Iruñeko Udalak doako bisita gidatuak eskainiko ditu bihartik aurrera, eta, ‘Iruña literarioa’ izenburupean, sanferminen gaiari helduko diete literatura unibertsalean. Literatur lanen zatien inguruan antolatutako hirian barnako ibilbide horiek uztailaren 10etik 13ra gauzatuko dira, 11:30ean eta 18:30ean, gaztelaniaz. Gainera, igandean, 18:30ean, eta asteartean, 11:30ean, euskaraz ere eskainiko dira. Eskaintza hau aurtengo programa ofizialaren berritasunetako bat da. Iazko udan proposamen gisa sortu ziren; hain zuzen ere, festak bertan behera geratu zirelako, eta harrera ona izan zuten publikoaren artean. Horregatik, aurten berriz ere eginen dira festaren esparruan.
Ibilbide gidatuak Zaldi Zuritik abiatu eta erdiguneko kaleetan barna ibiliko dira, Entzierroaren monumentu ikonikoan amaitu arte, Orreaga etorbidean. Bisitan zehar, gida-lanak egiten dituen pertsonak hautatutako testuak irakurriko ditu. Ibilbidearen geldialdi zehatzetan irakurriko dira, horrela agerian utzita Iruñeak arlo askotariko idazleengan eta literatur lanengan utzitako arrastoa. Paseoak 75 minutuko iraupena du, eta XVIII. eta XXI. mendeen arteko sanferminetako literatur erreferentzien ikuspegi panoramikoa eskainiko da.
Ibilbidea Ernest Hemingwayk, Víctor Hugok (Iruñetik igaro zen XIX. mende amaieran), Pío Barojak eta James A. Michener iparramerikarrak (1968an hiria bisitatu zuen) bisitatu eta kontatutako txoko, plaza, eskultura eta bestelako tokietatik igaroko da. Idazle nafarren –Félix Urabayen, Begoña Pro, Susana Rodríguez eta María Luisa Elío– eleberrietan agertzen diren tokietan barna ere ibiliko da. Hala, tokiko, nazioko zein nazioarteko testuak berrikusiko dira, betiere literatur genero ezberdinen ekarpena bilatuz.
Jarduera doan da, baina antolaketa-arrazoiengatik aurrez eman behar da izena Kulturako udal-webgunearen bidez, 010 telefonoan edo aurrez aurrez Kondestable Civivoxean. Izen-ematea ibilbide bakoitzaren egunaren bezperan irekiko da, eta jarduera hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da.
GELDIALDI-PUNTUAK ETA BAKOITZARI LOTUTAKO IRAKURKETAK
Zaldi Zuriaren ostatua:
• *"Iberia. Spanish Travels and Reflections" (1968). James A. Michener
• *"Desde la última vuelta del camino" (1944). Pío Baroja
Mercaderes kalea:
• *"El Barrio maldito" (1925). Félix Urabayen
• *"Glosas a la ciudad" (1963). Ángel María Pascual
Udaletxe plaza:
• *"Bajo las cenizas de la Navarrería" (2017). Begoña Pro Uriarte
Gazteluko plaza:
• *"Las pirañas" (1992). Miguel Sánchez Ostiz
• *"Fiesta" (1926). Ernest Hemingway
• *"En voyage, Alpes et Pyrénées" (1843). Victor Hugo
Entzierroaren monumentua:
• *"Tiempo de llorar" (1988). María Luisa Elío
• *"Guerre à la tristesse" (1955). Dominique Aubier