Iruñeko 2020-2021erako Elurteei Aurre egiteko Planak koordinazioa hobetu du izozte eta elurteetan eraginkortasuna areagotzeko

Iruñeko 2020-2021erako Elurteei Aurre egiteko Planak koordinazioa hobetu du izozte eta elurteetan eraginkortasuna areagotzeko
Elurra kentzeko hiru kamioi eta bost lur orotako ibilgailu, gatzontzi barreiagailuarekin, etengabeko komunikazioan egonen dira gainerako operatiboarekin
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak prest dauka 2020-2021erako Elurteei Aurre egiteko Plana, zeinean aurten elurra kentzeko ekipamendu bakoitzean Nafar Gobernuaren Tertra sareko portofono bat gehitu baita. Horri esker, unitate horiek eta gainerako operatiboa etengabe komunikatuta egoten ahalko dira, koordinazioa erraztuz eta eraginkortasuna handituz. Hiru kamioik eta bost lur orotako ibilgailuk, guztiak elurra kentzeko xaflaz eta gatza barreiatzeko gailuaz,osatzen dute galtzadak garbitzeko dispositibo mekanikoa, eta martxan jarriko da zerbitzuren bat ematea edo hirian barna mugitzea eragotz dezaketen izozte handiak edo elur-prezipitazioak daudenean.

Iruñeko Elurteei Aurre egiteko Planak biltzen du hirian, urteko hilabeterik hotzenetan, elur-prezipitazioek edo ohiko izozteek sor ditzaketen arazoen aurrean jokatzeko modua. FCC kale-garbiketa egiten duen enpresa esleipenduna izanen da galtzada garbitzeaz arduratuko dena, aurretik zehaztutako kamioientzako hiru zirkuituren bidez eta lur orotako ibilgailuentzako beste hiruren bidez. Bestalde, lorategietako eta obretako zerbitzuen enpresa esleipendunek (UTE Jardines, Eulen eta Erri Berri), FCC eta Tasubinsarekin batera, bizilagun eta merkatariei ez dagozkien espaloiak garbituko dituzte, eta baita oinezkoendako zonaldeak, bidezidorrak eta plazak ere. Udal-plana Nafarroako Gobernuko Elurretako Planarekin guztiz koordinatuta dago, bereziki eremu edo zerbitzu komunei dagokienez.

Helburua: segurtasuna bermatzea elurte edo izozte handiak daudenean

Plan hau pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna bermatzeko eratu da, hirian elurrak edo izotzak eragindako arrisku-egoerak gerta daitezkeelakoan. Plan horrek erantzuteko sistema bat ezartzen du egoera horien aurrean zerbitzu publiko eta pribatu guztien koordinazio egokia bermatzeko, eta baita esku-hartzeko dispositibo desberdinen antolamendua ere. Halaber, Planak prebentzio-sistema bat antolatu nahi du, eta baita autobabesarako neurriak sustatu eta zabaldu ere.

Plan horren helburu nagusia da funtsezko oinarrizko zerbitzuak mantentzen direla bermatzea elurte handiak zein izotza daudenean, eta baita Iruñeko herritarren egunerokotasunean horiek eragiten dituztenak minimizatzea. Horrela, bide-sareak mantentzeari lehentasuna emanen zaio hiriko errepide bidezko sarbideetan, auzoak lotzen dituzten bide publikoetan (arreta berezia jarriz malda nabarmena daukatenei) eta auzo bakoitzeko kale nagusienetan. Ekintzek ere eragiten dute herritarrek espaloietatik eta oinezkoentzako pasabideetatik egiten dituzten joan-etorrien segurtasunean, eta, ahal den neurrian, kontuan hartzen dute autobus bidezko garraio publikoaren funtzionamenduaren jarraitutasuna.

Egon daitezkeen lau egoera, elurteen intentsitatearen arabera

Plan horrek egon daitezkeen lau larrialdi-egoera jasotzen ditu, 0 maila edo fasetik 3a arte. Lehenengo maila aktibatzen da izotza edo elurra aurreikusten denean, hau da, eguraldi gogorra egonen dela jakinarazten denean baina oraindik izotza eta elurra egin ez duenean. Fase horretan helburu nagusia da baliabide guztiak, bai giza-baliabideak bai baliabide materialak, koordinatzea, egoerak eragindako zerbitzu guztiek prebentzio-neurriak har ditzaten. Fasea hasiko da elur-prezipitazioen (600 metrotik behera) edo izoztearen alerta jasotzean, lodiera kontuan hartu gabe. Une horretan, Planak duen meteorologoarekin batera informazioa eta horren fidagarritasuna aztertuko da. 1. maila aktibatuko da eguraldiaren iragarpena betetzen denean eta beraz eguraldi gogorra benetakoa denean. Une horretan adostutako operatiboa ezarriko da. Fase hori aktibatu ahalko da elurrik ez dagoenean baina bai izotza, edo elurra doi-doi gatzatzen denean (2 cm baino gutxiago). Planaren Zuzendaritza Teknikoak aginduko du fase hori aktibatzea.

2. mailako larrialdi-fasea aktibatuko da elurtea orokorra izan arren (2 eta 20 zentimetroko lodiera), posible bada horri aurre egitea ohiko Udaleko zerbitzuen bidez –oinarrizko jarduketa-ekipoak–. Larrialdia aktibatu dela jakinarazten denean baliabideak mobilizatuko dira arazoen tamaina eta dauden aurreikuspenak kontuan hartuta. Edozein momentutan, Zuzendaritza Teknikoak Koordinazio Organo Iraunkorra dei dezake. Bideak edo oinezkoendako ibilbideak garbitzeko erabili diren baliabideak Planaren Zuzendaritza Teknikoak eta Babes Zibileko arduradunek kontrolatuko dituzte , zuzenean zein Planean parte hartzen duten zerbitzuen arduradun desberdinek egindako komunikazioaren bidez. Helburua da normaltasuna berreskuratzeko behar diren operazioak koordinatzea, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriz eta kudeatuz. Halaber, kontrolatu eta erantzunen dira, lehentasunaren arabera, instituzio, partikular edo operatibo beraren unean uneko eskaerak. Planaren fase horretan aurreikusten da, baita ere, herritarrek unean uneko informazioa jasotzea, bide- eta oinezkoen-zirkulazioari arreta berezia emanez.

3. mailako larrialdi-fasea aktibatuko da elurtea orokorra denean (20 zentimetro baino gehiagoko lodiera) eta horrek nahasmendu larriak sortzen dituenean zerbitzuetan, eta beraz beharrezkoa denean baliabide gehigarri estrak mobilizatzea. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorrak SOS Nafarroarekin koordinatuko du estrategia eta ezarritako operatiboa, zerbitzu bereziei lehentasuna emanez. Maila horretan Planean jasotako makina guztiak mobilizatuko dira eta baita oinezkoendako ibilbide jakin batzuk garbituko ere, eta baloratuko da kanpoko baliabideak ere erabiltzeko aukera. Aurreikusiko da, baita ere, inplikatutako zerbitzuko langile guztiak baliatzeko aukera, errefortzuak, luzapenak eta lanaldiak aurreratzea barne. Aurreikuspenaren larriaren edo gertakariaren garapenaren arabera, Udaleko Ekintzen Koordinazio Zentrorako deialdia egiten ahalko da jarraipena egiteko, azken helburu bezala. Helburua da normaltasuna berreskuratzeko behar diren operazioak koordinatzea. Planaren fase horrek aurreikusten du, halaber, herritarrek unean uneko bide- eta oinezkoen-zirkulazioari buruzko informazioa jasotzea Udaleko komunikabide, webgune eta sare sozialen bidez.

Planaren gakoak: aurretiazko lana, dena prest izateko, eta koordinazioa

Iruñeko Elurteei Aurre egiteko Plana izozte eta elurteak heltzen direnean eginen diren jarduketetatik haratago doa. Azaroan, kanpaina prestatzeko, dagoeneko zenbait berrikuspen- eta doikuntza-lan egin dira. Herri barruko bidean, estolda-zuloak berrikusi eta isurketa-urak jasotzen dituzten ezpondak garbitu dira. Planak jasotzen dituen ibilgailu guztiak prest jarri dituzte eta gatz-biltegia berrikusi da, izotza urtzeko stock-a badagoela bermatuz. Ohi bezala, ikastetxeetan eta osasun zentroetan ere gatza banatu da.

Plan horren funtsezko giltzarrietako bat Koordinazio Organo Iraunkorra da, zeinaren funtzioak baitira informazio esanguratsu guztia ezagutzea, larritasun-egoeraren jarraipena, analisia eta ebaluazioa, jarduketak lehenestea, eta plangintza, antolaketa eta koordinazioa horiek ezarri bitartean. Organo hori bilduko da Iruñeko Elurteei Aurre egiteko Plana aktibatzen den bakoitzean, alerta gorria edo alerta laranja dagoenean eta elur-kota 500 metrotik behera aurreikusten eta 10 zentimetro baino gehiagoko lodiera iragartzen denean.

¿Te ha sido útil esta página?