Iruñeko hiri-baratzeetako ekoizpena etxerik gabekoentzako udal-aterpetxeetara bideratu da

Iruñeko hiri-baratzeetako ekoizpena etxerik gabekoentzako udal-aterpetxeetara bideratu da
Hiri-baratzeen sareak, zeina auzoetako elkarteek kudeatzen baitute, baratzeetako ekoizpena bildu eta Udalaren gizarte-baliabideen eskura jarri du
huertos

 

Hiriko bost hiri-baratze komunitarioetako ekoizpena elkartasunezko xedeetara bideratu da. Alde Zaharreko, Arrotxapeko, Txantreako, Donibaneko eta Ermitagaña-Mendebaldeako baratzeak kudeatzen dituzten auzo-elkarteek bildutako produktuak etxerik ez dutenendako udal-aterpetxeetara bideratu dira, une honetan beharrik handiena dutenek erabili eta kontsumi ditzaten. Udala auzo-sareen bidez gauzatzen ari den elkartasun ekintza honen jakitun da, eta horregatik, ahalbidetu ere egiten du, betiere osasun agintariek ezarritako babes neurriak eta  emaniko argibideak betez eta bide publikoko joan-etorria ezinbestekora murriztuz egiten bada.
 

Elkarteek azken aste hauetan biltzeko moduan zeuden zenbait landaketa zituzten hiri-baratze horietan. Elikagai horiek alferrik galdu baino lehen Gizarte Ekintzako Alorrari eman dizkiote, dohaintzan, eta honek udal-aterpetxeetan banatu ditu. Zehatz-mehatz, azenarioak, erremolatxak, zerbak, eskarolak, porruak, apioa, letxugak, kardoak eta ziazerbak izan dira eman dituzten barazkiak. Elikagaiz betetako 15 poltsa baino gehiago bildu dira udal-aterpetxeetako menuetarako.
 

Hiri-baratze komunitarioek garapen jasangarria sustatzen dute, eta zenbait helburu betetzen dituzte, hala nola sozialak, ingurumen hezkuntzakoak, osasunaren sustapenekoak, kulturakoak eta ekoizpenekoak. Auzoko elkarteek kudeatzen dituzten espazio publiko horiek parte-hartze libre eta irekia dute, eta nekazaritza ekologikoko produktuak landatzen dituzte. Udalak espazioa elkarte edo kolektibo bati lagatzen dio, eta laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematen die. Urtean zehar, nekazaritzako ekoizpenaz gainera jarduera irekiak antolatzen dituzte kontsumo arduratsuari eta materialen berrerabilpenari buruz, bai eta ikastaroak, lantegiak eta abar ere.
 

Iruñean bost hiri-baratze daude hiriko bost auzotan banatuta, eta guztien artean 6.000 metro koadro inguru hartzen dituzte. Alde Zaharrekoa izan zen abian jarri zen lehena; Pellejerías zokoan dago, eta La Piparrika elkarteak kudeatzen du. Txantrean, Adoain Aitaren kalean dago Krispilak elkarteari esleitutako hiri-baratzea. Donibanekoa Irantzuko Monasterioaren plazan dago eta San Juan Xar elkarteak du haren ardura. Arrotxapean, Mendialdea elkartea arduratzen da Barkazio Gurutzeko kaleko baratzea kudeatzeaz. Azkenik, Mendebaldea-Ermitagañako baratzea, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren albo batean dagoena, Ermitaldea elkarteak kudeatzen du.

¿Te ha sido útil esta página?