Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren beste edizio bat antolatu da; lanak aurkezteko epea azaroaren 29an amaituko da

Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren beste edizio bat antolatu da; lanak aurkezteko epea azaroaren 29an amaituko da
Hiru kategoria izanen dira, adinaren arabera, gai eta neurri libreko jatorrizko lan argitaragabeak aurkezteko
cartel bertsopaperak

 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroan bertsolaritza sustatu eta bultzatzeko elkarteak, bertso idatzien literatur lehiaketaren bosgarren ediziorako deia egin dute. Nafarroako egileei edo Nafarroan bizi direnei zuzenduta dago, eta hiru kategoria ditu, aurkezten direnen adinaren arabera. Lanak aurkezteko epea azaroaren 29an amaituko da. Aurreikuspenen arabera, sariak banatzeko ekitaldia 2025ko otsailean eginen da.

Bertsopaperak idaztea sustatu eta bultzatzeko asmoz, 2020an modalitate horretarako lehiaketa berezi bat bultzatu zen. Ordura arte, bertsopaperen modalitate hori Iruñeko Udaleko Egile Berriendako Euskarazko Literatur Lehiaketaren parte zen, narrazio labur eta poesia modalitateekin batera. Bertsopaper lehiaketa abian jarri zenetik, parte-hartzea nabarmen handitu da: 2019an 5 lan aurkeztu ziren, 2020an 24 eta iaz, berriz, 44. 

A kategoria 2011. urtean edo ondoren jaiotakoei bideratuta dago eta gutxienez bi bertso, eta gehienez ere lau dituzten lanak aurkeztu beharko dituzte. B kategorian –2007tik 2010era (biak barne) jaiotakoendakoan–, gutxienez 4 eta gehienez 8 bertso dituzten lanak aurkeztuko dira. Azkenik, C kategorian, 2006. urtean edo lehenago jaiotakoei zuzendutakoan, 12 eta 16 bertso arteko lanak igorri beharko dituzte, nolabaiteko batasuna dutenak. Aurreko bi ediziotan C kategorian lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu.

A eta B kategorietan gehienez hiru lan aurkezten ahalko dituzte egileek. C kategorian, aldiz, lan bakarra aurkezten ahalko da. Lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Gainera, bertsoen doinua ere zehaztu beharko da. Aurrekoez gain, lanek oinarrizko kalitate-irizpideak bete beharko dituzte. 

Lanak online aurkeztea
Parte-hartzaileek https://www.pamplonaescultura.es/eu/ edo www.pamplonaescultura.es/eu webguneetako BERTSOPAPERAK 2024 – IruñaKulturaDa estekaren bidez aurkeztu beharko dituzte haien lanak eta datuak, eta bertan, izena emateko inprimakia eskuratu eta oinarriak kontsultatzen ahalko dituzte.

Inprimakia betetzeko, lauki guztiak bete beharko dira, agertzen diren hurrenkeran. Lehenik, datu pertsonal hauek beteko dira: jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Eta, ondoren, bertsopapera duen fitxategia igo behako da, lanaren izenburua daraman PDF bakarrean. Ez izenburuan ezta fitxategiaren edukian ere, ezin izanen da egilearen nortasunaren inguruko aipamenik egin, ezta datu pertsonalik adierazi ere. Era berean, klik egin beharko da lehiaketara aurkeztutako lanaren egilea zarela eta obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela esaten duen aitorpenean.

Inprimakia bidaltzeko, horretarako prestatutako botoia sakatu behar da. Izapide horrek ez du amaitzen izen-ematea. Mezu elektroniko bat bidali zaizula jakinaraziko zaizu, formularioko datuen laburpenarekin, datu pertsonalen atalean emandako helbide elektronikora. Mezu horretan, aurkeztutako datuekin bat bazatoz, datuak balioztatu ahal izanen dira eta horrela izen-ematea amaituko da. Urrats hori eginda, azken mezu bat jasoko duzu, non berretsiko baita zure parte-hartzea lehiaketan, bertsopaperaren izenburuarekin, identifikazio agiriarekin eta lehiaketan erreferentziazkoa izanen den plika-zenbakiarekin batera.

Lanak aurkezteko beste bide batzuk
Halaber, lanak aurkezteko beste edozein bide erabiltzen ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluak aurreikusten dituenen artean. Kasu honetan, interesdunek gutun-azal itxi bat aurkeztuko dute, eta haren barruan, lanaren kopia bat. Gutun-azalean honako hauek idatzi beharko dira: ‘Literatur lehiaketa – Bertsopaper lehiaketa. Kategoria (…). Lanaren izenburua (…)’.

Gutun-azal horren barnean, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita eta kanpoaldean bertsopaperaren izenburua idatzita eramanen duena, eta horren barnealdean, orri bat, egilearen datu pertsonalak adierazita: izena eta abizenak, jaiotze-data, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa). Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Sariak eta epaimahaia
Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira aurkeztutako hiru lan onenen artean. A kategorian, sariak 150, 100 eta 50 eurokoak izanen dira, hurrenez hurren, eta kultura-bonu baten bidez ordainduko dira. Kultura-bonuaren zenbatekoa hilabete bateko epean trukatzen ahalko da. B kategorian, sariak dirutan izanen dira, eta irabazleek 350, 200 eta 150 euro jasoko dituzte. C kategorian, lehen sariak 1.500 euroko zuzkidura du, bigarrenak 1.000 eurokoa, eta hirugarrenak 500 eurokoa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatutako bertsolaritzako hiru adituk osatuko dute sariak erabakiko dituen epaimahaia: Eneko Fernandezek, Saioa Mitxelenak eta Cesar Etxeberriak.

Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, haien kabuz edo hirugarrenen bidez, saritutako lanak edozein bide eta modu erabilita argitaratzeko aukera izanen dute, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean. Era berean, C kategoriako lehen sariaren irabazleak baimena emanen die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteari emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, sariarekin batera emandako diru-ordainaz bestekorik jaso gabe. Lehenengo argitalpen edo ekoizpena egiteko salbu, saritutako lanak ustiatzeko eskubideak egile bakoitzarenak izanen dira. 

¿Te ha sido útil esta página?