Iruñeko bost “zezen-plazak” eta entzierroaren ibilbide ezberdinak, bihar, Zabalguneko Civivoxean eginen den hitzaldi irisgarrian

Iruñeko bost “zezen-plazak” eta entzierroaren ibilbide ezberdinak, bihar, Zabalguneko Civivoxean eginen den hitzaldi irisgarrian
Javier Mangado Urdánizek “Ikusi, entzun...eta txalo egin” zikloko lehen hitzaldia emanen du bihar, eta apirilaren 3an berriz eginen da, euskaraz
plaza de toros

Otsailaren 27an, ostegunarekin, jarduera irisgarrien zikloa hasiko da, lauhileko honetarako aurreikusita dauden hiru hitzaldien lehenarekin. Javier Mangado Urdániz biologo eta irakasle erretiratuaren eskutik ‘Iruñeko antzinako zezen-plazak historian zehar’ saioak zezen-plaza gisa erabili ziren lau tokien errepasoa eginen du, gaur egungoa eraiki aurretik erabilitakoak, alegia. Bide batez, hizlariak hainbat kontu, pasadizo eta entzierroari buruzko gertaera historikoren errepasoa eginen du.
 

Hitzaldia Zabalguneko Civivoxean izanen da,  “Ikusi, entzun...eta txalo egin” zikloaren barruan, eta sarrera librekoa izanen da, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta. Programazioaren barruan hainbat proposamen sartzen dira; 2011. urteaz geroztik Iruñeko Udalak eta Nafarroako RETINA Elkarteak prestatu dituzte Civivox sarean, Udalaren kultur proposamenak herritar ororengana heltzen direla bermatzeko.
 

Biharko hitzaldia 19:00etan izanen da, eta apirilaren 30ean errepikatuko da, euskaraz, Civivox horretan bertan. Zikloko hurrengo hitzaldia, ‘De nueva Amsterdam a Nueva York’, martxoan izanen da, eta Idoia Albeniz historialariak emanen du. Hiri ikoniko horren sorrera, funtsezko pertsonaiak, eta bilakaera historikoa zein soziologikoa izango ditu hizpide.
 

Iruñeak zezen-plaza ‘mugikor’ bat izan zuen
 

Gaur egungo zezen-plaza egin aurretik zezen-plaza gisa erabili ziren hiriko beste lau tokiei buruzko kontu ez oso ezagunak kontatuko ditu Mangadok: non zeuden eta nola funtzionatzen zuten, eta horien eraikuntza, eraisketa eta ordezkapenean eragina izan zuten baldintza ekonomikoak. Lehenengo zezen-plaza Gazteluko plaza izan zela kontatuko du. Gaur egun Iruña kafea denaren eta San Nikolaseko eskaileren artean zegoen, antzina Luis Hutinen gaztelua zen arma-plazan.
 

1843an zezenketak tokiz aldatu ziren: gaur egun Gayarre antzokiaren, Ahumada Dukearen kalearen eta Karlos III.aren etorbidearen arteko elkargunera. Oso egikera txarreko plaza zen, eta horregatik sei urteren buruan eraitsi egin zen; orduan zezen-plaza mugikor bat erabili zen, hurrengoa eraiki bitartean. Azpiegitura hori, halabeharrez behin-behinekoa zena, Vínculo plazan paratu zen eta 1850. eta 1851. urteetan erabili zen.
 

Azkenik, Iruñeak zegokion zezen-plaza izan zuen, berria eta handiagoa: hirian plaza zahar izenarekin ezagutzen den hori. Egungo zezen-plazatik 120 metrora zegoen, gutxi gorabehera, eta 1921ean erre egin zen.
 

Sakanara ihes egin zuen zezena eta beste kontu batzuk
 

Saioan beste kontu batzuk ere izango dira hizpide, hala nola bertan behera geratu ziren zezenketak eta ezohiko zezenketak, eta Iruñeak gaur egun ikus daitekeen plaza eraiki zen urtera arte, 1922ra arte, alegia, izan zituen zale ospetsuak.
 

Urte haietan hainbat gauza gertatzen ziren, hala nola torilen arduraduna Udaleko arotza izatea, eta zezenketetako protagonista bakarrak toreatzaileak ez izatea... bat-batean plazara salto egin eta toreatzen uzten zieten lagunak, txakurrak eta elefanteak ere izan baitziren. Zorigaiztokoa izan zen zezen-plaza zaharrean egindako azken zezenketa, edo hori esan zuten, zezen-plaza zaharra sute batek suntsitu baitzuen.
 

Zezen-plazen historiaz gain, entzierroari buruzko historia labur bat ere eginen da, lau ibilbide ezberdin izan baititu, gehi ingurabide txiki bat, Mangadok kontatuko duenez. Hainbat gauza azalduko ditu, adibidez, behin, Udalbatza ezin izan zela joan Bezperetara zegokion orduan, zezenek ihes egin zutelako, edo Sakanaraino lasai asko heldu eta hainbat behi idiskotu zituen zezenaren istorioa, zeinen ezaugarri genetikoak espero baino suharragoa den zenbait aberetan ikus baitaitezke oraindik ere. Hitzaldian agiri batzuetan jasota ikusten ahalko da herritarrek egun Justizia Jauregia dagoen tokian ganadua bazkan ikus zezaketela, eta garai batean entzierroaren hasiera benetan markatzen zuen erlojua eguzkikoa zela.
 

Hurrengo lauhilekoan, antzeko saio batean, Mangadok egungo zezen-plazari buruzko monografiko bat eskainiko du.
 

“Ikusi, entzun...eta txalo egin” hitzaldiak (otsaila-maiatza)

Tokia: Zabalguneko Civivoxa

Ordutegia: 19:00

Hizlariak: Idoia Albéniz eta Javier Mangado

Sarrera librea da, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta. Bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen hartzen ahalko ditu.

Otsailak 27, osteguna

  • ‘Zabalgunearen inguruan: Iruñeko zezen-plaza eta II. Zabalgunearekin izan duen lotura historikoa’
  • Hizlaria: Javier Mangado, biologoa, irakasle erretiratua eta institutuko zuzendari ohia
  • Hitzaldi hau apirilaren 30an ere eginen da, euskaraz.

Martxoak 6, osteguna

  • ‘De nueva Amsterdam a Nueva York’,
  • Hizlaria: Idoia Albéniz, historialaria
¿Te ha sido útil esta página?