbinatzen dira, eta sistematikoki parterrera konpost berria ekarriz egiten da.

Ikuspuntu estetikotik, Udalak, parterre bakoitzeko konposizioetan berrikuntza eta ikusgarritasuna indartzeaz gain, hainbat kolore uztartzen ditu, esate baterako, horiak, gorriak, laranjak, urdin-mota ezberdinak, izokin-kolorea, arrosa, zuria...eta landatutako multzoen tamainarekin ere jolasten du, serie laburrak edo luzeak aukeratuz, parterrea oinezkoen gozamenerako den edo ibilgailuendako eremuan dagoen kontuan hartuta. Landare kopuruari dagokionez, sasoi honetan nabarmentzen dira biolak, udaberri-loreak, dragoi-muturra, Islandiako mitxoleta, pentsamenduak, erysimum eta, belardietan, basabitxiloreak.

Urteko landareen horniduraz (bi landaketa) arduratzen den enpresa Adaxka SL da, 53.173 euroan. Gainera, ahal den neurrian, Udalak aurreko denboraldiko landareen zati bat bildu eta Miluzeko mintegian birlandatzen du, hutsegiteak birjartzeko, parterre berriak sortzeko, merkatuan lortzeko zailak izatekotan horiek erreproduzitzen saiatzeko eta, kasuren batean, prezio handia edo/eta garapen motela dutelako.

Hiriko parke historikoetan, hala nola Taconeran eta Media Lunan, parterreetako lorezaintza-diseinuak sinplifikatu egiten dira, lerro serioagoekin eta oso ertz definituekin, lore-sailen egitura zurruna dela-eta.

¿Te ha sido útil esta página?