Iruñeko alkate Joseba Asiron Saezek Hiri Historiko eta Bizigarrien I. Topaketan parte hartu du gaur goizean. Topaketa urriaren 8an eta 9an da (ostegunean eta ostiralean) Kondestablearen jauregian. Jardunaldiak Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SA sozietatearen 25. urteurrenaren eta Iruñeko Alde Zaharreko Etxebizitza eta Hiri Berroneratze Planaren (2025-2035) aurkezpenaren harira antolatu dira, eta bertan egon dira hirigintzari dagokionez Iruñearen antzekoak diren hirietako ordezkari politikoak, lantalde teknikoak eta eragile espezializatuak.
Topaketa hasi aurretik, alkateak parte-hartzaileei harrera instituzionala egin die udaletxean. Bere hitzaldian nabarmendu du ekitaldi hau oso garrantzitsua dela esperientziak partekatzeko, tresnak kontrastatzeko eta lankidetzan aritzeko, hirigune historikoetako ondarea babesteko, horiek berroneratzeko eta leku bizigarriak, aktiboak eta sozialki askotarikoak izaten jarrai dezaten lortzeko.
Topaketaren programa
Topaketaren lehen saioan hirigune historiko bizigarriak lortzeko erronkak, politikak eta irtenbideak landu dira. Programa Nola mantendu bizigarri hirigune historikoak XXI. mendean? izeneko eztabaida instituzionalarekin hasi da. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Iruñeko alkatea; Gironako alkate Lluc Salellas i Vilar; Gasteizko Udaleko Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumenaren Saileko zinegotzi ordezkari Borja Rodríguez Ramajo; Santiago de Compostelako Hirigintza, Etxebizitza eta Hiri Historikoko kontseilari Iago Lestegás Tizón; eta Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zuzendari Uxua Domblás Ibáñez. Saioa osatzeko, Rozalejo eraikina bisitatu dute, baita PCH-IBk Descalzos kalean egin dituen azken etxebizitza-sustapenak ere; izan ere, bi jarduketa horietan etxebizitza, birgaitzea, ondarea eta hiri-espazioa uztartzen dira.
Topaketak arratsaldean jarraituko du: Etxebizitza eta hiri-berroneratzea Alde Zahar bizigarria lortzeko izeneko saioan, Iruñeko alkateak gai horri buruzko sarrera labur bat eginen du. Ondoren, UNESCOren Paisaia Kulturalak eta Ondarea katedraren zuzendari Agustín Azkarate Garai-Olaunek irekiera-hitzaldia emanen du, Ondarea eta bizigarritasuna. Hiri historikoaren iraupenari eta aldaketei buruzko hausnarketak izeneko. Jardunaldia amaitzeko, Iruñeko Udalak Alde Zaharrean esku hartzeko ikuspegi berria aurkeztuko du. Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SAren ereduaren bidez eta Iruñeko Alde Zaharreko Etxebizitza eta Hiri Berroneratze Planaren (2025-2035) bidez egituratu da ikuspegi hori.
Biharko saioan alderdi teknikoak landuko dira, gaien araberako bi bloketan: Bizitzea eta birgaitzea eta Auzoa zaintzea eta aktibatzea. Lau lan-mahaitan landuko dira: etxebizitza eskuragarria eta bertan egotea; birgaitzea eta energia-trantsizioa; espazio publikoa, mugikortasuna eta hurbiltasuna; eta, azkenik, merkataritza, jarduera ekonomikoa eta erabileren arteko oreka. Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak emanen die amaiera jardunaldiei.