Martxoan ere Iruñeko Adinekoen Sareek aisialdiko jarduerak eskainiko dizkiete adinekoei, doan. 40 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte: besteak beste, ibilaldi osasungarriak, hitzaldiak, irakurketa-klubak, bingoa eta arte-lantegiak, eta baita kakorratz-lanak egiteko, memoria lantzeko eta teknologian laguntza emateko lantegiak ere. Zabalik dago dagoeneko izena emateko epea, sare bakoitzaren helbide elektronikoaren eta whatsapparen bidez. Programazio osoa udal-webgunean kontsultatu daiteke.
Adinekoen Sareek auzoko sareak sortzea dute xede, errespetuz, adinekoei laguntza eta zaintza arretatsua eskaintze aldera. Gure auzoetako adinekoak zaintzeko proiektu bat da, eta hari esker, 65 urtetik gorakoek aisialdirako jardueretan parte hartzen ahal dute, eta topatzeko eta harremanetarako gune seguruetan elkartzen dira. Iruñeko zazpi auzotan daude Adinekoen Sareak: Alde Zaharrean, Iturraman, Arrosadian, Zabalgunean, Txantrean, Santa María la Realen eta Azpilagañan. Gainera, beste bi lantegi eginen dituzte, bata, Mendillorrin eta bestea, Ermitagaña - Mendebaldean: bata egokitutako jarduerei buruzkoa da, eta bestea antola zaitez hodeian deitzen da.
Iturraman honako hauek antolatu dituzte: mugikortasun urriko pertsonendako ibilaldi osasungarriak, ibilaldi osasungarriak eta kulturalak, irakurketa-kluba, irakurketa egokituko talde bat eta xake-lantegi bat. Halaber, etxez etxeko laguntzari, egoitzetako arretari, norberaren ongizateari eta jarduera fisikoari buruzko hitzaldi-solasaldiak antolatu dituzte. Arrosadian, berriz, jarduera hauek prestatu dituzte: arratsalde-pasak Convive Larrabide Zentroan, bingoa, abesbatza, ibilaldi osasungarriak, pintura-lantegi bat eta puntu- eta kakorratz-lanen beste lantegi bat.
Alde Zaharrean ere askotariko jarduerak egiten ahalko dituzte: ibilaldi osasungarri eta tematikoak, bingoa, Baluartera bisita, goiz-pasa kognitiboak, eta teknologia berriekin laguntza emateko saioak. Bestalde, Zabalgunean, honako hauek: bingoa, arratsalde-pasa kognitiboa, uraren memoria lantegia eta bisita gidatua Baluartera. Txantrean honako hauek antolatu dituzte: ibilaldi osasungarriak, aktibatu zure burua lantegia, gimnasia Salestarren Zentro Komunitarioan eta teknologiekin laguntzeko banakako saioak.
Santa María la Realeko Adinekoen Sareak irakurketa-kluba antolatu du martxoan, eta bi film proiektatuko ditu zineforumaren barruan: Cuando Harry encontró a Sally (Harryk Sally topatu zuenean) eta Uno de los nuestros (Gutarrak); horrez gain, goizeko ibilaldiak eta bi hitzaldi antolatu dituzte: bata, kontsumoari buruz, eta bestea, erabakitzeko ahalmena baliatzeko neurri juridikoei buruz. Azkenik, Azpilagañan ibilaldi osasungarriak eta adinekoendako topaketak antolatu dituzte, eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuari eta argindarraren fakturari buruzko bi hitzaldi emanen dituzte.
IZEN-EMATEAK: ADINEKOEN SAREEN JARDUERAK. 2025EKO MARTXOA
Alde Zaharreko Adinekoen Sarea
o redesdemayorescascoviejo@pamplona.es
o 610 124 987 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era, eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara) eta whatsappean
Iturramako Adinekoen Sarea
o redesdemayoresiturrama@pamplona.es
o 606 94 67 35 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara, eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara)
o Aurrez aurre: astearteetan, goizez, San Joan Bosco lokaletan
Txantreako Adinekoen Sarea
o redesdemayorestxantrea@pamplona.es
o 610 124 844 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era, eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara) eta whatsappean
Santa María la Realeko Adinekoen Sarea
o redesdemayoressantamarialareal@pamplona.es
o 610 124 911 telefonoan eta whatsappean
o Aurrez aurre: astearteetan, 09:00etatik 14:00etara, belaunaldien arteko lokalean
Arrosadiko Adinekoen Sarea
o redesdemayoresmilagrosa@pamplona.es
o 606 94 67 35 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era, eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara)
Zabalguneko Adinekoen Sarea
o redesdemayoresensanche@pamplona.es
o 610 12 49 87 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara) eta whatsappean-
Azpilagañako adinekoen sarea
o redesdemayoresazilagana@pamplona.es
o 606 94 67 35 telefonoan (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara) eta whatsappean.
Beste auzoetako jarduerak:
o mayores@pamplona.es