Jesuitinas Pamplona ikastetxeak, Iparralde institutuak eta Iturrama BHIk ‘Planeta Dantzan’ arte eta ingurumenari buruzko proiektuan parte hartuko dute ikasturte honetan, Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako beste 15 ikastetxerekin batera. Hiru eskualdeetako Bigarren Hezkuntzako 43 taldek lantegiak eginen dituzte ikasgeletan ingurumen naturalaren babesari buruz, arte koreografikoaren bidez. Lantegiak urteko lehen hiruhilekoan hasiko dira, betiere indarrean diren osasun-arauei egokituta.
Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak, Malandain Ballet Biarritz taldeak eta Donostiako Cristina Enea fundazioak proiektu pedagogiko berritzaile honetan parte hartzeko deia egin zuten 2020ko amaieran, Itsaslaminak proiektuari jarraipena emateko. Proiektu hori DBHko lehen zikloko ikasleekin egin zen, plastikoa lanaren ardatz gisa hartuta. ‘Planeta Dantzan’ proiektuak, ‘Itsaslaminak’-ek bezala, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza du, eta hiru urte irautea aurreikusita dago.
Iruñeko Bigarren Hezkuntzako 15 taldek, guztira 369 ikaslek, koreografia-lantegiak eginen dituzte ikastetxeetan, eta horrez gain aurten aukeratutako obra artistikoaren emanaldi batera joanen dira: ‘Fossile’, CCN Malandain Ballet Biarritz taldeari loturiko artista Martin Harriague-rena. Ikasgelan ingurumenari buruzko edukiak ere landuko dituzte. Aurten ingurumen-larrialdia dute ardatz, bai eta horri ikuspegi indibidualetik kolektiboraino aurre egiteko beharra ere, egoera hori aldaketarako eta hobekuntzarako aukera bihurtuta. Ione Miren Aguirre Malandain Balleteko artista koreografikoa arduratuko da lantegiak dinamizatzeaz, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Lantaldearen laguntzarekin, zeina, horrez gain, berariazko unitate didaktiko bat garatzeaz arduratu baita.
‘Planeta Dantzan’ proiektuaren aurrekontua 2020-2021eko ikasturterako 124.075 eurokoa da. Horietatik 62.037 euro Europako finantzazioari dagozkio, Euroeskualdearen bidez.