Iruñeko Gaztediaren Etxeak ikasturteari amaiera emanen dio bertan egindako jardueren erakustaldi batekin, ostegunean, Karlos III.aren etorbidean

Iruñeko Gaztediaren Etxeak ikasturteari amaiera emanen dio bertan egindako jardueren erakustaldi batekin, ostegunean, Karlos III.aren etorbidean
Etxeaerabiltzen duten ehun lagunek baino gehiagok herritarrei azken hilabeteetan egindako dantza, lantegi eta ikastaroen hautaketa bat erakutsiko diete

cartel

Beste behin ere (dagoeneko hamahiru urte dira), Iruñeko Gaztediaren Etxea kalera aterako da herritarrei erakusteko 14 eta 30 urte bitarteko gazteei ematen dizkien jarduerak. Urte amaierako jaialdian eginen du hori, eta ehun bat nerabek eta gaztek parte hartuko dute bertan. Haiek izanen dira beren musika, dantzak eta lantegiak kalera ateratzeko arduradunak. 

‘Etxea kalera ateratzen da’ jaialdiak udal-espazio horretan ematen diren askotariko ikastaroen erakusketa izan nahi du. Hori dela eta, jardunaldian Gaztediaren Etxean ikasturte honetan egindako dantza garaikideko, dantza lantinoetako, comercial danceko, afrodanceko, hip-hopeko eta dancehalleko ikastaroetako erakustaldiak eginen dira. Baina, gainera, Etxeko instalazioak entseguak egiteko erabiltzen dituzten erakunde eta elkarteei jendartean ezagutzera emateko aukera eman nahi die. Besteak beste, K-Pop eta hip-hop taldeak, Peruko dantza tipikoetako taldeak, breaker taldeak eta musika taldeak daude, bihar ere erakustaldian parte hartuko dutenak.

Ikasturte honetan, Gaztediaren Etxeak hainbat diziplinatako 150 ikastaro eta lantegi baino gehiago programatu ditu, jendearen interesei eta iradokizunei egokitzen doan eskaintza. Proposamenak 5 arlo izan ohi ditu ardatz: kirol jarduerak, dantza eta adierazpena, estetika eta ongizatea; kulturari eta norberaren garapenari buruzko ikastaroak eta doako informatika-lantegiak. Horien bidez, besteak beste, jarduera fisiko ludikoa sustatu nahi da norberaren ongizatearen iturri gisa, sormena sustatu nahi da hainbat arlotan (arte plastikoak, literatura, etab.) eta gazteei prestakuntza eman nahi zaie egunerokotasunerako baliagarriak zaizkien trebetasunetan, hala nola oinarrizko sukaldaritzako ikastaroak, joskintza-konponketak, etab. Urtero 2.400 ordu programatzen dira, 12 eta 50 ordu bitarteko ikastaroetan banatuta.

Programazioaren xede nagusia hiriko gazteei zuzendutako aisialdiko prestakuntza-eskaintza egitea da, prezio murriztuetan eta beren interesei egokituta. Prezioa ikastaroaren iraupenaren araberakoa da, eta 14 eta 18 urte bitartekoek prezio berezia dute. Hala, orduko prezioa 1,10 eurokoa da 19 eta 30 urte bitarteko gazteendako, eta 0,90 eurokoa, 14 eta 18 urte bitartekoendako. Gainera, ikasturte honetan programatutako 44 informatika-lantegiak doakoak dira, bai eta Aholkularitza Psikologikoak eman dituenak ere. Ikastaro eta lantegi guztietan urtean zehar 1.700 gazte inguruk eman dute izena.  

Areto-lagapenak
‘Etxea kalera ateratzen da’ erakustaldian parte hartzen duten gazteen artean instalazioak elkartzeko eta beren jarduerak egiteko baliatzen dituzten gazteak ere badaude. Gaztediaren Etxeak bere instalazioak lagatzen dizkio urte osoan zehar, astelehenetik igandera, interesa duen 14 eta 30 urte bitarteko edozein pertsonari. Lagapena doakoa da eta zentroan dauden baliabideak erabiltzeko aukera ere ematen du, hala nola soinu-ekipamenduak, proiektoreak, telebista-monitoreak, etab. 

2022-2023ko denboraldian zerbitzu hori 80 talde egonkorrek erabili dute guztira, noizean behin erabili dutenez gain. Talde horiek egiten dituzten jarduerek hainbat diziplina artistiko eta aisia-diziplina barne hartzen dituzte. Hala, Gaztediaren Etxean antzerki, dantza (eskualdeetako dantzak, dantza afrikarrak, break dance, k-pop, hip-hop, dantza latindarrak, ekialdeko dantzak...), musika, yoga, mahai-jokoen taldeak daude, besteak beste.  

Espazioak lagatzeko zerbitzuaren erabiltzaileak, 2022an, guztira, 54.810 izan ziren. Kopuru horrek barne hartzen ditu Etxera erregulartasunez joaten direnak (astean behin edo gehiagotan) eta puntualki joaten direnak (egun eta ordu zehatz batzuetan, jarraikortasunik gabe).
 

¿Te ha sido útil esta página?