Iruñeko jatorrizko armarriaren erreplika polikromatua bueltan da asteazkenean Udaletxera, Batasunaren Pribilegioaren 603. urteurrena ospatzeko ekitaldien karietara. Iruñeko armarriaren goi-erliebe bat da, erretxinez egina, eta alde banatan bi aingeru ditu. Piezak zehaztasun handiz eusten dio Karlos III.ak hiri modernoaren sorrera-agirian ezarritakoari, eta Udaletxeko ezkaratzaren buru izanen da asteazkenetik aurrera.
Hori berritasun bat da Batasunaren Pribilegioaren programazioaren barruan, baina mugarri hori ospatzeko beste ekitaldi asko daude aste honetatik hasita. Hauek aurkeztu dute programazioa: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak; Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkariak; eta Mikel Zuza Viniegra historialari, idazle eta Iruñeko Udaleko armarriaren tailu heraldikoari buruzko txostenaren egilea.
Pieza berria egiteko, Kondestablearen jauregiko zutabeen patioan dagoen harrizko armarria hartu da abiapuntu gisa: Udalak 2022an erosi zion armarria Huarte familiari, eta Nafarroan kontserbatzen den udal-lagin heraldiko zaharrenetako bat erreproduzitzen du, egun hirian kontserbatzen direnen –gehienak XVIII. mendean eginak– aurretikoak diren Iruñeko armarriaren irudikapen historiko urrietako bat. Mikel Zuza historialariak egindako azterlan historikoaren arabera, tailua XVI. mendeko azken hamarkadaren erdialdearen eta XVII. mendeko hirugarren hamarkadaren artean egin zen. Txostenak egiantzekotzat jotzen du pieza jatorrizko Udaletxearen fatxadaren parte izan zela, erabilitako harri zuriagatik eta frontis hari buruzko lehenengo berriekin kronologikoki bat egiten duelako.
Tailuak zehaztasunez erreproduzitzen ditu Batasunaren Pribilegioan Iruñeari ezarri zitzaizkion osagai heraldikoak: kolore-eremu urdina; zilarrezko lehoi bat ibilian, mihi eta erpe gorriduna; Nafarroako arma-ikurrak ertz-mugetan; eta errege-koroa. Karlos III.aren erregealdian onetsi zen sinbolo hori, hiru burguen ikurren ordez, eta hiri bateratu guztiaren irudi izaten hasi zen orduan. Armarri berriak aurrekoa ordezkatuko du ezkaratzean, eta aurretik zegoen hori udaletxeko oin nagusiko harrera-aretoan birkokatuko da.
Mikel Zuza historialariak armarriaren jatorriari, diseinuari eta testuinguru historikoari buruzko hitzaldi bat emanen du El escudo de armas de Pamplona: una ciudad, un rey, unas cadenas y un león (Iruñeko armarria: hiri bat, errege bat, kate batzuk eta lehoi bat) izenburupean: irailaren 4an izanen da, 19:00etan, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan.
Halaber, Udaletxean barnako bisita gidatuetan parte hartzen dutenek ere ikusten ahalko dute tailua. Bisitak irailaren 3tik (osteguna) 11ra (ostirala) antolatuko dira, eta, horrez gain, beste jarduera hauetaz gozatzeko aukera egonen da: Erdi Aroko Azoka Handia irailaren 4tik (ostirala) 6ra (igandea); eta ostiral arratsaldetik igandeko 14:30ak bitarte, Arrotxapeko Runa parkean, ‘Autentika’ Nafarroako Tokiko Arrazen Azokaren bigarren edizioa, zeinak iaz hartu zuen eremuaren halako bi izanen baitu aurten. Programazioaren barruan, kontzertuen ziklo bat eginen da Gazteluko plazan eta beste kontzertu bat, Pompelo Civivoxean.
Egitasmo horiekin batera, Iruñeko Zapia entregatuko zaio Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteari, eta astelehen eguerdian, Udaletxeko harrera-aretoan eginen da hura entregatzeko ekitaldia. Irailaren 8an (asteartea) da Batasunaren Pribilegioa, eta horregatik, Udalbatza Hiri Gorpuztuan irtengo da Alde Zaharreko kaleetan barna, Iruñeko katedraleraino: bertan lore-eskaintza eta hiria bateratu zuten errege-erreginen omenezko errespontsua eginen dira. Hiri Gorpuztuaren segizioak lagunduta ibiliko da hirian barna.
100 postu baino gehiagoko azoka eta Erdi Aroko desfilea
Batasunaren Pribilegioaren barruan egiten den jarduerarik jendetsuenetako bat Erdi Aroko Azoka Handia da: lanbideen eta nekazaritzako elikagaien 100 artisau-postu eskaintzen ditu San Saturnino kalean, Kale Nagusian, Hilarión Eslava kalean, San Frantzisko plazan, Kale Berrian, Mercaderes kalean eta Udaletxe plazan. Iruñeko artista hauek girotuko dute: Circo Dabitxi, fanfarreak, kalejirak, abesbatza, Muthiko Alaiak taldeko txistulari eta dantzariak, txirimiak, tronpeta-jotzaileak eta dantzak. Pitxerreko Ordena ere bertan izanen da Erdi Aroko gudarien borrokak egiteko prest.
Berritasun gisa, aurtengo edizioan, Kale Berriko merkatariek De la discordia a la unión (Desadostasunetik batasunera) ibilbide kultural eta komertziala aurkeztuko dute. Ibilbideak aukera emanen du 8 kontakizun historikoren bidez hiriaren une gogoangarrietako batzuk ezagutzeko, 1274tik, hau da, Henrike I.a hil zen urtetik, Batasunaren Pribilegioa sinatu zen urtera arte (1423), eta horretarako, narrazioak, antzerki-proposamenak eta parte hartzeko lantegiak baliatuko dira. Gainera, Alde Zaharreko merkatarien elkarteak De compras por los Burgos (Erosketetan burguetan barna) proiektua eginen du: antzinako txanponak entregatu eta deskontuekin trukatzen ahalko dira, eta Alde Zaharreko 17 saltoki kalera aterako dira produktuak ikusgai jartzeko.
Azokaren inaugurazio-ekitaldia irailaren 4an, 18:30ean, eginen da, eta bertan izanen dira Garbiñe Bueno Zabalza lehen alkateordea; Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzia; Itziar Gorrindo Aragón Kale Berrian dagoen Espacio Kreivako arduraduna eta Kale Berriko saltokien ordezkaria; Carlos Albillo Torres Alde Zaharreko Merkatarien elkarteko ordezkaria, eta Lorenzo Sarratea Azkarraga Nafarroako abeltzainen ordezkaria eta Erronkariko Gaztaren Jatorri Deitura Arautzeko Kontseiluko lehendakaria.
Azokaren ordutegia honakoa izanen da: irailak 4 (ostirala), 17:00etatik 21:00etara eta irailak 5 eta 6 (larunbata eta igandea), 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Igandean, Fabaren Erregearen elkarteak Erdi Aroko segizioa antolatuko du, eta Muthiko Alaiak taldeko eta beste talde batzuetako 200 artistak eta figurantek Iruñeko Karlos III.aren garaiko estamentu eta protagonista guztiak antzeztuko dituzte. Erdi Aroko ‘hiri gorpuztu’ hori Kondestablearen jauregitik abiatuko da 18:00etan, eta Kale Nagusian, Aduanako zokoan, Kale Berrian, Mercaderes eta Curia kaleetan, San Jose plazan eta Navarrería kalean barna ibili ondoren, Udaletxe plazara iritsiko da.
Erregeen Kabalkadak jasoko du Iruñeko Zapia
Batasunaren Pribilegioaren festa irailaren 8an (asteartea) ospatuko da, eta bezperan, irailaren 7an (astelehena), eguerdian, Iruñeko Zapia entregatuko zaio Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteari, Udaletxeko harrera-aretoan. Sariaren hamabigarren edizioa da eta Iruñean, 1927an, Prentsa Elkarteak antolatu zuen Errege Magoen lehenengo kabalkadaren mendeurrena aitortzea du xede. Saria Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren elkarteak jasoko du: 1996an sortu zen eta jatorrizko kabalkada horren izpiritua mantendu, zaindu eta iraunarazi du erakundeak.
Irailaren 8ko (asteartea) programazioa arratsaldean hasiko da, 17:00etan, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa autobus-geltokitik abiatzen denean. Honako hau izanen da konpartsaren ibilbidea: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Orreaga etorb., Karlos III.aren etorb., Gazteluko plaza, Txapitela k. eta Mercaderes kalea. 17:45 inguruan iritsiko da Udaletxe plazara, Udalbatzarekin elkartzeko. Hiri Gorpuztuaren segizioan eginen du desfilea Udalbatzak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, gaiteroekin, txistulariekin, dantzariekin eta La Pamplonesa udal-bandarekin batera, eta katedralera iristeraino, kale hauetan barna ibiliko da: San Saturnino k., Kale Nagusia, Hilarión Eslava k., San Frantzisko pl., Florencio de Ansoleaga k., San Frantzisko pl., Kontseiluko pl., Zapateria k., Calceteros k., Mercaderes k. eta Curia k.
Iruñeko katedralean, 18:45ean, lore-eskaintza eginen da Karlos III.aren eta Leonor Trastámarakoaren mausoleoaren oinetan, Katedraleko Musika Kaperaren musikak lagunduta. 19:00etan, segizioa Katedraletik itzuliko da, Curia eta Mercaderes kaleetan barna, Udaletxe plazaraino: bertan emanen zaio amaiera Batasunaren Pribilegioaren Egunari, hiriaren ohoretan eginen diren dantzekin. 19:50ean, konpartsa autobus-geltokira itzuliko da kale hauetan barna: Mercaderes k., Txapitela k., Gazteluko plaza, Karlos III.aren etorb., Orreaga etorb., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Oliveto Kondearen etorb. eta Bake plaza.
Mila lekutik gora Udaletxean barnako 34 bisita gidatuetan
Batasunaren Pribilegioaren ospakizunak Udaletxea bertatik bertara ezagutzeko aukera emanen du, Udalak antolatutako 34 doako bisitaren bidez. Bisitak irailaren 3tik (osteguna) 11ra (ostirala) bitarte eginen dira, irailaren 8an (asteartea) salbu, eta 1.020 leku eskainiko dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Txandak goizez eta arratsaldez eginen dira, eta 45 minutu inguruko iraupena izanen dute gutxi gorabehera. Denbora-tarte horretan eraikineko hainbat gelatan barna ibiliko dira, hala nola ezkaratzean, oin nagusian eta harrera-aretoan, eta bertan egonen da Iruñeko hiri modernoa sortu zeneko jatorrizko agiria beira-arasa batean. Langile espezializatuek gidatuko dute ibilbidea eta eraikinaren eraikuntzari, gordetzen duen ondareari eta hiriko historiari buruzko alderdi garrantzitsuei buruzko informazioa partekatuko dute.
Lau musika-hitzordu
Gazteluko plaza ospakizun historikoari lotutako hiru kontzerturen agertoki nagusia izanen da ostiraletik igandera bitarte. Ohikoa den moduan, La Pamplonesa musika-bandak, Carlos Sancho Cantus-en zuzendaritzapean, musika herrikoia interpretatuko du irailaren 4an, ostirala, arratsaldeko 20:00etan. Joko duten errepertorioak bandak lehenengoz interpretatuko dituen hiru pieza barne hartuko ditu (New York 1927, The King of Rock and Roll eta Michel Jacksonen arrakasta handien moldaketa bat), bai eta erreferentziako egileen abestiak ere, hala nola Benny Goodman, The Beatles, Queen, Santana eta Cold Play artista eta taldeenak.
Irailaren 5ean, larunbata, 20:00etatik aurrera, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren txanda izanen da: Antonin Dvoràk-en Eslaviar Dantzen eta Johannes Brahms-en Hungariar Dantzen hautaketa bat interpretatuko du. Irailaren 6an, igandea, hiru hitzordu antolatu dira: Aurora Beltrán musikari nafarrak emanen die hasiera kontzertuei arratsaldeko 18:00etan; ondoren, Maruxak taldea arituko da 18:45ean; eta, 20:00etatik 21:00etara, Geminiss, Olaia Bloom konpositore, abeslari eta gitarra-jotzaile iruindarraren bakarkako musika-proiektua.
Programazioaren barruan, Valentín Larrea Iturbe (Gabiria, Gipuzkoa, 1876 – Iruña, 1970) piano-jotzaile, konpositore eta irakaslearen omenezko kontzertua ere eginen da, irailaren 3an, osteguna, 19:30ean, Pompelo Civivoxean. Ahanzturatik bueltan izenburupean, Oiasso Kamerata Ganbera Orkestrak eta Itxaso Aristizabal Lekuona piano-jotzaileak Larrearen ganbera-musika interpretatuko dute hark utzitako musika-ondare oparo eta anitza balioan jartzeko.