Iturramako eta Kondestable Civivox zentroetan Eguberri hauetan ikusgai izanen da 30 irudi baino gehiagoren erakusketa, horien artean Iruñeko auzoetako konpartsen erraldoiak, buruhandiek, ‘zezentxoak’ eta irudi ‘txikiak’. Ekimen hori eginen da txikienek irudiak gertutik ikus ditzaten, ikusirik Eguberri hauetan ezin dela ekitaldi jendetsurik egin, zeinetan normalean auzo bakoitzeko erraldoi eta buruhandien konpartsek parte hartzen baitzuten. Erakusketak doan bisita daitezke urtarrilaren 10era bitarte, 09:00etatik 14:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez.
Kondestable Civivoxeko erakusketan, Alde Zaharreko Erraldoiak konpartsako lau erraldoi bisitatu daitezke, Aldezar Elkartearen sei irudiez gain, eta Trikimako Gazte Elkartearen lau ‘zezentxo’. Bestetik, Iturramako Civivoxeko erakusketak Arrotxapea, Buztintxuri eta Mendillorriko konpartsa bakoitzaren lau irudi ditu, eta Ilargienea Taldearen beste lau irudi ‘txiki’, Gartxot Konpartsa Elkartearen eta San Cristobal Gazte Elkartearen ordezkaritzaz gain.
Bizilagunen lankidetza-istorioak auzo bakoitzeko konpartsa egituratzeko
‘Buztintxuri’ erraldoi eta buruhandien konpartsa, zeinak lau irudi eman baititu erakusketarako, 2012ko urtarrilean sortu zen, lagun talde batek baliabide ekonomiko urriekin lanari ekin zionean. Hilabeteetako lanen ondoren lehenengo bikotea amaitu zuten, Mikel eta Feli. 2013ko apirilean bigarren bikotea estreinatu zen, Ana eta Antonio. Lauek eremu honetako nekazari-familia bat osatzen dute, Mikel eta Ana seme-alabak dira, eta Antonio eta Feli, gurasoak. Ia bost urtez erabili ondoren, Konpartsak irudiak berriz profesionalki egitea erabaki zuen. Guztira, gaur egun Buztintxuriko erraldoi eta buruhandien Konpartsak honako ale hauek ditu: lau erraldoi handi (Mikel, Ana, Antonio eta Feli), haurrendako beste lau –euskal mitologiaren Iratxoen irudiak– eta lau buruhandi, Lantzeko Txatxoa, Festazalea, Sorgina eta Gaiteroa.
Aldezar elkartearen erraldoien konpartsa ‘txikia’ 1996an sortu zen, Iruñeko Alde Zaharreko gazte talde batek lehen irudiak egin zituenean. Egun, taldea 9 urtetik 16 urtera bitarteko 20 gazteez osatua dago. Konpartsa horrek sei erraldoi ditu; Iruñeko historian oinarritutako pertsonaiak dira. Bikote bakoitza Iruñeko Erdi Aroko burgu bati dagokio. Navarreriako Joan eta Mari, hiriko jatorrizko biztanleak dira. Nekazariak dira eta haien hizkuntza euskara da. San Zernin burguko Bernad eta Aines merkatariak dira eta, azkenik, Martín eta Kattalin zapatariak San Nikolas burguko ordezkariak dira.
Arrotxapea auzoko Erraldoien konpartsa 2008an sortu zen, eta haren irudi guztiek auzoko historiaren pertsonaiak, tokiak eta lanbideak irudikatzen dituzte. Gaur egun lau erraldoik osatzen dute: Runa (garbitzailea), Motxorro (baratzezaina), Arriasko (errotaria), Txantxarrana (festetako maiordomoa) eta bi kiliki: Pagoto (tren geltokiko zamaketaria) eta Petit (udal txakurzaina). Bestetik, Azpilagañako Gartxot Kopartsak hamar urte eta erraldoi ertainen bi bikote ditu. Horietako bi, Basajaun eta Erreka Mari, pertsonaia mitologikoak, eta beste bi, Gerrieder eta Gartxiko, XVI. mendean bizi eta izurriaren ondorioz hil ziren iruindarren omenez egindakoak. Konpartsa hori tamaina txikiagoko zenbait erraldoik osatzen dute.
‘Ilargienea Taldea Arrosadia’ Konpartsa, Milagrosa auzokoa, Hegoalde ikastolako gurasoek sortu zuten 2000. urtean. Hona Erraldoien izenak: Lamia, Astiz, Galtzagorri eta Sorgina, euskal mitologiaren pertsonaiak. Bestetik, Mendillorri auzoko ‘Gaztelumendi Mendillorriko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa’ 2008an sortu zen eta gaur egun lau erraldoi handik osatzen dute: Mikelats, Atarrabi, Amalurra eta Nafarroa. Baditu ere beste hainbeste erraldoi ‘txiki’ (Basajaun, Errekamari, Eguzki eta Ilargi) eta lau kiliki: Elorri, Mendi, Otso, Aker; eta Margaret izeneko antzara bat. Azkenik, 2001ean sortutako ‘Alde Zaharreko Erraldoien konpartsa’ Gazte eta Kultur Elkarteak egun lau metro baino gehiagoko garaiera duten lau erraldoik osatzen dute. Pertsonaiek lau elementuak irudikatzen dituzte: lurra, sua, ura eta haizea. Lau kilikik laguntzen dituzte erraldoi horiek: Napoléon, Payaso, Pamplonica eta Demonio.
Erraldoi eta buruhandien erakusketak
- Kondestable Civivoxa
-
- Aldezar Elkartea
- Trikimako Gazte Elkartea
- Alde Zaharreko Erraldoiak
- Iturramako Civivoxa
- Gartxot Konpartsa Elkartea
- San Cristobal Gazte Elkartea
- Arrotxapeko Erraldoien Konpartsa
- Buztintxuriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa
- Gaztelumendi Mendillorriko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa
- Ilargienea Taldea