Giza baliabideez eta baliabide teknikoez gain, hamahiru ibilgailuk eta lau erratz-makinak osatzen dute Iruñeko Udalak neguko elurteetarako dituen jarduketa-planerako baliabideak. Aurreko urteetako baliabideak mantenduko dira, lau larrialdi-maila baititu planak eta udal-zerbitzuen emakida duten hainbat administrazio, erakunde eta enpresa koordinatzen baititu, elurrak eta izotzak hirian eragiten ahal dituen gorabeherak txikiagotzen saiatzeko. Berrikuntza gisa, aurten, urgarri ekologikoagoa eta ingurumena gehiago errespetatzen duena erostearen aldeko apustua egin da, zubiak edo korrosioarekiko oso sentikorrak diren egiturak eta guneak gutxiago erasan ditzan.
Iruñeko Elurteei aurre egiteko Jarduketa Plana pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna bermatzeko eratu da, eguraldi txarraren ondorioz, hirian arrisku-egoerak sor daitezkeelako elurraren eraginez. Planaren helburu nagusia da mota horretako egoerei erantzuteko sistema bat ezartzea, esku hartu behar duten zerbitzu publiko eta pribatu guztien arteko koordinazio egokia eta gailuen antolaketa bermatzeko. Planak prebentzio-sistema bat ere antolatu nahi du, autobabeserako neurriak sustatu eta ezagutaraztearekin batera.
Elurteei Aurre Egiteko Planak Iruñeko Udalak egin beharreko ekintzak jasotzen ditu, zerbitzu publiko eta pribatuek koordinatuta eskuhar dezaten elurte handien ondorioak minimizatzeko, eta herritarrak arriskuez kontzientziatzeko eta egoera horietan egiten ahal diren jarduerak gauzatzeko hartu beharreko neurrien berri emateko. Lehentasunez, honako hauek lortu nahi dira: bideak zabalik mantentzea hirira errepidez sartzeko sarbide nagusietan, auzoak komunikatzeko balio duten bide publikoetan eta auzo bakoitzeko kale nagusietan; autobus bidezko garraio publikoaren funtzionamendua ziurtatzea; eta herritarren joan-etorrien segurtasuna bermatzea espaloietan eta oinezkoendako pasabideetan.
Gaur goizean, Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzi ordezkaria, Juan Manuel Gil Larequi Alor bereko zuzendaria, Patxi Iriarte Echenique Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria eta Rubén Unanua Ruiz Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria, gatz-siloak eta -biltegiak dauden udal-instalazioetan izan dira, Trinitarioseko eremuan. Elurteei aurre egiteko Jarduketa Plan honetan jasotzen den koordinazio-organo iraunkorra Iruñeko Udaltzaingoaren Krisi Aretoan bilduko da.
Iruñeko Udaltzaingoaz eta Iruñeko Udalaz gain (batez ere, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorra eta Hiri Kontserbazioko Alorra, eta horien Babes Zibileko, Kale Garbiketako, Obretako, Lorategietako eta Parke Mugikorreko unitateak), Elurteen aurrean Jarduteko Planak beste erakunde eta entitate batzuk ere barne hartzen ditu, esaterako, Nafarroako Gobernua (SOS Nafarroa, Babes Zibila, Foru Polizia eta Errepideen Zainketa Zerbitzua), Iruñerriko Mankomunitatea, Cruz Roja, DYA eta udal-zerbitzuen zenbait emakidadun, hala nola Dornier, Erri Berri, FCC EULEN, OHL INGESAN, TASUBINSA, Iberdrola, Telefónica edo Gas Natural enpresak.
Hiria eremu eta sektoreetan banatuta, baliabideak optimizatze aldera
Plana osatzen duten ibilgailuetatik hamar bat bide-garbiketako zazpi lantaldetan aritzen dira, eta hiriko gune eta sektore desberdinetan jarduten dute, espaloietako, galtzadetako eta beste espazio batzuetako bideak garbi mantentzeko ezarritako lanei ekiteko. Baliabide horiei xafla, pala eta/edo barreiagailua duten beste ibilgailu batzuk gehitu behar zaizkie, bai eta hortzaz hornitutako lau erratz-makina ere, oinezkoendako guneak garbitzeko. Duela urte batzuetatik hona, bide-garbiketako ekipo bakoitzak portofono bat du, talde guztiak koordinatzaile operatibo batekin eta euren artean komunika daitezen, koordinazio- eta kontrol-prozedurak hobetzeko.
Iruñeko Udalak 100 tona gatz biltzeko edukiera duten bi silo ditu. Hasiera batean 56 tonarekin beteko dira, eta, neguak aurrera egin ahala, egiten duen elurraren arabera, kopuru hori osatzen joanen da, 200 tonako gehienezko kopurura iritsi arte. Aurrekoez gain, honako hauek ere baditu:, 350 tona solteko gatz, 210 kilo urgarri (30 kiloko zazpi kubotan), egitura metalikoa duten oinezkoendako zubietan erabiltzeko, eta 17.625 kilo gatz 705 zakutan banatuta. Ohi bezala, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara, haur-eskoletara, osasun-zentroetara eta kiroldegietara gatz-zakuak eramanen dituzte ikastetxeen eta instalazioen eskariari erantzuteko.
Lau larrialdi-egoera
Elurteei Aurre egiteko Plan honek lau larrialdi-egoera aurreikusten ditu. 0 mailako larrialdi-fasea izotz- edo elur-aurreikuspenekin aktibatzen da, hau da, eguraldi txarraren jakinarazpenak jasotzen direnean, baina oraindik izotzik edo elurrik egin ez duenean. Fase honetan, giza baliabide eta baliabide material guztiak koordinatzea da helburu nagusia. Fase hau 600 metrotik beherako elur-prezipitazioen edo izotz-prezipitazioen alerta jasotakoan hasten da.
1. mailako larrialdi-fasea 1. maila eguraldiaren iragarpena betetzen denean aktibatuko da, eta, beraz, eguraldia benetan txarra denean. Une horretan abiatuko da adostutako operatiboa. Fase hori elurrik ez dagoenean baina izotza dagoenean aktibatuko da, edo elurra lurra zuritzen hasten denean (2 cm baino gutxiago). 2. mailako larrialdi-fasea elurtea orokorra denean aktibatzen da, baina egoerari udal-zerbitzu arruntekin aurre egiten ahal zaionean, hau da, Oinarrizko Jarduketa Ekipoen bidez. Jarraibide gisa, 2 eta 20 cm bitarteko elurtea ezartzen da erreferentzia modura.
3. mailako larrialdi-maila elurtea orokortua denean eta haren ondorioek zerbitzuetan gorabehera larriak eragiten dituztenean aktibatzen da; beraz, aparteko baliabide gehigarriak mobilizatu beharko dira. Jarraibide gisa, 20 cm-tik gorako elurtea ezartzen da erreferentzia modura. Maila honetan, Planari atxikitako makina guztiak mobilizatzeaz gain, oinezkoendako ibilbide jakin batzuk garbituko dira, eta kanpoko beste baliabide batzuk erabiltzeko aukera baloratuko da.