
Inbaditzaileak izaten ahal diren 17 espezie exotiko hauteman dira Arga, Sadar eta Elortz ibaiertzetan. Espezie ugarienen eta potentzial inbaditzaile handiena dutenen artean daude ailantoa (35 ale edo multzo gazte), robinia (34 ale) eta kanabera. Azken horren hamar bat multzo hauteman dira, batez ere Arantzadiko meandroaren inguruan. Itzal-platanondoaren 41 ale eta sahats negartiaren 19 ale ere aurkitu dira.
Diagnostikoa hori izanik, Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiako Zerbitzua (Agenda 21) plan bat prestatzen ari da, Udaleko beste alor batzuekin koordinatuta, landare horiek kendu eta ibai-eremua inguruko baldintzetara egokitutako beste espezie autoktono batzuek har dezaten, espezie bakoitzaren ezaugarrien arabera. Apaindura-balioa duten espezieen kasuan, adibidez, itzal-platanondoen eta sahats negartien kasuan, haien hedapena kontrolatuko da eta epe ertainean ordeztea planifikatuko da.
Flora inbaditzaileko espezieak hautemateko lan hori udaberrian egin da, zuhaitzak eta landareak loretan zeudela, Ornitolan Servicios Ambientales – Ingurumen Zerbitzuak enpresarekin batera, zeinak landa-lan bat egin duen. Lortutako datuei esker, 2023ko azaroan eta abenduan landare exotiko inbaditzailearen egungo egoerari buruz bildu ziren datuak berrikusi eta osatu ahal izan dira.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, ibai-ingurunean esku hartzeko plan bat prestatzen hasi dira, espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta bertako flora berreskuratzeko. 2025. urtera arte luzatuko dira lanak, une horretan ibaietako ur-bazterrak hobetu diren egiaztatzea ahalbidetuko duen diagnostiko berri bat egin ahal izateko.
Lan hori RUNA 2025 proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua da Iruñeko ibai-inguruneak eraldatzea eta birnaturalizatzea, hiri-bilbea eta ekosistema naturala elkartzea ahalbidetuz, eta herritarrak sentsibilizatzea espazio horien garrantziaz, zaintzaz eta babesaz. RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu 2021eko Espainiako hirien birnaturalizazioa eta erresilientzia sustatzeko dirulaguntzen deialdian, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan - Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta.
RUNA 2025 proiektuaren testuinguru horretan, 'Inba-Exotik' izeneko ekintzak egin ziren, espezie inbaditzaileei buruzko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzen multzo bat, barne hartzen dutenak gure inguruko espezie inbaditzaileei buruzko izen bereko erakusketa ibiltari bat ere.
Herritarren lankidetza
Espezie inbaditzaileen inguruan kontzientziatzeko beste ekintza bat Biomaratoia da, joan den apirilean egin zena. Biomaratoia (City Nature Challenge) Kaliforniako Zientzia Akademiak eta Los Angeles Konderriko Natur Zientzien Museoak asmatutako herritarren zientzia-proiektu bat da, eta bertan 50 herrialde ezberdinetako 700 hiritako herritarrek, tartean Iruñekoek, parte hartzen dute hiri-biodibertsitatea erregistratzen.
Aurrekoetan bezala, herritarrei dei egin zitzaien argazki edo audioen bidez hiri-inguruneetako edo hiri-periferiako biodibertsitatea (animaliak, landareak, onddoak, etab.) esploratu eta erregistra zitzaten, iNaturalist plataforma digitala baliatuz. Ekimenaren helburua da ikastea, Iruñeko eta haren metropoli-eremuko biodibertsitateari buruzko interes zientifikoko datuak eskuratzea, eta tokiko naturan interesa dutenak elkarrekin harremanetan jartzea. Oinarrizko tresna espezieen irudiak hartzeko balio duen telefono mugikor bat da; ondoren, irudi horiek iNaturalist plataformara igotzen dira. Era horretan, inguruetan dauden espezieen erradiografia eguneratua eta kokapen zehatza eskura daitezke.
Aurten, espezie exotiko inbaditzaileetan oinarritu zen udal mugartean egin beharreko espezieak bilatu eta katalogatzeko proposamena. Udaleko teknikariek urtero berrikusten dituzte Biomaratoiaren emaitzak, espezie horien presentziari buruz egindako diagnostikoa eta jarraipena babesteko.
INBADITZAILEAK IZATEN AHAL DIREN ESPEZIE EXOTIKOAK:
- Acanthus mollis – Akantoa
- Acer palmatun - Japoniar astigarra
- Arundo donax - Kanabera
- Ailanthus altissima – Ailantoa
- Berberis julianae – Mahats heldugabe txinatarra
- Buddleia davidii – Tximeleta zuhaitza edo Lila izuna
- Cortaderia selloana – Panpa-lezka
- Crocosmia x crocosmiiflora
- Cupressus arizonica – Arizonako altzifrea
- Liriodendron tulipifera - Idi-bihotz arbola
- Liquidambar styraciflua
- Magnolia grandiflora - Magnolia lore-handia
- Phyllostachys aureosulcata
- Planatus hispánica - Platano arrunta edo alboa
- Pyracantha sp – Pyracantha crenulata
- Robinia pseudoacacia – Sasiakazia
- Salix babylonica - Zume negartia
