Iruñean ospatuko da Europako Mugikortasunaren Astea irailaren 16tik 22ra, hamabost jarduera ingururekin ‘Zure osasunagatik, modu jasangarrian mugitu’ eta lelopean

Iruñean ospatuko da Europako Mugikortasunaren Astea irailaren 16tik 22ra, hamabost jarduera ingururekin ‘Zure osasunagatik, modu jasangarrian mugitu’ eta lelopean
Askotariko jarduerak eginen dira, besteak beste, bizikleta-ibilbideak eta ingurumeneko ibilaldiak, mugikortasun elektrikoari eta eskolarako bide osasungarri eta seguruei buruzko jardunaldiak, haurrendako bizikleta-martxa eta bizieskola

 

 

‘Zure osasunagatik, modu jasangarrian mugitu’ lelopean, Europako Mugikortasunaren Asteaeginen da bihartik irailaren 22ra bitarte. Iruñeak hainbat jarduera prestatu du, denak doakoak eta gehienak aire zabalean: bizieskolako ikastaroak, ingurumeneko ibilaldiak oinez, bizikleta-ibilaldiak parke eta lorategietan barna, ibilgailu elektrikoen erakusketa, kale-animazioa Gazteluko plazan eta 1.000 ikasle inguruk parte hartuko duten haurrendako bizikleta martxa bat, besteak beste.

Kondestable eta Iturramako Civivoxetan bi jardunaldi eginen dira, bihar (osteguna) eta ostiralean, mugikortasun aktiboari eta haur osasunari buruz eta mugikortasun elektrikoari buruz, hurrenez hurren. Lehenengoan, 12:00etatik 14:30era, mugikortasun aktiboko praktika onak aurkeztuko dira eta Iruñean Eskolarako bide Osasungarri eta Seguruak dituzten Ikastetxeen Sare baten sorrera abiatuko da. Ostiralean, Iturraman, 12:00etatik 14:00etara, garraioaren elektrifikazioaren eta 2050erako Iruñean karbono neutraltasuna lortzeko helburuaren arteko loturari buruz hausnartuko da.

Bihar (osteguna) arratsaldean, ingurumen-ibilaldiak ere hasiko dira, oraingoan oinez, Arrotxapeko, Arantzadiko eta Txantreako hiri-baratzeetara. Bisita 17:30etik 19:30era eginen da eta Mendialdea – Baratzapea eta Krispilak elkarteek gidatuko dute, zenbait baratze kudeatzen baitituzte. Topalekua Barkazio Gurutzeko kalea izanen da, Arrotxapea KKEko ate nagusiaren ondoan.

Gaztediaren Etxeak ere bat eginen du Europako Mugikortasunaren Astearekin, ostiralean, 19:00etan lantegi bat eginez: bizikleta bat bizikleta elektriko bihurtzen ikasteko lantegia, elementu basikoak dituen kit bati esker, APERNA elkartearen eskutik. Gainera, garraio elektrikoaren osagai garrantzitsuenak zein diren eta nola funtzionatzen duten ikasiko da. Lantegi honetan aldez aurretik eman behar da izena, Gaztediaren Etxean bertan edo 948 23 35 12 telefonoan

Mugikortasun jasangarriko asteburua

Larunbatean eta igandean argibide gune bat jarriko da Gazteluko plazan, mugikortasun aktiboa zein espazio publikoan elkarbizitza egokia sustatze aldera. Halaber, ‘Plaza zaindariak’ izeneko kale-animazioa egonen da Sergio de Andrés eta Estefanía de Paz Asín aktoreen eskutik, zeinek hainbat egoera antzeztuko baitituzte, eta, umorez, espazio publikoan osasunaren eta elkarbizitza egokiaren garrantzia agerian utziko baitute. Haiekin batera Reimy izanen da, triziklo soinudun batean igota musika jartzen. Jarduerak jende orori zuzenduta daude, eta larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eginen dira, eta igandean, soilik goizez, 11:00etatik 14:00etara. Ordutegi berean, Gazteluko plazan bertan, Ciclos Martín enpresaren laguntzaz, bizikleten doako prebentzio-azterketak eginen dira.

Larunbat eta igandean, 10:00etatik 12:30era ibilaldi gidatuak eginen dira bizikletaz Iruñeko ziklo-sarean barna, eta abiapuntua eta helmuga Gazteluko plazan izanen da. Ibilaldien gidaria Jesús Sukunza izanen da, AMTS (Garraiobide Osasungarrien Elkartea) fundazioko kidea, eta gainera hirian zirkulatzeko oinarrizko ezagutzak irakatsiko ditu. Larunbatean, iparraldean ibiliko dira Alde Zahar, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxurin barna, eta igandean, hegoaldean, Zabalgunea, Donibane, Mendebaldea, Iturrama eta Lezkairun. Ibilaldi horietarako izena aurretik eman behar da 010 telefonoan.

Mugikortasun elektrikoak bere tokia izanen du Premin de Iruña pasealekuan, ibilgailu elektrikoen eta kargagune-sarearen erakusketa batekin. Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteak (IEEE-AUVE) eta hainbat kontzesionariok ehuneko ehunean elektrikoak diren ibilgailuen berritasunak erakutsiko dituzte, eta Vilalta enpresak, Iruñeko hamasei kargaguneren esleipendunak, zerbitzuaren jarduketa azalduko du eta karga-erakustaldiak eginen ditu. Parte hartzaile guztiek interesdunen kontsultei erantzunen diete. Jarduera hori larunbatean eginen da, 11:00etatik 14:00etara.

Ingurumeneko bizikleta-ibilaldiak eta 1.000 parte hartzaile inguru haurrendako bizikleta-martxan

Datorren asterako ingurumeneko hiru bizikleta-ibilaldi antolatu dira hiriko parke eta lorategietan edota hiri-baratzeetan barna, Etxabakoitzekoa kasu. Arratsaldez izanen dira, 17:30 etik 19:30era, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Horietako bakoitza biologian, ornitologian edo agronomian adituek gidatuko dute.

Astelehenean Munduko parkea izanen da abiapuntua, Arantzadi, Runa eta Trinitariosko parkeetan barna ibiltzeko, Gabriel Berasategi biologo eta ornitologoaren eskutik, bertako flora eta fauna ezagutzeko. Asteartean gidari eta helburu berarekin, Planetarioa izanen da abiapuntua, bizikletaz igarotzeko Yamaguchi parkea, Nafarroako Unibertsitateko campusa eta NUPeko campusa. Asteazkenean bisitak Etxabakoitzeko hiri-baratzea eta NUPen praktiketako lursaila izanen ditu ardatz. Julio Altadill plazatik abiatuko da, Ermitaldea elkartearen eta Natxo Irigoien NUPeko agronomoaren laguntzaz.

Irailaren 22an, asteazkenarekin, Autorik Gabeko Europar Egunean, 09:00etatik 14:00etara, haurrendako bizikleta-martxa eginen da ‘Bizikleta Eskolan’ programaren ospakizun jardunaldi gisa. Programa horretan parte hartzen duten ikasleek bizikleta-ibilaldi bat eginen dute elkarrekin ikastetxe bakoitzetik hasi eta Ziudadelara heldu arte, zeina bizikletan doazen haur guztien topaleku izanen baita. Iruñeko hainbat ikastetxetako 10 eta 14 urte bitarteko mila ikasle inguruk parte hartzea espero da, irakasleek, bizieskola programako teknikariek eta Udaltzaingoak lagunduta.

Helduendako bizieskolak

Europako Mugikortasunaren Astearen barruan eginen dira bizieskoletako ikastaroak. Bihar, ostegunarekin, bukatuko da irailaren 13an (astelehena) hasitako lehen txanda. Hastapen-mailan hiru talde izan dira bizikletan ibiltzen ikasi nahi dutenentzat, eta trebetasun-mailan, beste hiru, bizikletan ibiltzen badakitenentzat, baina sakontzen jarraitu nahi dutenentzat. Eskolak Ingurumen Hezkuntzako Museoan eta inguruko kanpoko guneetan eman dira.

Datorren asteko (irailaren 20tik irailaren 23ra, astelehenetik ostegunera) bizieskolako saioetan izena emateko epea irekita dago oraindik. Hastapen-mailarako talde bat ezarri da, trebetasun-mailarako beste bat, eta hirugarren maila bat ireki da zirkulaziorako, bizikletan ibiltzeko ezagutzak eta praktika handitzen jarraitzeko. Saio guztiak goizez eginen dira, Ingurumen Hezkuntzako Museoan ere. Izen-emateak 010aren bidez egin behar dira.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren saria

Iruñeko Udala saritua izan da bizikleta eguneroko garraiobide osasuntsu eta ez-kutsagarri gisa sustatzeagatik eta, zehazki, Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sare bat ezartzeagatik, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko praktikan jarri dituen neurri integratuen sortaren barruan (ziklo-sarea hobetu eta zabaltzea, aparkalekuen hornikuntza hobetzea eta prestakuntza iraunkorra).

Sari hori Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eman dio, 2019ko irailetik 2020ko irailera ziklisten mugikortasunari emandako bultzadagatik. 2021EMA honetan aurreko urtean eta aurten pilatutako sariak banatuko dira, ‘neurri iraunkorrak’ direla eta. Neurri iraunkorrak egun hauetako ospakizun-ekitaldiez gain, hirian ezarrita geratzen direnak dira, eta beste urrats bat dira garraioaren eta mugikortasunaren jasangarritasunerako hiri-eraldaketan.

Iruña aldaketa horren buru izaten ari da, 'Go Green Pamplona' trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiak ezarritako CO2 isuriak murrizteko helburuekin bat.

¿Te ha sido útil esta página?