Iruñeko Adinekoen I. Plana (2025-2030) parte hartzeko prozesu zabal bati esker egin dute, eta 99 ekintza zehatz barne hartzen ditu

Iruñeko Adinekoen I. Plana (2025-2030) parte hartzeko prozesu zabal bati esker egin dute, eta 99 ekintza zehatz barne hartzen ditu
Gobernu Batzarrak onetsitako Plana ezartzeari esker, adinekoendako zuzkidurak % 75 egin du gora 2026ko aurrekontuetan
Plan Mayores


Iruñeko adinekoek lehen udal-plana dute dagoeneko: hiriko herritarren % 25 dira, eta haien lehentasunak, proposamenak eta beharrak aintzat hartuta sortu da egitasmoa. Iruñeko Adinekoen I. Udal Plana (2025-2030) gaur, astelehenarekin, onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, eta helburu du sektore horren bizi-kalitatea hobetzea; horretarako, adinekoen ongizate fisiko, emozional eta soziala sustatu nahi du planak, bermatuta bizitza komunitarioan aktiboki parte hartzen dutela eta zerbitzuetarako, baliabideetarako eta hiri-ingurune irisgarri eta segururako sarbide ekitatiboa dutela.

Inbertitu beharra dago plana ezarri ahal izateko, eta hori dela eta, % 75 egin du gora adinekoendako partidak 2026ko aurrekontuetan: 347.500 euro dira guztira, 210.000 euro 2. atalean eta 137.500 euro 4.enean. Horren guztiaren berri eman du Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zinegotzi ordezkariak, eta, halaber, berariazko helburuak zeintzuk diren azaldu du: nahi ez den bakardadeari aurrea hartzea, emakume eta gizonen arteko berdintasun eragingarria sustatzea, gizarte- eta osasun-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak indartzea, eta, errespetua eta belaunaldien arteko bizikidetza bultzatzea, baita adinekoen ekarpenei ikusgarritasuna eman eta adinkeriari buruzko estereotipoei aurre egitea ere. Plana tresna moldagarria da, eta alor guztiei eragiten die zeharka.

Hiru ildo estrategiko nagusi ditu planak: Ongizate fisiko eta biopsikosoziala sustatzea; Iruña hiri irisgarri, seguru eta funtzionala izatea, eta gizarte-zerbitzuak eta baliabide komunitarioak sustatzea. 3 ildo horiek 8 gai edo berariazko esku-hartze esparru barne hartzen dituzte: horietatik 23 ekintza eratortzen dira, eta 99 neurri operatibotan zehazten dira, ildo horiei erantzuna emateko xedez; neurrietako batzuk dagoeneko ezarrita daude eta beste batzuk progresiboki gauzatzen joanen dira 2030. urtera arte.

Ongizate fisikoa eta biopsikosoziala sustatzea
Lehen ildo estrategikoak ekintza hau barne hartzen du, besteak beste: bakartze sozialeko egoerak hautemateko tresnak eta prestakuntza-programak garatzea, toki estrategikoetan kanpainak eginda, farmazietan, auzoetako saltokietan eta osasun-zentroetan, kasurako. Nahi ez den bakardadeari aurrea hartzeko, dagoeneko hamaika auzotan dauden adinekoen sareak sendotu eta finkatzea aurreikusten da, baita Beti norbaitekin babes-sareak sendotzeko programa hedatzea ere. Horrez gain, jarduketa-protokolo komunitarioa sortu eta belaunaldien arteko boluntariotza bultzatuko da, adinekoei laguntza emateko xedez.

Ohitura osasungarriak sustatzeko xedez, esku-hartze hauek barne hartzen ditu planak: kirol- eta gizarte-errezeta auzo guztietan martxan jartzea, ohitura osasungarriei eta mendekotasunari aurrea hartzeari buruzko aldizkako lantegiak, jarduera fisikoa eta ongizate emozionala lantzeko adinekoendako udal-ikastaroak zabaltzea eta dibertsifikatzea, eta, sexualitate osasungarria eta betea izan dezaten ahalbidetzea. 

Topaketak eta belaunaldien arteko lankidetza adinekoen sareek eta jakintzak modu solidarioan partekatzeko belaunaldi arteko sareek antolatutako jardueren bidez sustatzen dira, baita zaintza-lanen eta lagun egiteko denboraren bidez ere. Planak kulturarteko topaguneak sortzeko balioko du, eta gune horiei esker, adinekoek ohiturak, tradizioak eta jarduerak trukatzen ahalko dituzte ingurune seguru eta kulturalki sentikorretan. Jarduera horiek guztiak sendotzeko xedez, desgaitasunen arloko entitateekin elkarlanean aritzea sustatzen da inklusiorako eta sentsibilizaziorako proiektu bateratuak bultzatzeko.

Adinkeriari aurre egin eta adinekoek bizitza sozial, familiar eta komunitarioari egiten dioten ekarpena ikusgai jartzeko, sentsibilizazio-kanpainak eta -jardunaldiak eginen dira tokiko kale eta hedabideetan Bestalde, planak honako hauek barne hartzen ditu: jendeari arreta emateko langileak prestatzea, adinekoen eskubideen eta askatasunaren inguruko hitzaldiak egitea, eta, haien ibilbide eta ekarpenen aintzatespen publikoak egitea. Beste efemeride batzuk eginen dira, hala nola Adinekoen Nazioarteko Eguna, eta, segurtasunari, maulei aurrea hartzeari eta tratu ona sustatzeari buruzko informazio-hitzaldiak eginen dira klub eta elkarteetan, baita sentsibilizazio-ekintzak ere, indarkeriarekin eta tratu txarrekin lotutako egoerei aurrea hartzeko.

Udalaren kultur programazioaren barruan, adinekoen ikuspuntua hartuko da aintzat, eta kultur-, kirol- eta gizarte-jarduerak eskainiko dira auzo guztietan, haien interes eta gaitasunetara egokituta. Topaguneak sortzeko xedez, zentro komunitarioak erabiltzea sustatuko da, baita elkartegintzarekin lotutako guneak ere; horrez gain, mugikortasun urria duten eta nahi ez den bakardade- edo menpekotasun-egoeran dauden adinekoei aldizka laguntza emateko zerbitzua jarriko da abian, jarduera komunitarioetan parte hartu ahal izateko. Proposamenetako bat da, orobat, belaunaldien arteko jantoki komunitarioak sustatzea, elkarbizitza sortu eta nahi ez den bakardade-egoerak gutxitzeko.

Hiri irisgarri, seguru eta funtzionala
Irisgarritasuna hobetzeko esparruaren barruan, eta diagnostikoan nabarmendutako arkitektura-oztopoak kentzeko xedez, adinekoek Iruñeko Irisgarritasun Plan Integrala martxan jartzen parte hartu dezaten proposatu da, eta hori gutxi balitz, eraikin publiko eta komunitarioetara sartzeko oztopo guztiak progresiboki kenduko dira. Planak konpromisoa hartzen du hala behar duten auzoetan igarobide elektrikoak eta igogailuak jarri eta mantentzeko.

Hiri-altzariei dagokienez, eserleku ergonomikoak jarriko dira toki estrategikoetan, atseden hartu eta elkarreragin sozialari mesede egiteko. Halaber,, parkeak erabiltzea sustatuko da, besteak beste, jarduera hauen bidez: bisita gidatuak, ibilbide osasungarriak eta aire zabaleko topaketak. Gainera, komun publikoak mugikortasun urriko pertsonei egokituta egonen dira, haien autonomia sustatzeko. Halaber, babesleku klimatikoak gaituko dira, besteak beste, itzalguneak eta euriaren eta muturreko beroaren aurka babesteko guneak sortuta. 

Hauxe da planean aipatutako beste alderdietako bat: edukiontzi-sistema egokitzeko beharra, adinekoek errazago erabil ditzaten; alderdi hori Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraziko zaio.

Hiri-espazioarekin lotutako mantentze-lanak modu egokian egiten direla bermatzeko, edozein gorabehera 010 telefonoaren bidez jakinarazteko eskatzen zaie herritarrei, hala, adineko asko izaten dituzten kaleetan, espaloietan eta plazetan egiten diren mantentze-lanak eta berrikuspen teknikoak zuzentzen ahalko dira. Gaueko argiak optimizatu eginen dira, gauez ikusgaitasuna eta segurtasun-sentsazioa hobetzeko. Oinezkoen pasabideetako semaforoak gurutzatzeko nahikoa denbora izanen da.

Planak auzoetan barnako aldizkako mapaketak egitearen alde egiten du, gune kritikoak hautemateko, hala nola ikusgarritasun urriko semaforoak, gutxi seinaleztatutako pasabideak eta aparkalekuetatik ateratzeko irteera arriskutsuak. Oinezkoendako, bizikletendako eta patineteendako erreiak fisikoki bereiztuko dira, erdibitzaileak eta berariazko seinaleak baliatuta, istripuak gutxitu eta gune publikoa modu ordenatuan erabiltzen dela bermatzeko. Halaber, kale, sarbide eta eta eraikin publikoetako seinaleak hobetuko dira, eta polizia gehiago egonen dira parke eta plazetan, gune publikoetan jokabide desegokiei aurrea hartzeko.

Etxebizitzari dagokionez, informazio-kanpainak eta banakako aholkularitza eskaintzen dira, etxebizitza zaharretan oztopoak kendu eta zaharberritzeko laguntzak eskuratzeko. Adinekoak dituzten komunitateetan udal-dirulaguntza gehiago emanen dira igogailuak eta arrapalak jartzeko. Halaber, etxebizitzak eskuratzeko alternatibak eskainiko zaizkie adinekoei, hala nola etxebizitza kolaboratiboak eta belaunaldi artekoak; horrez gain, autonomia eta irisgarritasunari mesede egiteko produktuen zentroa ezagutaraziko da berariazko ekintzen bidez.

Adinekoen parte-hartzea funtsezkoa izanen da hiria eraberritzeko, eta hiri irisgarriaren ikuspegi integrala txertatuko dute hirigintza-diseinuan: argiztapen egokia, ibilbide irisgarriak, hiri-altzari egokituak, etab. Garraio publiko ere planaren gakoetako bat da, eta hain zuzen arrazoi horregatik ikerlan bat eginen da Iruñerriko Mankomunitatearekin batera, gai hauek lantzeko: Iruñerriko hiri-garraioko lineak, geralekuak eta maiztasuna eta geralekuetan eta ibilgailuetan seinale akustikoak eta bisualak instalatzeko aukera.

Informazio instituzionala eskuratzea sustatzeko, irakurketa errazeko irizpideak eta material guztien diseinu irisgarria erabiliko dira. Edukiak inguruaren aniztasun kultural eta linguistikora egokituko dira. Udal-informazioa adinekoak sarritan igarotzen diren lekuetan jarriko da ikusgai, hala nola osasun-zentroak, markesinak, civivoxak eta zentro komunitarioak; saltokiek, farmaziek eta entitateek planarekin bat eginen dute: mezuak helaraziko dituzte, eta adinekoek ere mezu horiek sortzen lagunduko dute.

Gizarte-zerbitzuak eta baliabide komunitarioak
Ildo estrategiko honek etxez etxeko eta laguntza komunitarioko zerbitzuen eskaintza handitzearen aldeko apustua egiten du, ordutegi-malgutasuna eta sortzen diren egoeren aurrean azkar erantzuteko gaitasuna dituena. Beste ardatzetako bat gizarte- eta osasun-zerbitzuen eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko koordinazioa da, jarraipen pertsonalizatua, bideratze egokiak eta lagun-egitea errazten duten erreferentziazko figuren sorrera sustatuz komunitatean. Estrategikotzat jotzen da elkarteekin, saltokiekin, farmaziekin eta bizilagun-sareekin lankidetza,  premiak detektatu eta hurbileko erantzun azkarrak egituratzeko.

Proposamena da  martxan jartzea mendekotasuna dutenei eta haien zaintzaileei babesa eta aholkua emateko programa pilotu bat eta eguneko zentroen (Arrotxapean amaitzen ari direna bezalakoak) sare bat. Halaber, Historia Sozial Bakarraren ezarpena azpimarratzen da, zaurgarritasun-egoeretan esku-hartzeko tresna gisa, eta Auzo-unitateetan aldez aurreko hitzordua emateko sistema hobetzea.
Era berean, informazio irisgarria indartzen da. Adinekoek honako hauek eskatzen dituzte: aurrez aurreko komunikabideak eta erreferentzia-puntuak auzoetan, bai eta kulturalki eta linguistikoki egokituta dauden kanpaina argiak ere, isolamendu-informatiboa ekiditeko. Komunikazioa hobetzea, digitalizazio inklusiboa eta izapideak sinplifikatzea funtsezko ardatzak dira eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzeko.

Azkenik, ildo honek ere boluntariotza eta lan-komunitarioa sustatzeko asmoa du, laguntza-baliabide gisa eta adineko pertsonek gizarte-bizitzan duten balio aktiboa aitortzeko mekanismo gisa. Belaunaldien arteko boluntariotzari, mentoretzari eta hirugarren sektorearekin lankidetzan egindako programa inklusiboei esker, ehun komunitarioa indartu eta gizarteratzeko eta parte hartzeko aukera berriak sortzen dira.

Diagnostikoak eta metodologia
Neurri horiek guztiak 2020an eta 2024an egindako diagnostiko-lanetatik eta ondorengo hausnarketa parte-hartzailetik eratorri dira, Iruñea Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sarearekin bat egitearen esparruan, hiriek adinez nagusiagoak diren herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburu nagusiarekin. Adinekoekin adeitsuak diren hiriak, haien dibertsitatea aitortzeaz gain, haien erabakiak eta bizitzeko moduak errespetatzen dituen kultura bat bultzatzen dute, zahartze aktiboan oinarrituta.

Ekintza Plana egiteko, 13 parte-hartzeko saio egin dira 11 auzotan, bai eta beste bi saio hainbat alorretako udal teknikariekin eta hainbat jatorritako adinekoek osatutako kultur aniztasuneko talde batekin ere. Guztira, 900 ekarpenetik gora jaso dira 205 parte-hartzaileren bitartez. Parte-hartzaileen % 74 emakumeak izan dira eta gainontzekoa (% 26) gizonak. 

Oraindik adinekoen sarerik ez dagoen auzoetan, elkarrizketak egin ziren auzoa ondo ezagutzen zuten langileekin, eta diagnostikoaren eremu bakoitzeko beharrak jaso ziren. Horrez gain, desgaitasun-profila dutenekin elkarrizketak egin ziren, errealitate hori diagnostikoan zeharka txertatzeko. Azkenik online inkesta bat egin zen eta Planarendako interesekoak ziren elkarteen, enpresen eta balizko ekintzaileen artean hedatu zen: 30 lagunek (19 emakume eta 11 gizon) hartu zuren parte eta Planaren ildo estrategikoei ekarpen zehatzak egin zizkieten.

Iruñean, beste hiri askotan bezala, azkar ari da hazten 65 urtetik gorakoen kopurua, bizi-itxaropena handitzearen eta jaiotza-tasak murriztearen ondorioz. 2024ko apirilean hirian adineko 19.919 gizon eta 28.504 emakume zeuden, biztanleria osoaren % 23, eta alde nabarmenak zeuden auzoen artean, adinekoen proportzioari, baldintza sozioekonomikoei eta baliabideetarako sarbideari zegokienez: zahartze indize handiena zuten auzoak (65 urtetik gorakoak) Iturrama (% 38), Donibane (% 32) eta Ermitagaña-Mendebaldea (% 31) ziren. 

65 urteko edo gehiagoko pertsonen % 25,3 (12.239) bakarrik bizi dira Iruñean, eta 80 urtetik gorako pertsonen kasuan %34. Hala, 90 urtetik gorako emakumeen kopurua % 70etik gorakoa da, eta 99 urtetik gorakoen taldean % 83 dira. Adineko biztanleek batez besteko errenta garbi (20.372 euro) handiagoa dute Iruñeko beste adin-taldeekin alderatuta. 65 urtetik gorakoen artean hezkuntza mailarik ohikoena Oinarrizko Batxilergoa (OHO) da (% 37).
 

¿Te ha sido útil esta página?