Iruñean, maiatzaren 23tik ekainaren 6ra bitarte, hiru musika-jaialdi eginen dira Ziudadelako barrutian

Iruñean, maiatzaren 23tik ekainaren 6ra bitarte, hiru musika-jaialdi eginen dira Ziudadelako barrutian
Iruñeko Udalak lankidetza formalizatuko du hiru jaialdien sustatzaileekin hitzarmenak sinatuta

Iruñeko Ziudadela hiru musika-jaialdiren agertoki izanen da berriz ere hurrengo udaberrian. Maiatzaren 23tik uztailaren 6ra bitarte eginen dira, eta Iruñeko Udalaren lankidetza izanen dute, izan ere, Udalak prozedura bat ireki zuen urrian, 2026ko udaberrian Ziudadelan eginen ziren musika-proposamenak ezagutzeko. Iruñeko Udalak lankidetza formalizatuko du hiru jaialdien sustatzaileekin hitzarmenak sinatuta.

Prozedura horren bidez, Mad 4 Live plataformak sustatutako Dantz Point jaialdia eginen da maiatzaren 23an, larunbatarekin; Irufest produkzioak enpresak sustatutako Iruña Rock, maiatzaren 29an eta 30ean eginen da, eta Last Tour sustatzailearen En Vivo jaialdia, ekainaren 5ean eta 6an. Sei proposamen jaso ziren guztira, eta hiru alde batera utzi ziren eskatutako datak betetzeko ezintasunagatik eta Ziudadelako kultur programazioaren ildoarekin bat ez etortzeagatik. Iruñeko Udalak aurkeztutako proiektuak aztertu eta hiriarendako duten interesa baloratu du, bai eta proposatzen dituzten musika-estiloen aniztasuna ere, alorraren aniztasun-helburuekin bat eginez.

Iruñeko Udalak urriaren 10ean iragarki bat argitaratu zuen Nafarroako Kontratazio Atarian, ekimenak ezagutu eta tokiko enpresa sustatzaileekin elkarlanean Ziudadelan formatu txikiko eta ertaineko musika-jaialdiak antolatu ahal izateko. Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak azaldu du lankidetza hori modu honetan zehaztuko dela: Udalak jaialdiak antolatzeko beharrezkoa den azpiegitura-kostua bere gain hartuko du, eta sustatzaileak kontzertuen eta ikuskizunen programa egiteaz arduratuko dira.

Helburuak eta azpiegiturak
Iruñeko Udalak, Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorraren bidez, besteak beste honako konpetentzia hauek ditu: kultura sustatu eta hedatzea eta hiri-espazioa xede kulturalekin indartzea, kolektibo profesionalen kultur jarduerak indartu eta sustatzea, sormena sustatzea eta arte plastikoen, antzerkiaren eta musikaren adierazpen garaikideak hedatzea.

Lankidetza horren barruan, Iruñeko Udalak jaialdiak egiteko honako azpiegitura hauek instalatzeko konpromisoa hartu du: estalkia duen 14x12 metro inguruko agertokia; kamerinoendako bi modulu garden eta txarteldegiendako modulu garden bat; publikoarendako komunak (gehienez ere 5.000 lagunendako lekua egonen da jaialdi bakoitzean) eta itxitura bat ekitaldia eginen den eremua inguratzeko. 
Jaialdiak antolatzeko beharrezkoa den azpiegituren kostua 52.000 euro ingurukoa da, BEZa barne.


JAIALDIAK UDABERRIAN, ZIUDADELAN. MAIATZAK 23 – EKAINAK 6

•    DANTZ POINT. 2026ko maiatzaren 23an
o    Dantz Point Ziudadela helburu publiko, artistiko eta soziala duen musika elektronikoko kultur ekitaldi bat da. Askotariko programazio orekatua eta kalitate artistiko altukoa du, eta tokiko, estatuko eta nazioarteko artistak arituko dira.

•    IRUÑA ROCK JAIALDIA. 2026ko maiatzaren 29an eta 30ean 
o    Iruña Rock rock musikako jaialdi ezaguna eta finkatua da: 2017. urtetik egiten da Iruñean. Estiloei dagokienez, punka, rapa, hard-rocka eta countrya biltzen ditu, eta Ziudadelan mota guztietako musikaz gozatzeko aukera izatea du xede. 

•    ENVIVO. 2026ko ekainaren 5ean eta 6an
o    Envivo indie, pop eta rock estiloak ardatz dituen jaialdia da. Estatu mailako artista berriak eta errotuak biltzen ditu askotariko musika-esperientzia kartsua eskaintzeko.
 

 

Iruña rock
¿Te ha sido útil esta página?