
Datozen jaiegunetan Iruñeko Udalaren bi interpretazio zentroak bisitatzeko zabalik egonen dira. Bai Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa – San Bartolome Gotorlekua, bai Ultreia – Erromesei harrera egin eta Donejakue bidea interpretatzeko zentroa aurten ere Aste Santuko kultur aisiarako proposamenetako batzuk dira, herritar, bisitari eta turistendako. Jaiegun horietan bi zentroak egunero irekiko dira.
Lehena 220 m2-ko gunea da, eta edukiak lau eremu gangadunetan edo kasernatan banatzen dira. Bertan, modu didaktikoan, harresiaren bilakaera pausoz pauso jarraitzeko aukera dago, ikus-entzunezko edukiekin, grafismoekin eta infografiekin, multzo gotortua bisitatzen dutenei hurbiltzeko. Informazioa lau hizkuntzatan ematen da: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Gotorlekua zabalik egonen da asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara. Igandeetan 10:00etatik 15:00etara.
Ultreia, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara dago zabalik, astearteetan salbu, atseden eguna baitu. Igandeetan ordutegia goizez da: 10:00etatik 15.00etara. Guneak erakusten du nolakoak izan diren gizartea, kultura, ondarea, tradizioak edo folklorea Donejakue bidearen inguruan, eta bideak Iruñearekin duen harremana. Informazioa modu esperientzialean antolatzen da, ikus-entzunezko baliabideen eta teknologia berrien erabileran oinarrituta. Proposamen interaktiboak eta murgiltze-proposamenak egiten ditu kontakizun historikoan, Donejakue bideari eta Erdi Aroko hiriari buruzko birsorkuntzen bidez, eta ukitzeko moduko esperientziak ere proposatzen ditu, ukimen-maketa baten bidez. Maketa horretan, argi- eta soinu-efektuak proiektatzen dira, testuinguruan jartzea errazago izan dadin.
Bi guneek beren espazioetara bisita librea egiteko aukera eskaintzen dute, baina, gainera, Iruñeko Udalak adin guztietarako diseinatutako gamifikazio jarduerak eskaintzen ditu. Baliabide horiei buruzko informazio guztia Turismo Bulegoan eta Udalaren www.pamplona.es/eu/turismoa webgunean ikusten ahal da.
Iruñeari eta haren historiari buruz ikastea familiartean jolastuz
Gotorlekuan bi ihes-jokotan parte hartzen ahal da. Alde batetik, ‘Iruñearen blokeoa’: benetako gertaera batean oinarrituta dago eta hiriko pertsonaia historikoek kontatzen dute proposamena; bertan azaltzen da nola karlistek erabat blokeatu zuten hiria, 20.000 biztanle zituelarik, 6 hilabetez, 1874ko irailetik 1875eko otsailera. Jolasten dutenen helburua blokeo militarrari iskin egitea izanen da.
Jokoa 16 urtetik gorakoendako da, eta 7 urtetik gorako haurrak dituzten bikote, talde edo familietan jokatzen ahal da. Ihes jokoko 18 enigmak mugikorraren bidez ebatzi beharko dira, garapen digitaletan oinarritutako erronka baita, hala nola errealitate areagotua, 3Dko bisita birtuala, bideoak eta 360 argazkiak eta geolokalizazioa. Horrez gain, droneen irudiak, argazki zaharrak eta irudiak txertatzen ditu. Jolasteko Interneteko konexioa, posta elektronikoa eta kokapena aktibatuta eduki behar dira.
Bestetik, “Kalizaren lapurreta” jokoak Karlos III.aren kalizaren lapurretaren erruduna aurkitzea proposatzen du, partidan zehar pertsonaiek emanen dituzten pisten bidez. Karlos III.a Prestuaren garaian (1423) girotua dago, eta aukera ematen du ezagutzeko garai hartako Iruña nolakoa zen, eta Donejakue bidearen historia eta isilpeko kontuak hiritik igarotzean. Joko aproposa da 10 urtetik gorakoendako, eta binaka, taldeka, familiartean zein bakarka egin daiteke. 4 hizkuntzatan dago eskura: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Joko hori Txantreako parkeko 'odol-noria' izenekoan hasten da eta Takoneran amaitzen da.
Iruña, ‘Bideko lehena’
Donejakue bidea Iruñeko bizitzaren parte da, eta hiriko ibilbide turistiko nagusietako bat, urtero mundu osoko bisitariak ekartzen baititu. Izan ere, Iruñeak badu erromesei harrera egin eta Donejakue bidea interpretatzeko zentro bat, eta bertan hiriaren historia eta ibilbide horrekiko duen lotura daude ikusgai baliabide interaktiboen eta ikus-entzunezkoen bitartez. Ultreia gunea doakoa da, eta zabalik dago Donejakue bidearen ardatz nagusian: Kale Nagusiaren 20. zenbakian. Irisgarritasun unibertsaleko zentroa da, publiko ororendako egokitua.
Donejakueren bidea Iruñetik igarotzean ezagutzen ahal da, halaber, 3Dko bisita birtual batean http://www.caminode santiagopamplona.com/eu estekan. Hala, birtualki bisitatzen ahal dira hiriko eraikinetako espazioak eta barnealdeak, hala nola Iruñeko Udala, Santa Maria katedrala, Ultreia, San Lorenzo eliza edo San Saturnino eliza. Aplikazioa irisgarria da ere ikusmen-, entzumen- edo kognizio-desgaitasunen bat duten pertsonendako.
Gainera, San Bartolome gotorlekuaren barruan eta Aste Santurako proposatutako jardueren artean, antzara-joko handi bat (4x4 metro), Donejakue bidearen mapa enkriptatua, egonen da eskuragarri, gunea ireki ohi den orduetan. Eguraldiak aukera ematen duenean, jolasteko asmoa duen edonork (8 urtetik gorakoak ahal dela), dadoak eta fitxa erraldoiak izanen ditu Donejakue bideko tenplarioen mapa zifratu bat den taularen 63 laukietan jolasean ibiltzeko.