Iruñeko 50 saltokik baino gehiagok egin dute dagoeneko euren negozioen jasangarritasun-maila ezagutzeko autodiagnostikoa

Iruñeko 50 saltokik baino gehiagok egin dute dagoeneko euren negozioen jasangarritasun-maila ezagutzeko autodiagnostikoa
Doako tresna konfidentziala da eta Udalak sektorearen eskura jarri du COMDUR Europako programaren bidez
Comercio


Iruñeko merkatariek saltokiaren autodiagnostiko bat egiteko aukera dute, negozio-eredu efizienteago, arduratsuago eta errentagarriago baterantz aurrera egiteko. Iruñeko Udalak doako tresna konfidentzial bat jarri du merkataritza-sektorearen eskura: COMDUR Europako proiektuaren esparruan sortu da eta Europar Batasunak % 65ean kofinantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bitartez. 

Momentuz, hiriko 50 saltokik baino gehiagok egin dute autodiagnostikoa online eskuragarri dagoen galdetegi erraz baten bidez. Autodiagnostikoa egiteko tresna digitala POCTEFA eremuko tokiko saltokiei zuzenduta dago eta negozio bakoitzaren egungo egoera ebaluatzea eta ibilbide pertsonalizatuetara sarbidea izatea ahalbidetzen du, efizientzia hobetu, hondakinak murriztu, jardunbide arduratsuak sustatu eta ingurumen- eta gizarte-eragina murrizteko. Autodiagnostikoa hamar minutu eskasean egiten da eta, hari esker, saltokiek beren negozioetan ezartzen ahal dituzten emaitza pertsonalizatuak lortzen dituzte.

COMDUR proiektua saltoki txikiak errentagarriago, berritzaileago eta jasangarriago egiteko diseinatuta dago. Autodiagnostikoaren gisako tresnek negozioei lehiakortasuna hobetzen laguntzen diete, eta, horrez gain, kontsumitzaileen eta araudien eskariei erantzuten dieten eredu zirkularrak ezartzen dituzte. COMDURek ikuspegi pertsonalizatua eta eskalagarria du, eta horri esker, sektore bakoitzari egokitu eta berariazko estrategiak eskaintzen ahal ditu.

COMDUR Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren parte da eta mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea du xede. Estrategia bateratuen bidez, ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako jardueren garapena sustatzen du lurralde jasangarriago eta lehiakorragoa eraikitze aldera. COMDUR proiektuak 1.372.784 euroko aurrekontua du, eta horietatik 892.309,39 euro Europako funtsek finantzatzen dituzte. Iruñeaz gain, honako hauek parte hartu dute COMDUR programan: Zaragoza, Bartzelona eta Paueko udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Aragoiko Gobernuak, Zaragoza Esencial proiektuak eta Toulouse, Paue eta Mendebaldeko Pirinioetako merkataritza-ganberek.

 

¿Te ha sido útil esta página?