Iruñearen etorkizuna ardatz hartuta, Imagina Iruña 2050 jardunaldiak gaur arratsaldean hasiko dira Ziudadelako Arma aretoan, eta herritar orori irekitako programa eskainiko da

Iruñearen etorkizuna ardatz hartuta, Imagina Iruña 2050 jardunaldiak gaur arratsaldean hasiko dira Ziudadelako Arma aretoan, eta herritar orori irekitako programa eskainiko da
‘Reflexión y estrategia común’ (Hausnarketa eta estrategia komuna) izenburupean, ostiraleko saioa publiko espezializatuari zuzenduta dago, Hirien Mundu Egunaren karietara
Irudia
Irudia
Irudia

Imagina Iruña 2050 programari amaiera emanen dioten bi jardunaldiek Iruñearen etorkizuna dute ardatz, Pompelo hiriaren sorreraren 2.100. urteurrenaren omenez antolatutako ekitaldien barruan eta Iruña 2030 Hiri Agendaren esparruan. Ostegun arratsaldean, herritarrek gai hauei buruz eztabaidatzeko aukera izanen dute: mugikortasuna, hiriko auzoak, klima-aldaketa eta etorkizuneko hirigintza, besteak beste; eta ostiralean, berriz, profesionalen, udal-langileen, erakundeen eta herritar aktiboen txanda izanen da, jardunaldia haiei zuzenduta egonen baita.

Imagina Iruña 2050 burbuilaren barruan, 5 eta 10 urte bitarteko ikasleendako jarduerek emanen diote hasiera ostegunari, Ziudadelan instalatutako gune iragankorrean: Arkitektura eta hiria lantegia eginen da, AJO arkitektura-lantegiko taldeak gidatuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako delegazioarekin elkarlanean. Gune horretatik Armada etorbidera joanen dira, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako delegazioaren egoitzara. Burbuila Imagina Iruña 2050 podcastaren hiru atal grabatzeko agertoki izan da aste honetan: ahotsak bildu dira, egunerokotasuna eta sormena abiapuntu hartuta hiria, energia, kultura eta elkarrekin bizitzeko moduak birpentsatzen laguntzera begira.

Etorkizunera begirako gutunak lehiaketaren parte-hartzaileen ahotsak ere kontuan hartzen dira jardunaldietan. Hogeita hamar bat eskutitz Arma aretoaren atartean egonen dira ikusgai, eta 2050eko Iruñeari, senideei, bizilagunei eta etorkizuneko politikariei egonen dira zuzenduta; hala, eskutitzen edukia –desirak, itxaropena, ezinegona eta apustuak, besteak beste– eztabaidaren parte izanen dira, eta aintzat hartuko dira hiri bizigarriagoa eraikitzera begira.

Arma aretoa, halaber, Creatividad y Prospectiva Ciudadana (Sormena eta herritarren prospektiba) jardunaldiaren agertoki izanen da ostegun arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara. Humberto Bustince, Itziar González, Cote Romero eta Javier Echeverría adituek 2050era begirako Iruña mahai-ingurua osatuko dute, eta horren ondoren, María Zapata aktoreak irudikatze-saio bat eginen du, Imagina Iruña 2050 burbuilaren barruan.

Reflexión y estrategia común (Hausnarketa eta estrategia komuna)
Hitzordu nagusietako bat ostiralean izanen da, 09:00etatik 14:00etara: publiko espezializatuari zuzendutako Reflexión y estrategia común (Hausnarketa eta estrategia komuna) jardunaldia eginen da Ziudadelako Arma aretoan, Prospektiker aholkularitza-ekimenak gidatuta. Inaugurazio-ekitaldian Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak hartuko du parte: hiria sortu zenetik igaro diren 2.100 urte hauei buruzko zertzeladak eskainiko ditu.

Jarraian, eztabaida teknikoa dago aurreikusita, Humberto Bustince, Itziar González, Cote Romero eta Javier Echeverríaren ekarpenak barne hartuta. Horren ostean, lan-mahai tematikoak eginen dira, eta bukatzeko, bateratu eginen dira ateratako ondorioak. Besteak beste, gai hauek jorratuko dira: adimen artifizialak hiriaren eta zerbitzu publikoen kudeaketan duen eragina, hirigintzaren rola gizarte-kohesiorako tresna gisa eta hirien nagusitasuna energia-trantsizioari dagokionez. Harremanak saretzeko bazkari batek emanen dio amaiera jardunaldiari.

Jardunaldia Hirien Mundu Egunean eginen da, eta mugarri horrek hirigintzarekiko interesa sustatu eta hiri-garapen jasangarria ahalbidetzea du helburu. Aurtengo jardunaldiak pertsonengan ardaztutako hiri adimendunen eraikuntza du hizpide, jasangarritasunarekin bat berrikuntzak egiteko bidean. Gainera, 2050. urteak zedarritzen du klimari, energiari eta hirigintzari buruzko Europako araudia eta araudi nazionala martxan jartzeko denbora-esparrua.


HIRU JARDUERA IMAGINA IRUÑA 2050 EGITASMOAREN BARRUAN

URRIAK 30, OSTEGUNA

  • Arkitektura eta hiria lantegia (17:00 – 20:00). 5 urtetik 10era bitarteko ikasleendako

    • 17:00etan: Ibilaldia Ziudadelan barna – Imagina Iruña 2050 burbuila

    • 17:30ean: Lantegia, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako delegazioaren egoitzan

    • 20:00etan: Saioaren amaiera

  • Creatividad y Prospectiva Ciudadana (Sormena eta herritarren prospektiba) jardunaldia (17:00 – 21:00). Herritar ororendako

    • 17:00 – 17:10: Hasiera-ekitaldi instituzionala. Ziudadelako Arma aretoa

    • 17:10 – 18:30: Dibulgaziozko mahai-ingurua: 2050era begirako Iruña

    • 18:30 – 20:15: Herritarren prospektibarekin lotutako dinamika. 20 minutuko saioak

URRIAK 31, OSTIRALA

  • Reflexión y estrategia común (Hausnarketa eta estrategia komuna) jardunaldia (09:00 – 14:00). Publiko espezializatuari zuzenduta

    • 09:00 – 09:30: Inaugurazio-ekitaldia – Joseba Asiron Saez, Iruñeko alkatea

    • 09:30 – 10:30: Eztabaida teknikoa, Humberto Bustince, Itziar González, Cote Romero eta Javier Echeverríaren eskutik

    • 10:30 – 11:00: Mahai tematikoen aurkezpena

    • 11:00 – 11:30: Kaferako atsedenaldia eta harremanak saretzea

    • 11:30 – 13:00: Lan-mahai tematikoak

    • 13:00 – 13:30: Emaitzak bateratzea

    • 13:30 – 14:00: Mezu bateratua eta itxiera-ekitaldia

    • 14:00: Harremanak saretzeko bazkaria

¿Te ha sido útil esta página?