Iruñeko 2030 Hiri Agendak 2030a helmuga raida egiteko erronka proposatu die unibertsitateko ikasleei datorren larunbaterako (hilak 18). Erresistentzia ekitaldi horrek turismoa, abentura, estrategia eta kirola uztartzen ditu, eta lau orduz garatuko da Iruñeko hiru unibertsitateen arteko eremuan. Gehienez ere ehun talde mistok, hiru pertsonaz osatuak, taldean lan egiten ahalko dute unibertsitate-eremua eta Iruñeko 2030erako Hiri Agendaren balioak sakonago ezagutzeko, probetan puntuak batzen dituzten bitartean.
Izen-emateak 010 – 948 420 100 telefonoan egin behar dira, azaroaren 14ra arte (egun hori barne). Lehen hiru taldeek saria izanen dute. Raid honetan parte hartzeko, talde bakoitzeko lagunetako batek gutxienez Nafarroako unibertsitate-komunitateko kide izan beharko du: Nafarroako Unibertsitatekoa (UNAV), Nafarroako Unibertsitate Publikokoa (NUP) edo Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalekoa (UHUN). Taldeko hiru kideek, beti elkarrekin, lasterka egin beharko dute, joko-mapetan banatutako balizak aurkitu eta trebetasun-, indar- edo memoria-proba batzuk gainditzeko. 8 eta 15 kilometro arteko distantzia eginen da.
Lehiaketa hiru sektoretan garatuko da: Trekking 1, Hiriarteko orientazioa eta Trekking 2. Sektoreek ez diote ordena jakin bati jarraitzen, eta hainbat kontrol-puntu dituzte. Taldeek kontrol horiek aurkitu beharko dituzte puntuak gehitzeko, eta talde bakoitzak bere estrategia eta ibilbidea askatasunez aukeratzen ahalko ditu. Partaide bakoitzak sektore bakoitzaren mapa bat eta bide-liburu bat jasoko ditu, non balizak aurkitzen lagunduko duten pistak ematen baitira.
Proba hasi aurretik, partaideek denbora-tarte bat izanen dute haien estrategia prestatzeko: zer sektoreri heldu lehenengo, zein ordenatan hartu balizak... Gainera, sektore bakoitzean proba bereziak prestatu dira, punteria, oreka, indarra, trebetasuna zein memoria neurtzeko, baita Iruña 2030 proiektuak nabarmentzen dituztenak ere. Sekzioek eta proba bereziek hasiera- eta amaiera-ordua dute. Hortaz, ezin dira ezarritako orduen aurretik edo ondoren egin.
Raida egokia da maila fisiko eta tekniko orotako pertsonendako, baina balizek eta proba bereziek puntuazio bat edo beste emanen dute haien zailtasun tekniko edo fisikoaren arabera. Puntu gehien batzen dituen taldeak irabaziko du, ez lehenengo iristen denak. Horregatik dira garrantzitsuak estrategia eta probaren erritmoa. Zigorrak egonen dira amaiera-ordua baino beranduago iritsiz gero, eta baita beste irizpide batzuengatik ere, hala nola proban zehar zaborra uzteagatik edo erabilera bakarreko plastikozko ontziak erabiltzeagatik. GPSa erabiltzea erabat debekatuta dago.
Azaroko beste jarduera batzuk
Iruñeko 2030 Hiri Agenda herritarrei ezagutzera emateko kanpainak beste jarduera batzuk ere barne hartzen ditu; adibidez, ‘Hiri Agenda nire auzoan’ erakusketa. Ostiralean Arrotxapeko Anelier pasealekuan egonen da eta asteburuan, Yamaguchi plazan, Planetarioaren parean. Ekimen horren balioak eta proiektuak ezagutzeaz gain, horien sorreran inplikatutako eragileek bisitariei arreta emanen diete, baita opari bat ere.
Kanpainak, halaber, proiektu estrategikoak ezagutzeko doako bisita gidatuak eskaintzen ditu. Erreserbak 010 telefonoan egin behar dira. Gaur arratsaldean Argaren ibai-igarobidetik paseatzeko aukera izanen da, 18:00etatik 19:30era, Runa parketik Arantzadiko parkeraino Arga ibaiaren ertzetik joateko. Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, hiri-hondakinen zikloa ezagutaraziko da Lezkairuko lurpeko galerietan barna eginen den azalpen-paseo batean, eta Hiri-hondakinak tratatzeko Gongorako zentrora eginen den bisitan. Autobusa izanen da bertara joateko.
Igande goizean, 10:00etatik 14:00etara, Agendak airearen zikloa eta CO2-a neurtzeko sistemak ezagutzeko gonbitea egin du. Milagrosako Felisa Munarriz plazatik abiatuko da hitzordua. Auzoan dagoen karbono-aztarna neurtzeko kabinak zertarako balio duen azalduko da bertan. Gero, Iruñeko Udalaren jabetzakoak diren eta Mendillorrin eta Orkoienen dauden bi xurgapen-basoetako bat bisitatuko da. Garraioa autobusez izanen da.
Jarduerei buruzko informazio guztia Iruñeko 2030 Hiri Agendaren webgunean kontsultatzen ahalko da.
2030A HELMUGA: IRUÑEKO HIRI AGENDAREN RAIDA
Azaroak 18, larunbata. NUPeklo campusa
- Ordutegia: 09:30 – 13:30 (Topagunea: Liburutegiaren eta Errektoregoaren arteko korridorea)
- Kategoria bakarra: 3 laguneko talde mistoak
- Jardueran parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, doan, 010 telefonoan
- Izena emateko epea: azaroaren 14ra arte (egun hori barne)
- Argibide gehiago Iruñeko 2030 Hiri Agendaren webgunean
Hiru sektore eta bederatzi proba berezi (denbora-mugarik gabe)
- Oinezkoen garraioa gurpil gainean
- Karbono-aztarna neurtzea
- Zaku barruan garraiatzea
- Paseoa bizikleta elektrikoan
- Soka-egitura batetik eskalatzea
- Enborren gainean oinez
- Golfa praktikatzen
- Errugbiko atea
- Memorizatu proiektu jasangarriak
Lehen hiru taldeendako sariak, azken puntuazioaren araberako sailkapenari jarraikiz
- Partaide guztiendako oparia
HIRI AGENDAKO BESTE JARDUERA BATZUK
‘Hiri Agenda nire Auzoan’ erakusketa Ordutegia: 11:00 – 14:00 eta 16:30 – 19:30
- Arrotxapea: azaroak 10, ostirala, Anelier pasealekua
- Ermitagaña – Mendebaldea: azaroak 11, larunbata, Yamaguchi plaza (Planetarioaren parean)
- Mendillorri: azaroak 13, astelehena, Mendillorri Civivoxa
Doako bisita gidatuak Izena emateko, 010 telefonora deitu
- Abenduak 10, ostirala. Ibai-igarobidea (Arantzadi) 18:00 – 19:30 Gaztelaniaz
- Azaroak 11, larunbata. Hiri-hondakinen zikloa. 10:00 –14:00. Gaztelaniaz
- Azaroak 12, igandea. CO2-aren zikloa. 11:00 – 14:00. Gaztelaniaz