
Adineko emakumeek badute zeresana Iruñeko Udalaren eta hiriko adinekoen sareen arteko lankidetzan oinarrituta martxoak 8ko aldarrikapenen inguruan sortu den ekimen berria da. Sare sozialetarako pentsatutako ikus-entzunezko eduki batzuk dira, adineko emakumeek hainbat esparru eta lanbidetan duten zereginari balioa emateko eta izan dituzten eta dituzten zailtasunak eta horiei aurre egiteko dituzten laguntzak nabarmentzeko. Baina, gainera, belaunaldi-aldaketari begira, ikus-entzunezko lanetan parte hartu duten emakumeek mezu bat helarazi nahi izan diete egungo emakume gazteei.
Otsailaren 27an, hainbat bizi-ibilbide, alderdi eta lanbide irudikatzen dituzten hiru emakume elkarrizketatu zituzten Kondestable Civivoxean. Isabel Diez Diaz 73 urteko aktibista, Loli Irigaray Vidondo 66 urteko Iruñeko Udaleko administraria eta Tiana Ribas Peala 77 urteko erizaintzako laguntzailea izanen dira hilabete honetan hirian lan egiten duten eta 65 urtetik gorakoendako jarduerak antolatzen dituzten sei Adinekoen Sareen sentsibilizazio-lana sareetan ikusaraziko dutenak.
Adinekoen Sareek, Iruñeko Udalak babestuta, auzoko sareak sortzea dute xede, errespetutik, adinekoei laguntza eta zaintza arretatsua eskaintze aldera. Sare bakoitzak auzoan adinekoekin lan egiten duten adinekoen elkarteak, bizilagunen elkarteak, osasun-zentroak, auzo-unitateak, saltokiak, farmaziak etab. hartzen ditu bere baitan. Iruñean Adinekoen sei Sare daude, Iturraman, Milagrosan, Txantrean, Santa María la Realen, Alde Zaharrean eta Zabalgunean dihardutenak.
Adineko emakumeek badute zeresana ekimena iraupen desberdinak dituzten bost bideok osatzen dute. Lehenengoak 2 minutuko iraupena du, gaur argitaratu da eta atal guztien laburpen bat da, teaser modukoa; ondoren bi minutuko beste hiru bideo argitaratuko dira elkarrizketa trinkotuekin eta beste bat, sei minutu ingurukoa, hiruen muntaia batekin.
Adinekoen Sareetan parte hartzea
Adinekoen sare baten parte izatea oso erraza da herritarrendako, egituran inplikatzeko hainbat maila baitaude. Egiten diren jardueretan edo ekintzetan parte hartzen ahal da boluntario gisa, edo, besterik gabe, adinekoengan ager daitezkeen zenbait seinaleri erreparatu, zerbait ez doala ongi adierazten duten haietan (itxura-edo portaera-aldaketak, bat bateko absentziak, bakardade-adierazpenak, nahasteak, despisteak...) eta proiektuko Gizarte Zerbitzuetako taldeari abisua eman esku-hartzeko modurik egokiena balora dezan. Argibide gehiago jasotzeko, sare bakoitzaren helbide elektronikora idatzi.
IRUÑEKO ADINEKOEN SAREAK
- Alde Zaharreko Adinekoen Sarea: redesdemayorescascoviejo@pamplona.es
- Iturramako Adinekoen Sarea: redesdemayoresiturrama@pamplona.es
- Txantreako Adinekoen Sarea: redesdemayorestxantrea@pamplona.es
- Santa María la Realeko Adinekoen Sarea: redesdemayoressantamarialareal@pamplona.es
- Milagrosako Adinekoen Sarea: redesdemayoresmilagrosa@pamplona.es
- Zabalguneko Adinekoen Sarea: redesdemayoresensanche@pamplona.es