Iruñeko Haur Eskolek eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek apirilaren 28tik aurrera ematen ahalko dute izena Iruñeko Udalarekin batera Eskola-baratze ekologikoak lantzeko programan

Iruñeko Haur Eskolek eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek apirilaren 28tik aurrera ematen ahalko dute izena Iruñeko Udalarekin batera Eskola-baratze ekologikoak lantzeko programan
Aurreko ikasturtean, 13 ikastetxetako 3.900 ikaslek landareei, elikadurari, biodibertsitateari eta polinizazioari buruz ikasi zuten programari esker



Apirilaren 28an (astelehena) irekiko da Iruñeko Udalak bultzatzen duen eskola-baratze ekologikoen datorren ikasturterako programan izena emateko epea. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, eta ekimen aproposa da adingabeek baratzean lan egin eta naturarekin bat egiteko. Ikastetxeko baratzeak erabil daitezke programan, edo bestela, baratze berriak sortzeko aukera dago. Ikasleek baratzean lan eginen dute ikasturtean zehar, eta hainbat jarduera egiteari esker, landareei, elikadurari, biodibertsitateari eta polinizazioari buruz jakinen dute, besteak beste.

Programa 2017-2018ko ikasturtean jarri zen martxan, eta bi ikastetxek baino ez zuten parte hartu. Gainera, gune berriak sortzen dira urtero, eta laguntza ematen zaie ikastetxeei, doan: hezkuntza-baliabideak eskaintzen dira, eskola-baratzeak sortzeko babes logistiko eta ekonomikoa ematen da, eta irakasleek, ikastetxeetako langileek eta familiek prestakuntza jasotzen dute. Iaz 13 ikastetxetako 3.900 ikaslek parte hartu zuten ekimenean: Haur eta Lehen Hezkuntzako 12 ikastetxek eta Haur Eskola batek. 2025-2026ko ikasturterako izena emateko epea maiatzaren 16ra arte egonen da irekita, eta Iruñeko udal-mugartean dauden ikastetxeei egonen da zuzenduta.

Eskola-baratze ekologikoek beste onura hauek ekartzen dituzte: patioak birnaturalizatzen dira, landaredi-guneak eta itzalguneak sortzen dira, eta hori gutxi balitz bezala, ikasleek paisaiaz gozatzeko aukera paregabea dute. Horrez gain, hezkuntza-komunitateen eskariari erantzunez, baratzeak hezkuntza-, gizarte-, eta ingurumen-helburuak lortzeko xedez diseinatu eta martxan jarri dira. Patioak naturalizatzeari esker, hiria erresilienteagoa izanen da klima-aldaketari aurre egiteko orduan, eta bide batez Udalak martxan jarritako prozesuari babesa emanen zaio.

Bi ikasturte segidan
Izena emateko eskaera egiteko, ikastetxeek korreo bat bidali beharko dute educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikora. Agiri hauek bidali beharko dituzte mezu elektronikoarekin batera: izena emateko fitxa behar bezala beteta, Eskola Kontseiluak eta Klaustroak onetsi dutela erakusten duten dokumentuen kopiak, eta lan-proiektu bat (gehienez 5 orrialde, bi aldeetatik, eta eranskin gisa bidaliko da mezu elektronikoan). Zalantzak argitzeko, 948 420984 telefonoa erabiltzen ahal da. 

Udalak programan parte har dezaketela onetsi eta gero, ikastetxeek talde eragile bat sortu beharko dute, ikastetxeko hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasleen ordezkariek eta zuzendaritza-taldeak osatua; izena ematen duten ikastetxeek bi ikasturtez jarraian hartuko dute parte programan.

Hirugarren ikasturtetik aitzina, ikastetxeek Iruñeko Baratze Ekologikoen Sareko kide izaten jarraitzen ahalko dute; hala, baratzeko lanei buruzko aldian behingo informazioa jasoko dute, eta programak antolatutako gainerako ekimenetan parte hartzeko aukera izanen dute: besteak beste, Baratzearen egunean eta Eskola Baratze Ekologikoen urteko Topaketan. Iruñeko eskola-baratze ekologikoen programa 2017-2018ko ikasturtean jarri zen abian. Ordutik, hainbat ikastetxek hartu dute parte programan. Aurtengo ikasturtean Mendillorri Haur Eskola eta beste ikastetxe publiko hauek ari dira parte hartzen: Cardenal Ilundain, Sanduzelai, Ermitagaña, Amaiur, Mendillorri, García Galdeano, Patxi Larraintzar, Azpilagaña, Doña Mayor eta San Jorge. Baita ikastetxe itundu hauek ere: Claret Larraona ikastetxea eta El Molino Hezkuntza bereziko ikastetxea.

On line eta off line prestakuntza
Eskola-baratzeak diziplina anitzeko hezkuntza-baliabide esperimentala dira, eta bizipenak eta integrazioa dituzte oinarri. Udalak “Ikasgelatik lurrera” unitate didaktikoa eskaintzen du, edozein ikasgai ardatz hartuta landu daitekeen baliabide pedagogikoa. Unitatea programaren webgunean eskuratzen ahal da, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta interesa duen edozein ikastetxek erabiltzen ahal du. Unitate didaktikoak 25 jarduera barne hartzen ditu.

Gainera, webgunean prestakuntzarako bideoak daude ikusgai: ikasturtean zehar eskola-baratze batean egin daitezkeen lanak praktikoki azaltzen dira, eta honela daude sailkatuta: batetik, baratzeen ezaugarri nagusiak, eta bestetik, baratzeak udazkenean, neguan eta udaberrian. Material horiek guztiak euskaraz eta gaztelaniaz daude, baita ‘baratze-saskia’ maleta ibiltaria ere: maileguan hartzeko aukera dago, doan. Saskiak honako hauek barne hartzen ditu: jolas tematikoak, liburuak, fitxa irudidunei lotutako hazi batzuk eta irakasleendako jarduera-multzo bat, baratzera modu ludiko, dibertigarri eta esperimentalean hurbiltzeko xedez.
 

 

¿Te ha sido útil esta página?