Hiri irekia eta abegikorra. Hori da Iruñeko irudi turistiko berriak helarazi nahi duen ideia. Irudi bat non garrantzi handia hartzen baitute tratu pertsonalak, irribarreak eta hiriko biztanleen poztasunak, zeinek ongietorria egiten baitiete turista eta bisitariei, hainbat hizkuntzatan. Hori horrela, eta turismo jasangarriaren eredua abiapuntu hartuta, hiriko ondaregune garrantzitsuak aurkezten dira, gastronomian barnako ibilbide bat egiten da, eta gogora ekartzen da Iruña Donejakue bideko lehen hiria dela. Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek parte hartu dute irudi berria aurkezteko gaur goizean egin den ekitaldian.
Ekitaldian minutu bat irauten duen iragarki bat aurkeztu da, non hiriko biztanleak, merkatariak eta ostalariak agertzen baitira letradun kamiseta bat janzten, "Kaixo" hitza osatu arte hainbat hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa eta katalana), hirira datozenei ongietorria egiteko jolas gisa. Bideoan, besteak beste, honako toki hauek agertzen dira: Alde Zaharra, Ziudadela, Frantziako Portalea, Udaletxe plaza, Gazteluko plaza, katedrala, udal-merkatuak eta Baluarte. Guzti horri batasuna emanez, musika eta egunerokotasun tonu informal eta alaia. Marka berria ere erakutsi da: eskuz sortu da, ez digitalki, horrek ere gizatasun eta gertutasun ideia helarazi dezan.
Gertutasunari balioa ematea eta "hezur-haragizko" hiri bat aurkeztea
Artwork enpresak sortu du irudia, eta egileek esan dute Iruñearendako irudi turistiko pertsonalizatu bat diseinatzerako orduan hiria eta bertako herritarrak irudikatu nahi izan dituztela, hiria helmuga turistiko gisa sustatzen lagun dezaketen munta handiko balioak baitira. Izan ere, gertutasunari garrantzia eman eta hezur-haragizko hiri bat aurkeztu nahi da, halakoa non aurrez aurreko harremanak baitira nagusi. Ideia hori helarazteko irudi fresko eta gizatiarra bilatu da, gertukoa, eta hizkuntza xaloa eta ulerterraza. Eskuz egindako markak trazu dinamikoa eta atsegina du oinarri, eta egiterakoan aintzat hartu da merchandising euskarri ezberdinetan erabiltzeko egokitasuna.
Ekimen honen bidez ezberdindu eta izaera propio batekin identifikatzen duen irudi bat izango du Iruñeak, bere-berezko dituen hainbat elementurekin: jendearen gertutasuna, ondare historiko eta kulturala, Donejakue bidea, gastronomia eta tokiko produktua, besteak beste; hartara lortuta Iruña helmuga turistiko erakargarri gisa egonkortzea.