Iruñeko haur eskolek 1.376 eskaera jaso dituzte guztira 2024-2025eko ikasturterako. Horietatik, 1.072 gaztelaniazko ikaspostuetarako ziren, eta 304, euskarazkoetarako. Datu horiek Iruñeko Udalak egindako lehen behin-behineko balantzetik atera dira, joan den asteazkenean amaitu baitzen Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoak eta Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuko eskoletarako elkarrekin eman zuten behin-behineko izen-ematea egiteko epea. Udalaren eta Foru Gobernuaren zentroetarako 1.685 eskaera jaso dira guztira.
Iruñeak, gaur egun, 1.069 ikaspostu ditu Udalaren haur-eskoletan, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak artatzen dituztenak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa izenekoan. Hala ere, ikasturte honetarako hutsik zeuden ikaspostuak 678 ziren; izan ere, oraindik zikloa osatu ez duten haurrak daude eta haur-eskola berean edo beste batean –familiek lekualdaketa eskatu dutelako– jarraituko dute. Hori horrela, jasotako 1.376 eskaerak markatutako lehentasunen eta eskatutako irizpideen arabera adjudikatuko dira eskuragarri dauden 678 ikaspostuak bete arte.
Iruñean Udalaren hamabi haur eskola daude, hiriko auzoetan banatuta. Denak doakoak dira, familiek jantokia ordaindu beharko badute ere egonaldi osoko ikaspostuetan. Eskaintza pedagogikoak hainbat ikaspostu mota barne hartzen ditu: gaztelaniazkoak, euskarazkoak, gaztelaniazkoak ingelesezko jarduerekin eta euskarazkoak ingelesezko jarduerekin.
Zentroen arabera, hurrengo ikasturterako eskaera gehien jaso dituen haur-eskola Lezkairukoa izan da, lehen aukera izan baita 261 familiendako. Mendillorriko haur-eskolak, halaber, 200 eskaera jaso ditu. Bi eskola horien ondoren Donibane dator, 148 eskaera jaso baititu, eta hurrengo ikasturtean irekiko da, orain obrak direla eta itxita baitago. Gainera, Mendebaldeak (145), Printzearen Harresik (130) eta Hello Azpilagañak (122) eta Hello Buztintxurik (110) ehun behin-behineko izen-ematetik gora izan dituzte. Gainontzeko eskaerak, betiere lehen aukeran, Goiz Eder (82), Izartegi (63), Haurtzaro (62), Hello Egunsenti (42) eta José María Huarte (11) haur-eskolen artean banatu dira.
Onartutako haurren behin-behineko zerrenda, aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, maiatzaren 28an emanen da argitara, eta, baremazioaren inguruko erreklamazioak egiteko epearen ondoren, behin betiko lehen zerrenda ekainaren 5ean argitaratuko da. Azkenean ikaspostua eskuratzen duten familiek beren seme-alabak matrikulatzeko lehen aukera izanen dute ekainaren 6tik 12ra arte. Eta beste bi matrikula-epe egoteko aukera egonen da. Azkeneko epea 2024ko uztailaren 21ean amaituko da.
Haur Eskola | Haur Eskolaren ikaspostuak, guztira | Ikaspostu hutsak 2024-2025eko ikasturterako | Lehen aukeran jasotako eskaerak |
Haurtzaro | 82 | 56 | 62 |
Mendebaldea | 82 | 57 | 145 |
Mendillorri | 102 | 58 | 200 |
Fuerte el Príncipe-Printzearen Harresi | 102 | 65 | 130 (61 euskaraz eta 69 gaztelaniaz) |
Donibane | 102 | 75 | 148 |
Izartegi | 82 | 46 | 63 |
Goiz Eder | 96 | 64 |
82 |
Hello Azpilagaña | 123 | 77 | 122 |
Hello Buztintxuri | 86 | 51 | 110 (41 euskaraz eta 69 gaztelaniaz) |
Hello Egunsenti | 58 | 39 | 42 |
José María Huarte | 44 | 39 | 11 |
Lezkairu | 110 | 51 | 261 (96 euskaraz eta 165 gaztelaniaz) |
GUZTIRA | 1.069 | 678 | 1.376 |