Iruñeko aurrekontuen 2025erako gastu-aurreikuspena 272 eta 279 milioi euro artekoa da

Iruñeko aurrekontuen 2025erako gastu-aurreikuspena 272 eta 279 milioi euro artekoa da
Gobernu-taldea osatzen duten alderdien –EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin–, eta PSNko ordezkarien arteko lehen bilera, balizko aurrekontu-akordioak aztertzeko
reunión presupuestos

 

Gobernu-taldea osatzen duten hiru alderdietako ordezkariak, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin, Iruñeko Udaleko Sozialisten taldearekin bildu dira ostegun honetan, 2025eko Udal Aurrekontuak aurrera ateratzeko akordio bat lortzeko asmoz. Lehen hitzordu horretan, Udalak datorren ekitaldirako duen hasierako gastu-aurreikuspena, 272 eta 279 milioi euro bitartekoa, jarri dute mahai gainean. Zenbateko horrek, % 1,98 eta % 4,53 arteko igoera ekarriko luke aurtengo aurrekontuarekin (266,9 milioi) alderatuz gero, eta Iruña historiako aurrekontu handienen atarian jarriko luke.

Joseba Asiron alkatea (EH Bildu) buru izan duen bilera horretan, Garbiñe Buenok eta Joxe Abaurreak (EH Bilduko alkateordeek), Mikel Armendarizek (Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzia, Geroa Baiko ordezkariak) eta Txema Mauleónek (Gizarte Ekintzako zinegotzi eta Contigo-Zurekin taldeko ordezkariak) parte hartu dute. Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldearen aldetik (PSN-PSOE), Marina Curiel bozeramailea eta Xabier Sagardoy zinegotzia bertaratu dira.

Bilerak udal-kontuen inguruko lehen hartu-emana izateko balio izan du. Alde batetik, egungo aurrekontuaren egikaritzea berrikusi da eta, ondoren, hurrengo ekitaldiko kontuen lerro nagusiak zirriborratu dira. Zerbitzu publikoen hobekuntza bermatzea, gastu soziala indartzea, legegintzaldiko proiektuei bultzada ematea eta joan den abenduan gobernu-aldaketa ahalbidetu zuten akordioak betetzen direla bermatzea hartu dituzte abiapuntutzat.

Ikasturte politikoaren hasierako bilera formalean adierazi zen bezala, kontuen onarpena azaroaren amaierara aurreratzea da helburua. Prozesua arindu ahal izanez gero, aurrekontuen tramitazioa eta behin betiko onespena behar besteko denborarekin eginen direla bermatuko litzateke, kontu berriak urtarrilean, urte administratiboaren hasierarekin batera, indarrean jarri ahal izateko.

¿Te ha sido útil esta página?