Iruñeak 1.200 eta 1.600 etxebizitza babestu artean sortu nahi ditu datozen 8 urteetan. Kopurua 4.000ra helduko da hurrengo urteetan, Donapeako garapen berriari esker, bertan eraikitzea aurreikusten diren 5.000 etxebizitzetatik erdia etxebizitza babestuak izanen baitira. Hurrengo zortzi urteetarako aurreikusten diren etxebizitza eskuragarrien zati handi bat alokairu sozialekoa izanen da (600 inguru), beste batzuk udal-lursailen enkanteetatik ateratako BOEak izanen dira (gutxienez 410) eta, beste batzuk, egun hutsik dauden etxebizitzak, merkatura aterako dira alokairu-erregimenean Foru-komunitateko Alokairu Poltsaren barruan. Gainera, gazteen emantzipaziorako etxeak sortuko dira eta etxebizitza-kooperatibak eta adinekoendako lankidetza-proiektuak sustatuko dira.
Hala adierazita dago Joseba Asiron alkateak prentsaurrekoan aurkeztu duen Etxebizitza Eskuragarriko Udal Planean. Plana Gobernu Taldeak (EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeak adostutako agiria da, eta Nafarroako Gobernuarekiko lankidetzan oinarritzen da. Aurkezpenean parte hartu dute Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak; Koldo Martínez Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak, eta Txema Mauleon Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak.
Agiriak, osagarriak diren hainbat bidetatik, erantzuna eman nahi dio etxebizitza eskuragarriaren, duinaren eta egokiaren premia gero eta handiagoari, gizarte-kohesiorako tresna gisa. Ildo horretan, Iruñean bildutako azken datuen arabera, familiek beren errentaren % 45 bideratzen dute etxebizitza-gastuak ordaintzera, eta emantzipatzeko adina 29,7 urtera igo da.
Egoera horren aurrean, Iruñeko Udalak lau bloke zehatzetan egituratzen den plana eratu du. Hasteko, udal-lurzoruaren kudeaketa sozial eta jasangarria jorratzen du. Bloke horren barruan, zuzkidura-lurzorua honako hauetarako erabiltzea proposatzen da: alokairu sozialeko 402 etxebizitza egiteko, gazteen emantzipaziorako eta etxebizitza kolaboratiborako 82 bizitoki egiteko eta adinekoendako 12 apartamentu babestu sortzeko. Etxebizitza horiek hainbat auzotan banatuko dira, oraindik garatu gabe dauden lursailak baliatuz, hala nola Buztintxurin, Milagrosa-Arrosadian, Azpilagañan, Txantrean, Ipar Etxabakoitzen, Arrotxapean, Donibanen eta Sanduzelain. Etxebizitza sozialeko sustapenak gazteei eta familia zaurgarriei zuzenduta egonen dira % 65 eta % 35 proportzioan. Halaber, merkataritzarako etxabeak etxebizitza gisa erabiltzea planteatuko da, eremu bakoitzeko beharrei erantzunez, eta zuzkidura- eta merkataritza-helburuekin nahasten ahalko dira.
Zuzkidura-lurzoruak erabiltzeaz gain, Planak Udalaren lurzoru-ondarea ere etxebizitza babestuak egitera bideratzea aurreikusten du, bai alokairurako, bai erosteko aukerarekin alokatzeko edo salerosteko. Nolanahi ere, etxebizitza babestuak izaera hori izango du beti, mugagabea eta aldaezina. 2023an, hainbat lursail enkantean jarri ziren helburu horiekin, eta horrek 300 BOE merkaturatzea (heren bat alokairuan) bermatzen du. 13 udal-lursail enkantean atera dira Lezkairun (3), Arrosadian (9) eta Sadarren (1) ere etxebizitza libreak eraikitzeko, eta hortik sortutako diru-sarrerak hiria birgaitu, berritu eta berroneratzeko proiektuetara bideratu ahal izanen dira.
Agiri berriak etxebizitza berriak kooperatiben bidez garatzea aurreikusten du hiriko hainbat puntutan, hala nola Kale Nagusian, Sanduandia kalean, Sanduzelain eta Buztintxurin.
Planifikazioa eta birgaitzea
Bigarren blokean, Etxebizitzako Udal Planak Iruñeko hirigintza-plangintza berriari heltzen dio eta aipamen berezia egiten zaio Donapeako garapen berriari, non 5.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten baita (erdia babestuak). Udalez gaindiko Eragina duten hainbat Plan Sektorial (PSIS) ere aipatzen ditu. Zentzu horretan, Udalak etxebizitzaren eta plangintzaren gaietan lagunduko du, Etxabakoitzeko, Belosoko eta NUPeko PSISetan.
Hirugarren blokea birgaitzea, hiri-berroneratzea, etxebizitza hutsak eta eraiki gabe dauden orube pribatuak ditu ardatz, eta bost neurri zehatz barne hartzen ditu. Hala, honako hauek nabarmentzen dira: birgaitzeko gehieneko laguntzak auzo guztietara hedatuko dituen ordenantza berriaren aplikazioa; Milagrosa-Arrosadia auzoan hiri-berroneratze eta trantsizio energetikorako bulego berria irekitzea, eta Efidistrict bulegoa, Txantreako birgaitze-proiektuei laguntzeko funtsezko elementu gisa. Era berean, hiri-berroneratzeko ekintzen barruan sartuko dira Santa Ana plazako eta haren inguruko Esku-hartze Orokorreko Proiektuak (PIG), Jarauta kaleko 7. zenbakitik 21.era bitarteko eraikinak birgaitzea, eta beste jarduketa batzuk Descalzos kalean eta Kale Nagusian (100 etxebizitza aurreikusita).
Etxebizitza hutsei dagokienez, jabeei Foru-komunitateko Alokairu Poltsarekin bat egitera animatzeko kanpainak aterako dira, eta hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzea bultzatuko da. Gainera, eraiki gabeko orube pribatuak BOE gisa sustatzea negoziatuko da, eta hori arrazoizko epean gertatzen ez bada, nahitaezko salmenta edo itzulketa eskatuko da. Zehazki, Planak Zaragoza etorbidean eta Monjardín kalean dauden lursailak, Mendillorriko laugarren faseko merkataritza-lursaila eta Arrotxapeko bi lursail –Anelier pasealekuan eta Arga kalean– aipatzen ditu, non 220 etxebizitza aurreikusten baitira gazte-alokairurako.
Larritasuneko bizitegi-eremua
Etxebizitzako Udal Planaren laugarren blokean Iruña larritasuneko bizitegi-eremu izendatzeko aukerari heltzen zaio, gehieneko historikoetara iritsi den etxebizitzaren prezio garestia dela eta. Horretarako, izendapen hori jasotzeko aukera baloratzen duen azterketa bat eginen da, alokairuaren gehiegizko prezioei mugak jartzeko xedez.
Halaber, Udalak aterpe-premiako eta bizitoki-bazterkeriako estrategia berri bat abiatzea aurreikusten du, hutsik dauden udal-etxebizitzak birgaitzea sustatuz aterpe-premiarako etxebizitza gisa erabiltze aldera eta zerbitzu hori indartuz Gizarte Ekintzako Alorrarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.