Iruñeko Hiri Behatokiak informazioa ematen du demografia, ekonomia, segurtasun, ingurumen, gizarte-ongizate eta hezkuntzaren inguruan, eta horretarako 200 adierazle baliatzen ditu

Iruñeko Hiri Behatokiak informazioa ematen du demografia, ekonomia, segurtasun, ingurumen, gizarte-ongizate eta hezkuntzaren inguruan, eta horretarako 200 adierazle baliatzen ditu
2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendaren inguruan gaur Kondestablen eginen den jardunaldiak behatokiaren aurkezpena barne hartuko du

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Iruñeko Hiri Behatokia argitaratu du bere webgunean, demografia, ekonomia, segurtasun, ingurumen, gizarte-ongizate eta hezkuntzari buruzko informazioa emateko, aldika eguneratzen diren 200 adierazle erabilita, eta horrez gain barne hartzen ditu besteak beste, aurretiko azterlanak, hauteskunde-emaitzak eta alderaketa bat Eurobarometroari dagokionez.

Udal-baliabide berri hori ezagutzera eman da 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agenda aurkezteko gaur Kondestablearen Jauregian egiten ari den jardunaldiaren barruan. 2030 Estrategia tresna bat da, hiriaren arazo eta aukeren gaineko eztabaida eta gogoeta publikoa bideratzeko. Zeharkako ikuspegi batetik abiatuta, bide ematen du egungo egoeraren diagnostikoa egiteko, epe luzerako helburu estrategikoak ezartzeko, helburuok erdiesten lagunduko duten jarduketa-ildoak zedarritzeko eta haien betetze-maila ebaluatuko duten jarraipen-adierazleak sortzeko.

Bost dimentsio ezarri ditu: klima-aldaketa eta jasangarritasuna, gizarteratzea, kudeaketa publiko berritzailea, kultura eta turismoa, eta ezagutzaren ekonomia. 2030 Estrategia sektore eta maila anitzeko zeharkako ikuspegi batekin egin da, eta hiriko 100 bat eragile giltzarrik eta 1.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute. Ikusmuga hamarkada batean jarrita, etengabe berrikusiko den prozesu irekia izanen da, etorkizuneko apustuak bideratuko dituena.

Informazio-bidea, eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalentzat zein herritarrentzat

Iruñeko Hiri Behatokia hiriaren errealitateari buruzko etengabeko azterketa eta diagnostikoa egiteko tresna da, eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalei, eta herritarrei oro har, hiri-inguruneari buruzko ikuspegi global eta eguneratua eskaintzeko asmoz sortua, lagungarri eta orientagarri izateko erabakiak hartzeko orduan eta ekintza estrategikoak abiatzerakoan.

Udalaren beraren iturrietako datuekin eta, kasu batzuetan, beste erakunde batzuetakoekin, Iruñeko hiriari buruzko informazioa biltzen eta zabaltzen duen gordailua da. Horrez gain, tresna bat ere bada, Estrategian etengabeko jarraipena, ebaluazioa eta hobekuntza eragiteko.

10 gai-bloketan egituratzen da, non ia 200 adierazle biltzen diren, horietako asko auzoka bereizita. Hona hamar blokeak: biztanleria eta demografia, ingurumena, energia eta mugikortasuna; gizarte-ongizatea eta etxebizitza, hiri-ekonomia, merkataritza eta turismoa; kultura eta hezkuntza, herritarren segurtasuna eta elkarbizitza; 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendaren adierazle-sistema; Iruña Eurobarometroan; azterlan propioak, eta hauteskunde-emaitzak.

Itemak, zahartze, ibilgailu, azterlan, zoruaren erabilera, energia-kontsumo eta abarri buruz

Adibidez, honako datu hauek izanen ditugu eskura elkarren artean oso bestelakoak diren item-zerrenda batean: jaiotza-tasa edo zahartze-indizea, auzo-unitateen araberako arreta-kopurua, pertsona bakoitzeko batez besteko errenta-maila, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala auzoen arabera, ibilgailu-parkearen banaketa, airearen kalitatearen edo energia-kontsumoaren indizea, lurzoruaren erabilera, Udalak egindako kultura-programak, liburu-maileguak, Iruñeko biztanleen ikasketa-maila, delinkuentzia-tasak eta zirkulazio-istripuen kopurua.

Behatokian, halaber, jasota dago Iruñearen eta Europako 88 hiri garrantzitsuren arteko alderaketa bizitza-kalitateari eta gizarte-ongizateari buruz, ‘Iruña Eurobarometroan’ atalean, 21 gai ezberdin erabilita, hala nola, enplegua, atzerritarren presentzia, familien finantza-egoera, zerbitzu publikoa, hiri-garraioa, berdeguneak eta hezkuntza-sarea. 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendaren adierazle-sistema’ izeneko atalean bilduta daude bost dimentsioen inguruan antolatutako helburu estrategikoen lorpenari buruzko datuak, eta jarraipena egiten zaie horiek zein puntutan dauden jakiteko inkesta eta txostenen bidez.

Azken bi atalak 1979az geroztik egindako tokiko hauteskundeen emaitzetara eta Iruñeko Udalak hiriko errealitate sozialaren inguruan egindako azterlanetara bideratu dira. Azterlan horietan, adinekoen premien diagnostikoa, gazteen emantzipazioari buruzko inkesta bat eta COVID-19aren ondorio sozioekonomikoen inguruko herritarren pertzepzioa aurki daitezke.

2030 agendak, hiri-pentsamendu estrategikoa eta Udaleko Estrategia Bulegoa.

Enrique Maya Iruñeko alkateak parte hartu du jardunaldiaren aurkezpenean. Iruñeko Hiri Behatokia aurkeztu aurretik, 2030 Estrategia txertatzeko markoa azaltzeko lehen partean parte hartu dute Andrés Carbonero Nafarroako Gobernuaren Gizarte Babeserako eta Garapenaren aldeko Lankidetzarako zuzendari nagusiak –2030 Agenda horiek Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat lerrokatu ditu– eta Sonia Hernandez Partal Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Hiri Politiken zuzendariorde atxikiak, zeina Espainiako Hiri Agendari buruz jardun baitu.

Lehen zati honi buru emateko, Rosa Arlene María Hiri Garapen Estrategikorako Zentro Iberoamerikarreko (CIDEU) zuzendari exekutiboak parte hartu du, Hiri Pentsamendu Estrategikoaren gainean hiru hamarkadatan bizi izandako esperientziak eta kasu arrakastatsuak berrikusteko. Azkenik, José Costero Bulego Estrategikoko zuzendariak eta Xabier Errea soziologoak Iruñeko 2030 Behatokia eta Estrategia – Hiri Agenda aurkeztu dute, eta 2030erako Estrategia horren gobernantza, osatze-prozesua eta jarduera-ildoak aztertu dituzte.

 

¿Te ha sido útil esta página?